Gauzatutako proiektuak

2018rako aurrekontuetarako herritarrek hainbat proiektu aukeratu zituzten

TXIKI TXOKOA

Txikitxoko bat sortzea izan zen partaidetzazko aurrekontuetan bozkarik gehien jaso zituen proposamena, 643 bozka, hain zuzen ere, eta horretarako gorde ziren 15.000 euro 2018ko aurrekontuetan.

txikitxoko

Abenduaren 4ean martxan jarri zen. Txikitxokoa, haur txikiak dituzten familiei zuzendutako aisialdi gune bat da, haurrak gurasoekin batera jolasteko gune bat. Printzipioz, 0-6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei irekita dago eta 2018ko abenduaren 4ean zabaldu zituen ateak. Txikitxokoa martxan jartzeko, lokal bat egokitu zuen Udalak Maalako Errebala kalean, Okendo Jauregiaren beheko solairuan eta egunero dago irekita , goiz eta arratsaldez, 9:00tik 14:00ra eta 16:00tik 20:00ra. Jolasteko gune bat izateaz gain, edoskitzeko espazio egoki bat ere izan daiteke, baita gurasoen arteko harremanak eta elkartrukea sustatzeko ere. Gurasoak dira txikitxokoaren funtzionamendu egokirako gakoa, eurak baitira elkarbizitza zainduko dutenak. Udala arduratuko da lokala ireki eta ixteaz, mantentze eta garbiketaz, baina lokalean bertan ez da langilerik izango.

Arauak:

  • Erabiltzaileak: 0-6 urte bitarteko haurrak, beti ere heldu baten laguntzaz.
  • Gunea garbi mantentzearen ardura erabiltzaileoi dagokigu.
  • Joan aurretik dena txukun utziko dugu.

 

BIZIKLETAK GARBITZEKO ETA KONPONTZEKO GUNEA

Bizikletak garbitzeko eta konpontzeko guneak 552 bozka jaso zituen eta horretarako gorde ziren 6.000 euro 2018ko aurrekontuetan.

bizikletak

Azaroan jarri zen martxan bizikletak garbitzeko gunea Zigorrola auzoko Arruena plazan. Guneak, azkenik, 7.500 euroko inbertsioa suposatu zuen eta berau erabiltzeko txapa bidezko sistema ipini zitzaion, gehiegizko ur kontsumoa ekiditeko. Txapak kiroldegian eskuratze dira hogei zentimoren truke eta fitxa bakoitzarekin hiru minutuz ematen du ura txorrotak. Gune hau soilik bizikletak garbitzeko da, ezin dira motordun ibilgailuak garbitu eta ezin da xaboirik edo bestelako garbiketa produkturik erabili. Bizikleta garbitu nahi duenak, beraz, ur txorrota du eskura eta erabili ondoren aurkitu duen bezala utzi behar du, hurrengoak ere egoera berdinean topa dezan.

 

ERGUIN AUZORAKO IGOGAILUAREN PROIEKTUA EGITEA

Erguin auzorako igogailuaren proiektua egiteak 468 bozka jaso zituen eta horretarako gorde ziren 30.000 euro 2018ko aurrekontuetan.

erguin

Igogailuaren proiektua idazteko esleipena martxoan jarri zen abian eta ekainean esleitu zitzaion “Asmatu” ingeniaritza enpresari 30.250 eurotan eta horretarako 6 hilabeteko epea du esleipendunak. Igogailu honek Uribarri etorbidea eta Anboto kalea lotuko ditu eta 2.600 bizilagun ingururi emango die zerbitzua, Erguin, Uriburu, Jauregibarria, Usaetxe, Anboto, Elizalde, Udalpe eta Itxaropenako bizilagunei, hain zuzen ere.

Proiektua konplexua izango da eta bere kostua Makatzenako igogailuarena baino handiagoa izatea aurreikusten da, baina igogailua eraikitzeko ere gorde da 2019ko aurrekontuetan diru partida bat.

 

ITURRIPE BERRITZEA

Iturripe berritzeak 281 bozka jaso zituen eta horretarako gorde ziren 65.000 euro 2018ko aurrekontuetan.

iturripe

Iturripe kiroldegiaren hezetasun arazoei irtenbidea emateko zorua aldatu beharra zegoen eta Udalak 2018ko apirilean abiatu zuen lanok esleitzeko prozedura.  Kantxa kolaz itsatsita zegoen eta hezetasunarekin askatu egiten zen eta horrek hainbat arazo sortzen zituen. Horregatik, kantxa kendu beharra zegoen, azpikoa garbitu, hezetasun ahalik eta gehien kentzeko, geruza berezi bat jarri hezetasuna ez pasatzeko eta horren gainean kantxa berria jarri. Lanok Zaragozako Mondo Iberica enpresari esleitu zitzaizkion 75.867 eurotan eta abuztuan amaitu ziren.

ITXAROPENAKO HAUR-PARKE ESTALIA

Jolasteko aterpe bat egiteak 139 bozka jaso zituen eta horretarako gorde ziren 150.000 euro 2018ko aurrekontuetan.

itxaropena

Herritarrek hala eskatuta, Udalak Itxaropenako haur parkea estali zuen, Gorostizan egin bezala. Udalak ideia lehiaketa bat antolatu zuen, eta ideietako batzuk baliatu ziren proiektuaren idazketa teknikoa osatzeko. Lonazko estalpea jarri zaio parkeari, zuria, tanto moreekin eta eguzki eta eurirako babesak ditu.  Estalpeaz gain moldaketa lan handiak egin dira, herritarrek proposatutako ideiak jasotzeko asmoz, besteak beste, jolasteko tokia handituko da, belardiak kenduz, belardietako ertzak ere aldatu dira, arriskutsuegiak zirelakoan eta hainbat jolas berri jarri dira: zabuak, txirristak, gaztelua... Lanok Altuna y Uría enpresari esleitu zizkion Udalak, 262.226,60 eurotan.