Jaiak

 
  • SANJUANAK

SanJuanakSua

Herriko jai nagusiak sanjuanetan ospatzen dira, ekainaren 23tik 26ra bitartean. Azken urteotan ekainaren 23an, San Juan bezperan, egiten den Errementari Dantzak lortu du arrakasta itzela... Errementari Dantza bukatzen da San Juan zortzikoarekin, dantzatzen dena San Juan suaren inguruan. eta bertan parte hartzen dute Arrasateko dantza taldeek, Arrasate Musikaleko musika bandak, Txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek, trikitilariek, albokariek eta txalapartariek. Ekainaren 26ra bitartean ekintza asko antolatzen da: danborradak, Dragoi Jana (herri afaria), musika eta dantza emanaldiak, haurrentzako ekintzak, antzerkia, dantzaldiak.


  • SANTAMASAK

Santamasak

Abenduaren 22an ospatzen da Santo Tomas Feria Arrasaten. Egun horretan nagusi dira baserriko produktuen salmenta eta erakusketa, lehiaketak (frutena, barazkiena), artisau langintzen erakusketa, herri kirolak, kalejirak,..


  • MARITXU KAJOI

 

Maritxukajoi

Maritxu Kajoi eguna da txikiteroen jaia, ospatzen dena 1977tik aurrera urriko lehen egubakoitzean. Erdiko Kalean kokatzen den Maritxu Kajoi da Errosarioko Amabirjinaren irudia, txikiteroen zaindaria, Erdiko kalean dagoena. Egun horretan ohitura da dotore jantzita irtetea.


  • AUZOETAKO JAIAK

Herriko auzoetan eta kale bitan jaiak ospatzen dituzte, jai egitura zabalarekin, eta haurrentzako jolasak eta musika ere ez dira falta. Hona hemen auzoak eta jaiak noiz ospatzen dituzten:

 - Urtarrilaren 29an, Meatzerrekan San Balerio
 - Otsailak 5, Gesalibarren Santa Ageda
 - Maiatzaren 1ean, San Andres auzoan San Andres
 - Maiatzaren 15ean, Musakolan San Isidro
 - Uztailaren 18an, Santa Marina auzoan Santa Marina
 - Uztailaren 22an, Maalako Errebalean Maria Magdalena
 - Uztailaren 26an, Ferrerias kalean Santa Ana

 - Uztailaren 31n, Kanpanzarren San Inazio
 - Abuztuaren 3an, Udalan San Esteban
 - Abuztuak 24, Uribarrin San Bartolome
 - Irailak 29, Garagartzan San Migel
 - Abenduak 10, Bedoñan Santa Eulalia

 

  • TRADIZIOAK

Santa Agueda

Santa Ageda eguna

Otsailaren 5ean da. Bezperan, hilaren 4an koroak kalera irteten dira kantuan diru eske. Santa Agedako koplak abesten dituzte, eta lortutako dirua ongizaterako izaten da.


San Nikolas

San Nikolas abenduaren 6an ospatzen da. Goizean haurrek kalez kale San Nikolas kantua abesten dute, eta etxeetatik eta Udaletxeko balkoitik bolo-boloa egiten da: gaztainak, intxaurrak, gozokiak, litxarreria, txanponak, ... hona kantua gaur egun herriko neska-mutikoek abesten dutena:

San Nicolas Coronado

Arzobispo Mariandres
A la Luna, noche y día
Etxeko andre noblia
Egizu, egizu pilia
San Nikolas, triskilistras
Dame una castaña y no quiero más
Aquí estamos cuatro, cantaremos dos
Para San Nicolas, por amor de Dios
Belengo Portaleko ate zabaletan
Hotzak ikaraz dago
Jesus laztoetan. (bis)
Angelitos somos suspi-suspiramos
Lukainka, txorizo
(Neskai) (Mutilai) bapez
(Mutilai) (Neskai) dana