Igerilekua zabalik berriz

2017/11/22
Card image cap
Arrasateko Udaleko Kirola Sailak gaur goizeko 08:30tan jaso ditu barruko igerileku handiko uraren azken analisien emaitzak eta hauek zuzenak direla ikusirik, igerilekua berehala zabaltzea erabaki da. Egindako desinfekzio lanek beraz bete dute bere helburua eta aurreikusi baino egun bat lehenago zabaldu ahal izan da igerilekua

Musakolako Kiroldegiko igerilekuetan hilero egiten diren ohiko analisien ondorioz, igerileku handia itxi egin behar izan zen aurreko astean desinfekzio sakon bat egin ahal izateko, bertan agertu zen bakteria baten ondorioz. Horretarako igerilekua hustu egin zen eta garbiketa egin eta gero, berriz bete eta ura berotzeko prozesuari ekin zitzaion. Astelehenean etorri ziren uraren analisiak berriz ere egitera eta berauen emaitza gaur goizeko 08:30tan jaso ditu Kirol Zerbitzuak. Emaitzak ezin hobeak dira, Pseudomona bakteria desagertu dela adierazi baitute, egindako desinfekzio lanek euren helburua bete dutela argi utzirik, eta hori ikusita, igerilekua berehala zabaltzea erabaki da, hau da, aurreikusten zena baino egun bat lehenago.

Erabiltzaileentzat sortu diren eragozpenak ikusirik, igerilekua itxita egon den egunetan Aretxabaleta, Bergara eta Eskoriatzako Udalekin adostu zen Arrasateko igerilekuko abonatuak herri hauetako igerilekuetara joateko aukera eduki ahal izatea, eta aukera hori  gaurko egunean ere edukiko dute oraindik.

 

Dutxatzeko kanpaina 

Egun hauetan zehar asko izan dira igerilekuan irten den bakteria zein motatakoa zen jakin nahi izan dutenak. Eta hauek nola ekidin ahal diren ezagutu nahi izan dutenak.

Igerilekua ixtera behartu duen bakteriaren izena Pseudomona da, gizakien gorputzean (axiletan eta genitaletan) aurki daiteke, berauek garraiatzen dute eta leku hezeak oso aproposak izaten dira bakteria hauek hazi eta ugaltzeko. Oso erresistentea den bakteria bat da, baina berez, ez du ezer larririk sortzen gizakiarengan, beti ere, honek aurrez gaixotasun larriren bat ez baldin badauka.

Pseudomona beraz, gure egunerokotasunean ohikoa den bakteria bat da, eta berau ekiditea ez da bat ere erraza, baina oso lagungarria da lan horretarako igerilekura sartu aurretik dutxa on bat ematea, batez ere izerdituta (kirola egin ondoren edota sauna hartu eta gero eginda adibidez) iristen bazara bertara. Igerilekura sartzerako orduan gorputza zenbat eta garbiago eduki, bertako uretan bakteriak sartzeko orduan eta aukera gutxiago egongo dira.

Hau dela eta, datozen egunetan, kanpaina txiki bat jarriko da abian Kirola Sailetik igerilekura sartu aurretik dutxa hartzeak duen garrantziaz jendea jabetu dadin.