Ondarea

 

Ondare zibila

  • ARRASATEKO ALDE ZAHARRA

Alde Zaharra

Arrasateko hiribildua harresi batek inguratzen zuen antzina, eta -argazkian ikusi daiteken bezala- forma obalatua dauka, Erdi Aroko hiribildua da eta. Hiribilduaren barnealdera sartzeko, bost ate genituen hasiera batean; baina gaur egun hiru kontserbatzen dira: Portaloiko atea, Zurgin kantoikoa, zaharrena, eta Kontzezinoko atea. Gauero itxi eta goizero zabaltzen ziren, eta suteetan itxi egiten zituzten, bertako biztanleriak sua itzungitzen laguntzeko.

  •  UDALETXEA

Udaletxea

Herriko plazan dago XVII. mendeko eraikuntza barrokoa. Martin Karrera arkitektoaren lana da, 1756. urtean eraikitzen hasitakoa. Harlanduz eginiko eraikuntza honen behe oina 5 arkuk osatzen dute. Udaletxearen erdialdean burdin sarez eginiko balkoi handi bat dago, eta goraxeago, ongi zentratua, frantses rokoko estiloaren eragineko herriko armarria dago. Barnealdean ere gauza interesgarriak daude. Adibidez, erdialdean eskailera nagusia, harmaila bakoitza harrizko pieza bakarrean landua, eta bilera gelan dagoen egurrezko lan guztia.

  •  ANDIKANO-LOIOLA JAUREGIA

Andikano

Udaletxe ondoan, jauregi bat dago, XVII. mendekoa, herreriano estiloan egina. Harlanduzko aurrealdea eta familien armarriak erdi ezkutatuta uzten ditu egurrezko galeria batek, sasi gotiko erara egindakoa.

  •  BAÑEZ DE ARTAZUBIAGA JAUREGIA

Artazubiaga

XVI. mendean eraikia, Iturriotz kalean dago, parrokiatik urrean. Oñatiko jaun gebaratarren menpe ez egoteko, Bedoñan zuten dorretxea erre eta hiribildura jaitsi ziren. Bañez de Artazubiaga familiarena zen. Harlanduz eginiko jauregi honen aurrealdean armarria ikusiko dugu, gertatutakoaren adierazgarri. Ate gainean latinez idatzitako esaldiak honela dio: "Solus labor parit virtutem; sola virtus parit honorem" (Lana da soilik bertutearen iturri,;bertuteak soilik sortuko du ohorea). Balkoiak burdin forjatuz eginikoak dira, eta etxea kolomaz apaindurik dago.

  • OKENDO JAUREGIA

Okendo

Maalako errebalean kokatua, XVII. mendeko eraikuntza honek ere harlanduzko aurrealdea dauka. Herreriano barroko estiloko jauregi honek burdin sarez apaindutako balkoiak ditu, eta Barrutia familiaren armarria ere bai.

  •   MONTERRON JAUREGIA

Monterron Jauregia

Jauregi hau, XVII. mendekoa, Zarugalde kalean dago. Estilo barroko-herrerianokoa da. Soila eta apaindura bakoa. Fatxada nagusian armarri bi daude: Andikano-Zelaa alde batetik eta Aranguren-Unzueta bestetik. Jauregia Monterrongo konteek eraiki zuten, bai eta haren atzealdean dagoen parke ederra ere. Bertan dago "sequoia erraldoi" ikusgarria, Gipuzkoako zuhaitz babestuen artean sailkatua.

 Ondare erlijiosoa

 

  • JUAN BATAILATZAILEA DEUNAREN PARROKIA

San Juan Eliza

Herriko plazatik mugitu barik eta udaletxearen pare parean, eliza bat daukagu, gotiko garaikoa (XIII-XIV), 1990eko hamarkadan zaharberritua. Kanpandorrea, berriz, geroagokoa da, XVI. mendekoa. Hiru nabez osatua, koloma klasikoak eta ganga oso altuak ditu eraikuntzak. Barruan, gotiko garaiko egurrezko aulkiteria bat dago, baina dituen zati batzuk XV. mendekotzat jotzen dira. Hiru atondo ditu, soil-soilak, apaingarririk gabekoak: sarrera nagusia (Kontzezinoko kantoia eta Zurgin kantoia elkartzen diren lekuan), eta beste biak alde bakoitzean (Erdiko kalean eta Iturriotzen). Gaur egungo sarrera nagusia berriena da, hasiera batean ez baitzegoen kantoi biak elkartzen dituen arkupea. Elizako hormak leihatila gotikoz hornituta daude, eta kanpotik samur ikusi daitezke abere mitologiko tankerako gargolak.

  •  SAN FRANTZISKO ELIZA ETA KOMENTUA

San Frantzisko Eliza

Lehen kapera XVI. mendean eraiki zen, nahiz eta gaur egungo elizaren egitura XVII.ekoa izan; beraz, herrerianotzat jo daiteke. Frai Migel Aranburuk eginiko eraikuntza erlijioso honen aurrealdean, fundatzaileen armarriak daude: Araoz eta Uriarterenak. Barrualdean, berriz, “churrigueresco” estiloko erretaula dago, intxaur eta gaztaina egurrean egina. Ezkerraldean, errenazimendu garaiko gurutzatutako jaungoikoa dago.