Maiatzaren 22an frankismoaren inguruko hitzaldia eskainiko da Arrasaten

2017/05/19
Card image cap
Solasaldia Loramendi gelan izango da arratsaldeko 19:00etan eta Juan Ramon Garay eta Josu Ibargutxi izango ditu hizlari

Aurten 80 urte bete dira tropa frankistak Gipuzkoako hainbat udalerri indarrez hartu zituztenetik eta gertakari horiek eta frankismo garaia ardatz hartuta, Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean, hitzaldia antolatu du Udalak, garaiko gertakariak ezagutzera emateko. Hitzaldi hau udaleko talde politiko guztiek adostutako ekintzetako bat da herritarren memoria historikoa berreskuratu eta hori ezagutzera emateko.

Solasaldia datorren hilaren 22an izango da Loramendi gelan arratsaldeko 19:00etan eta Juan Ramon Garay eta Josu Ibargutxi izango ditu hizlari. Bertan, garaiko gertakarien eta frankismoak eragindako indarkeria eta errepresioaren inguruan mintzatuko dira. Era berean, garai hartan giza eskubideen aurka egin ziren krimenak salatu eta epaitzeko Euskal Herrian aurrera eramaten ari den prozesuaren berri ere emango da.

Izan ere, gaur egun, bidegabeko gertakari horietatik bat bera ere ez da epaitu, ezta haien erantzuleak ere. Hori dela eta, frankismoaren biktima askok nazioarteko auzialdietara jo behar izan dute haien eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko, horien artean, Argentinan sortutako frankismoaren aurkako kereilara, hain zuzen.

Egoera horren aurrean, Arrasatek bat egin du jada garai hartako gertakariak salatu eta epaitzeko frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataforma aurrera eramaten ari den ekimenarekin. Horiek horrela, eskualdeko epaitegietan kereila bat jartzeko konpromisoa hartua du diktadura frankistak eragindako giza eskubideen aurkako krimen guztiak ikertu eta epaitu daitezen.

“Erakunde publiko gisa, Udalaren betebehar nagusia da uneoro herritarren eskubide eta interesak babestea, baita haien eskubideen aldeko aldarrikapenean gure laguntza eskaintzea ere”, adierazi dute Udaletik.

Horrenbestez, herriko memoria historikoa berreskuratzeko ekimenak sustatzen jarraituko duela gaineratu du Udalak eta ildo horretatik, herritar oro eta bereziki  interesa duten arrasatearrak hitzaldian parte hartzera gonbidatu ditu, garaiko gertakarien ikuspegi zehatzagoa eta gertuagokoa jasotzeko aukera izan dezaten.