Alokairu sozialen legedia berraztertu eta egokitzeko eskatu dio Arrasatek Eusko Jaurlaritzari

2017/10/19
Irabazik, Baleikek, PSEk, EH Bilduk eta EAJk sinatutako eskaerak Alokabidek kudeatutako etxebizitza parke publikoari egiten dio erreferentzia, egungo baldintzetan ia ezinezkoa egiten baitu etxebizitza publikora sarbidea izatea edota horien gastuei aurre egitea

Gaur egun Arrasateko hainbat familiek arazo larriak izan ohi dituzte beren etxebizitzen alokairu gastuei aurre egiteko. Kasu honetan, ordea, etxebizitza horiek, alokairu sozial gisa Alokabidek kudeatzen dituen etxebizitza publikoak dira. Egoera horren aurrean, Arrasateko Udalak bere kezka azaldu du: “Arrasatear horiek bizi duten egoera oso kezkagarria iruditzen zaigu, ez baitago gaur egun benetako beharra duten pertsona horien errealitatera egokitzen den programa edota alokairu sozialik”, azaldu dute Udaletik.

Izan ere, etxe-gabetzeak ekidite aldera, azkenaldian Arrasateko Udalak bere gain hartu behar izan ditu Alokabideko maizter diren zenbait lagunen gastuak, egungo baldintzetan ez dutelako alokairuari aurre egiteko baliabiderik.

Hori dela eta, egungo egoeraren jakitun, behar gehien duten pertsonen mesedetan erabakiak hartu eta beharrezkoak diren araudi aldaketa edo egokitzapenak ahalik eta azkarren egitea eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari, modu honetara haien ongizatea bermatu eta egungo pobrezia zein gizarte bazterkeria egoerak ekiditeko. “Eusko Legebiltzarrak egoera horiei aurre egiteko hainbat neurri onartu zituen 2014an, baina orain Jaurlaritzari dagokio horiek abian jarri eta betearaztea”, adierazi dute Udaletik.

Ildo horretan, alokairu errenta bizikidetza unitatearen diru sarreren %30a baino altuagoa ez izatea eskatu dio Udalak (tasak eta komunitate gastuak barne). Bide beretik, errenta urtero berraztertzea edota maizterrek komunitate gastuen kudeaketan zuzenean parte hartu ahal izateko bideak aztertu eta jorratzea ere eskatu dio. Azkenik, Lanbideren giza baliabideak indartzea ere proposatu dio Udalak Jaurlaritzari, horrela, Alokabideko maizterrek haien familia unitatearen kudeaketa ekonomikoa latzeko aukera gehiago izan ditzaten.

“Pertsonak eta kasu honetan arrasatearrak izanik Udal honen lan ardatz nagusia, gure ardura da haien beharrei erantzun eta guztien ongizatea bermatzea. Bide horretan, eskaera eta neurri horiek ezegonkortasun eta gizarte bazterkeria egoerei aurre egitea dute helburu, modu honetara, behar gehien duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko”, amaitu dute Udaletik.