Ekonomia

Tornilleria

Erdi Aroaz geroztik metalurgia izan da eta da Arrasateko ekonomiaren ardatza; San Balerioko Kofradiaren lehen ordenantzek agerian uzten dute, XV. mendean, Udalerriak 1.900 biztanle inguru zituela eta haietatik gehienak aritzen zirela altzairua lortu eta transformatzeko lanetan. Mende askoan eskulangintzako produkzio eskema eta moduen arabera garatu zen jarduera hori.

XIX. mendearen bukaera aldera industria produkzioaren ereduak hartu ziren, eta tradizio metalurgikoa sarrailagintza eta burdingintzako artikuluen fabrikazioaren inguruan mantendu zen; garai hartan sortu eta garatu zen Unión Cerrajera lantegia, enpresa integral moduan, eta XX. mendearen zati handian herriko lan tokirik garrantzitsuena izango da. Azpimarratu behar da Unión Cerrajera enpresak gizarte obra garrantzitsuak sustatu zituela, hala nola, Ikastunen Eskola, Arrasateko geroko garapena ezarriko dituen ekimenen abiapuntua: Lanbide Eskola Politeknikoa, oraingo Mondragon Unibertsitatearen (MU) eta kooperatiba mugimenduaren beraren iturburua, azken mendearen erdialdeko ekonomiaren ikurra eta bastioia, izan ere, gure herria nazioarte mailan eredu antolaketa eta eredu sozioekonomiko horren erreferentzi gune bilakatu baita.

Gaurko egunean, Mondragon industria eta zerbitzuetako kooperatiben taldea, Arrasaten duelarik egoitza, zalantza barik Euskal Herriko enpresa talde handiena eta sendoena da. Udalerrian, Arrasateko lanpostuen %50 inguru talde horretako enpresetan daude. Gainera, estatuko kreditu kooperatiba handienaren egoitza soziala dago Arrasaten, Caja Laboral- Euskadiko Kutxa -arena, Mondragón taldekoa.

Arrasateren oraingo ekonomiaren panorama hauxe da sektore ekonomikoen arabera:

Lehen sektorea: ustiategi tradizionaletan artikulatua, baserrietan, udalerriaren ekonomiak sortzen dituen baliabide guztien %0,3 eskas egiten du. Zentsuan datozen nekazaritza eta abelazkuntzako ustiategiak 235 dira, eta horietan lan egiten dute guztira 50 lagunek, guztira lanean diharduten biztanleen %0,5. Baserriko jarduerarekin batera industrian ari dira lanean baserriko langile gehienak, eta horren ondorioz, joera dago abelazkuntzako ustiategi estentsiboak edo baso ustiategiak izateko, horien artean nagusi koniferoak.

Bigarren sektorea: Udalerriko ekonomia guztiari buruz %62ko garrantzi espezifikoa du, eta industriak lana ematen dio Arrasateko biztanleria okupatuaren %58 baino gehiagori. Metalezko produktuen fabrikazioa da nagusi, eta guztien gainetik etxeko tresna elektrikoen fabrikazioa, ekipamendu ondasunak, makineriarako osagaiak, automoziorako osagaiak, burdindegiko eta sarrailagintzako gaiak, industria jarduera osoaren %79. Arrasatek 166 industria enpresa du une honetan, eta horietatik %80k 15 langile baino gutxiago du, eta %3,5ek 500 langiletik gora du. Enpresa handi horiek, batez ere makineria eta etxeko tresna elektrikoen fabrikazioari emanak, udalerriko 12.000 lanpostu inguruen %50etik gora sortzen dute.

Hirugarren sektorea: Zerbitzuen garrantzia espezifikoa herriko ekonomian %37,5ekoa da, eta enpleguaren %41. Euskal Autonomia Erkidegoaren Elkartearen batez bestekoaren azpitik dago gure herriko hirugarren sektorea; sektore honetan enplegu ratioa %58,7koa da. Merkataritza azpisektoreari dagokionez, mila biztanleko 13,1eko merkataritza dentsitatea du Arrasatek, eta noizik behingo kontsumoaren ondasunen dendak dira gehienak (%61,3); hurbileko merkataritza, berriz apalagoa da (%38,5), eta horrek garbi asko erakusten du gure herriak eskualdeko buru izateko bokazioa duela. Azken urteotan, udalerrian merkataritza enpresa handiak ezartzearen ondorioz egindako presioa dela-eta kudeaketa era berriak sartzen hasi dira lehengo merkataritza eta zerbitzuak, dendak berritu egin dituzte, saltzeko moduan nahiz teknologia berriak sartu dituztelako, eta elkartegintza eta erosketa taldeen formulak hartu dituzte

 

 

Arrasateko datu sozioekonomikoen atlasa 2013