Erresuma Batuko Espainiako enbaxadorearen bisita jaso du Arrasatek

2017/03/09
Haren egonaldian Brexitaren prozesuaren nondik norakoak azaldu zaizkie Erresuma Batuan interesak edota enpresa jarduerak dituzten Mondragon kooperatibako kideei. Halaber, MU bisitatu du Arrasate eta Britainiako unibertsitateen arteko elkarlan harremanak estutzeko.

Erresuma Batuko Espainiako enbaxadore Simon Manley eta Bilboko Britania Handiko kontsul Derek Doyle Arrasaten izan dira. Bisitaldi hori enbaxada britainiarrak herrialdearen inguruko informazioa helarazi eta Erresuma Batuaren eta Estatuko hegoaldearen arteko harreman komertzialak bultzatu eta indartzeko martxan jarri duen ekimenaren baitan kokatu da. Halaber, Brexitaren nondik norakoak ezagutu eta prozesuaren ondorioek gure herrialde eta eskualdeko enpresetan izan ditzaketen eraginen berri jasotzeko baliagarria izan da haien egonaldia.

GREAT bus deritzon autobusarekin Espainia hegoaldeko hainbat herrialde bisitatu ditu enbaxada britainiarrak eta gaur Arrasateren txanda izan da. Ekimen horren bitartez, Erresuma Batuko unibertsitate edota helmuga turistikoen inguruko informazioa zabaldu nahi du enbaxadak, baita enpresa arloan Erresuma Batuak aurkezten dituen aukerak ezagutzera eman ere.

Horiek horrela, GREAT bus-ak Brexitaren eta honen eragin nagusien berri eman die gaur Erresuma Batuan interesak dituzten Mondragon kooperatibako kideei, prozesuaren inguruan sortu daitezkeen ondorioek haien enpresa jardueretan izan ditzaketen eraginen aurrean nola jokatu jakin dezaten.

Era berean, enbaxadore eta kontsula Maria Ubarretxena Arrasateko alkatearekin bildu dira, besteak beste, etorkizunaren, Arrasateko mugimendu kooperatibistaren eraginaren, tokiko ekonomiaren edota Erresuma Batuarekin lan egiteko aukeren inguruan Udalak duen ikuspuntua ezagutu ahal izateko. Horren harira, Udalak Liverpooletik gertu dagoen Preston hiri industrialaren ordezkari nagusien bisita ere jaso zuen duela gutxi, hain zuzen, harremanak estutzeko helburuarekin.

Bestalde, enbaxadorea MUn ere izan da, Arrasate eta Britainiako unibertsitateen arteko elkarlan harremanak estutzeko helburuarekin. Horretarako, enbaxada britainiarrak sustapen-autobusa eraman du MUra, Britainiako unibertsitateen inguruko informazioa eman duena egun osoz.