Gesalibar auzoko baserri bide bat mugitu da euriteen eraginez

24/02/2015
Card image cap
Parraia, San Jurgi, Zabolain, Atxabal eta Etxebarri baserrietara doan bide hau negu-udaberrian zehar itxiko da, eta ahal bezain azkar itxiko da bertan agertu den pitzadura

Parraia pitzaduraParraia pitzaduraDuela bizpahiru aste atzeman zuten aipatutako bidean alderik alde zeharkatzen duen pitzadura bat zegoela eta Udal teknikari bat izan zen berton egoera aztertzen. Haren esanetan, bidea eta gaineko zein azpiko lursailetan izan da lur mugimendua. Pitzadurak gutxi gora-behera 9 zm-ko zabaleroa dauka, bere zabalerarik handienean.

Garrantzizko interbentzio bat egin ezean, une honetan ez dago jakiterik bideak izandako mugimenduaren larritasun maila zein den. Segurtasun kontua izanik, ahal bezain azkar itxiko da agertu den pitzadura eta, era berean, atzoko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuten Parraia, San Jurgi, Atxabal, Zabolain eta Etxebarrira  doan bidea ixteko proposamena. Itxitura egingo da Biziola baserriaren alboan.

Printzipioz, bidea  negu eta udaberrian zehar itxiko da,  garai horretan egoeraren jarraipena eginez. Ondoren, garai lehorrean, eta bideak izan duen eboluzioaren arabera, azterketa tekniko zehatza egin eta erabakiko da zer egin.

Aipatutako baserrietara joateko bide alternatibo bat dago,  Atxabalpe eta Garagartzako harrobiko bidetik. Hemen mapa.