Gorostizako haur jolas parkea estaltzeko proiektua onartu du Udalak

2016/06/16
Card image cap
“Biark Studio, SLP” enpresak aurkeztu duen proiektua izan da jendearen boto gehien lortu duen aukera

2015. urteko bukaeran Udalak martxan jarri zuen Gorostiza parkea estaltzeko parte hartze prozesua, hainbat bilera eginez interesatuekin, web orrian iradokizunak bilduz eta hurrengo fase batean aukera ezberdinak aurkeztuz herritarrei, hauek gustukoena aukeratu zezaten.

Horien artean “Biark Studio, SLP” enpresak aurkeztutako “Zuhaitzak” proiektua izan zen bozkatuena, eta hori izango da, hain zuzen ere, aurrera eramango den proiektua. Irizpideetariko bat ekintzaren gehienezko aurrekontua 180.000 €ak (BEZ gabe) ez gainditzea zen, baina parte hartze prozeduran sartutako bi osagarriri, besteak beste, gaur egun banatuta dauden bi kautxozko lur eremuak batzea eta parkearen alde batean hesi bat ipintzea onartu eta gero, 5.379,38 €ko igoera onartu da, eta guztira 185.379,38 €koa (BEZ gabe) izango da aurrekontua.

Beraz, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du “Gorostizako haur jolas parkea estaltzeko proiektua eta dagozkion obrak” kontratatzeko prozesua abian jartzea, esleipen irekia bidez.