“Zaborra gehiegi, kalte larregi” kanpainako irabazleak

Sari banaketarekin amaitu da ikasturte honetako hondakinen inguruko kanpaina. Debagoieneko Mankomunitatearen bitartez bailara osoan egiten den kanpaina hau Udalako Ingurumen Eskolak gidatzen du.

Urtero bezala, kanpainako parte hartzaileak bailarako lehen hezkuntzako 5.mailako ikasleak eta DBH 1.mailakoak izan dira. Mural lehiaketa 5.mailako ikasleen artean egin da eta gaia izan da gure herria irudikatzea 50 urte barru, hondakinen gaiaren inguruan. Lehiaketako irabazleak Arrasateko Arizmendi ikastolako Santa Teresa gunekoak izan dira. Aldiz, 2. saria Bergarara joan da, San Martin Agirre Herri Eskolara, hain zuzen ere. Irabazleek ingurumena ezagutzeko materiala jaso dute sari bezala.

Bestetik, DBH 1.mailako ikasleen artean lelo lehiaketa izan da, datorren ikasturteko hondakinen kanpainaren izenburua izateko. Oraingo honetan, Oñatiko Txantxiku Ikastolakoen leloa izan da gustukoena: “Zaindu planeta besterik ez da eta”. Datorren ikasturte hasieran txango eder batez gozatzeko aukera izango dute.

Udalako Ingurumen Eskolatik eskerrik asko parte hartzaile guztiei eta uda topera pasatu, merezita daukazue eta!!!!

Lelo lehiaketako 2.irabazleak