Duintasunaren Kolunbarioaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du Arrasatek

2017/01/31
Ekitaldian egon dira Arrasateko alkatea, Irabazi taldeko bozeramailea eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak, zeintzuk, gorpuzkinak hobiratzeko kaxa bana eraman duten

Kolunbarioaren inaugurazio ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, memoria arloko Euskadiko elkarte ugari eta zenbait Udaletako ordezkariak ere, horien artean Arrasateko alkatea Maria Ubarretxena eta Irabazi taldeko bozeramailea, Juan Luis Merino. Halaber, ekitaldian parte hartu dute ere Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak, Rosario Ruiz de Alegria eta Esther Goikoleak.

Duintasunaren kolunbarioa deituriko hau 1936ko gerran desagertu ziren pertsonen atseden lekua da, biktima haien guztien duintasuna errespetatzeko eta omentzeko espazioa, alegia. Horiek horrela, gaurko ekitaldian guztira 27 lagun ehortzi dituzte urte ugari desagerturik pasa ostean, azkenik merezitako atsedena har dezaten.  Horien artean, ordea, 2 lagun soilik identifikatu dira eta gainerako 25 pertsonen artean Kurtzetxikin agertutako 2 lagun arrasatearren gorpuzkinak daudela jakin ahal izan du Udalak.

Gauzak horrela, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideek eta Udal ordezkariek, kaxa bana eraman dute kolunbariora gorpuzkin horiek hobiratu ahal izateko, biktimei merezitako atsedena emateko eta errespetuz omendu eta duintzeko. Izan ere, Udalak ezinbestekotzat jotzen du 1936ko gerran herriak eta bereziki herritarrek pairatutakoa gizarteratu eta ezagutzera ematea eta are gehiago, herriaren alde haien bizia eman zutenen memoria oroitu eta biktima guztiak duintzea.  Halaber, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideek ere urteak daramatzate memoria historikoa berreskuratzeko lanean eta ibilbide horretan hainbat ekimen eta ekintza burutu dituzte dagoeneko, Gerra Zibileko gertakariak argitu, islatu eta biktimen bizipenei ahotsa emateko, alegia.

Duintasunaren kolunbarioan gainera, Iñigo Arregi arrasatearrak diseinatu eta egindako “Duintasuna” eskultura jarri da. Arregiren diseinuak, xafla bat bestearen gainean ezarriz, hutsuneen bitartez, ez dauden pertsona, lagun edo senitartekoak sinbolizatzen ditu, galdutakoen duintasuna eta memoria berreskuratuz.

 

Iragana gaurkotuz

 

Elgoibarren zabaldu den kolunbarioa, Eusko Jaurlaritzaren Memoria Historikoaren arloko 2015-2016ko Lehentasun Oinarri Programan jasota dauden 12 proiektuetako bat da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak helburu du Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilau eta identifikatzea eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera horretan lan egiten jarraitzea aurreikusi du, gutxienez, 2020ra arte.