Euskararen Egunaren inguruko ekimenak

28/11/2017
Card image cap
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta aste osoan zehar hainbat ekimen egongo dira martxan Arrasaten. Aurtengoan, indarrak bildu nahi ditugu, indarrak bildu aurrerantzean elkarrekin erronka berriei aurre egiteko. Arrasate euskaldunago bat nahi dugu eta 2018an norabide horretan urrats garrantzitsuak ematera goaz. Euskal hiztunen aktibazioa helburu, EUSKARALDIA 11 egun euskaraz ekimena abiatuko dugu.

Bide hori elkarrekin egin GEIKE, haurrekin, gazteekin, helduekin, euskaratik gertu eta horren gertu ez daudenekin, …  horretarako lehenengo pausuak aste honetan bertan emango  ditugu.

Asteazken eta ostegun arratsaldean mural kolektibo bat margotuko dugu. 14.30etatik 18.00etarako tartean arratsaldero eragile desberdinetako kideak elkartuko gara pintzelak hartu eta elkarrekin horma irudi eder bat osatzeko. Ekimen hau herritar orori dago zabalik,  animatuko zara? Hitzordua Udaltzaingoa, Txatxilipurdi Elkartea eta Ereindajan pareko parkean egingo dugu eta euria eginez gero Elkartearen alboan dagoen garaje handian. Zatoz!

Ostiralean, hainbat ikastetxetan ekintza bereziak egingo dituzte, tartean euskararen egunerako kaxez osatutako horma irudiak. Euskaltegietan ere izango dute zer ospatu;  AEKn “euskara gehiago egiteko zer egin geike” esaldiak-konpromisoak landuko dira klaseetan eta gero txapak egingo dituzte, horiek aldarrikatzeko. Udal Euskaltegian mintzodromoa eta txokolatada egingo dituzte. Bestalde, ludoteketan  altxorraren bila ibiliko dira herriko kaleetan zehar eta txokolate beroa hartuaz amaituko dute eguna.

Arratsaldeko 18:30ean Zahar Berriren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldia egongo da Kulturaten.  Ekitaldi umoretsua izango da, urte hauetan zehar mintzapraktiketan ibilitakoak omentzea helburu izango duena.

Larunbatean, Gaztetxokoetako nerabeek arratsalde osorako egitaraua antolatu dute: URBAN FESTA!

  1. 17:00etan AURKEZPENA
  2. 17:30ean PARKOUR erakustaldia
  3. 18:00etan BOKABEATS BEATBOX KOMEDIA
  4. 19:00etan DJ Aimar

Igandekoa izango da ekitaldi nagusia: EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

  1. 11:00etan SCOOTER txapelketa
  2. 12:30ean KONPARTSAREKIN ETA GAITEROEKIN KALEJIRA Seberotik
  3. 13:00etan BERTSO-RAP emanaldia ANEGURIA eta OIHANA ARANArekin
  4. 13:30ean EUSKARAREN PLAZAREN inaugurazioa

Ekimen guztiak Udaltzaingoa, Txatxilipurdi Elkarte eta Ereindajan parean dagoen plazan izango dira. Euria eginez gero, murala Txatxilipurdi alboan dagoen garajean margotuko dugu eta gainerako ekitaldiak Biteri Plazan burutuko ditugu.

Elkarrekin egin GEIKE Arrasate euskaldunago!

GEIKE osatzen dugu: Ekin; Emun; Udal Euskaltegia; Goiena; Txatxilipurdi; Euskal Herrian Euskaraz; Arrasateko Udala; Arrasate Institutua; AEK; Arizmendi Ikastola; Mondragon Unibertsitatea; Arrasate Herri Eskola; AED; eta zuk!!!