Baserri kultura

Bidasoro, Emaldi, Akixo, Dolara, Palazio, Salturri, Aranguren, Altzibar, Parraia, Gorostiza, … zerrenda luzea da, baina, oraindik, luzeagoa izan zitekeen, asko baitira Arrasaten azken hamarkadetan desagertu edo hutsik geratu diren baserriak (Erguin, Maitena, Osinaga, Zalduspe, Larrea,…) .

Arrasaten izan den industria garapenak eta urbanizazio prozesuak nekazal eremua guztiz eraldatu du. Nekazaritzarako erabiltzen ziren lurrak izugarri gutxitu dira, eta horien lekua hartu dute eraikinek, asfaltoak, lantegiek,… Lehen sektorean aritzen diren herritarrak ere ez dira asko eta, sarritan, beste lan sektore baten osagarri moduan mantentzen da baserriko lana.

EA21

Oro har, gutxi ezagutzen ditugu herriko baserriak eta horiei loturiko alderdiak eta uste dugu, beharrezkoa dela lehen sektorearen eta baserritarren lanaren garrantzia azpimarratzea.

Horretan arituko gara aurten Eskolako Agenda 21 proiektuan, BASERRI KULTURA gaia lantzea aukeratu baitute gure herriko ikastetxeek. Hainbat galderen erantzunak aurkitzen saiatuko gara:

  • Zenbat baserri daude Arrasaten? Zeintzuk dira?
  • Zer gertatu da Arrasateko baserriekin eta nekazal lurrekin azken hamarkadetan?
  • Zer ematen diote baserriek eta  lehen sektoreak Arrasateri?
  • Nola eskuratu ditzakegu sasoiko eta hurbileko elikagai osasuntsuak?
  • Zer da 0 km filosofia? Eta elikadura subirotasuna?
  • Zergatik da garrantzitsua elikagaiak kontsumituak izango diren lekuetatik gertu ekoiztea?
  • Nekazaritzara bideratutako lurrak mantentzea eta zaintzea garrantzitsua da?
  • Nolakoa da baserriari lotutako paisaia  eta zein bioaniztasun gordetzen du?

Azken finean, herriko baserrietara hurbiltzea nahiko genuke eta horien lana hobeto ezagutzea eta baloratzea, elikagaien ekoizle diren aldetik, eta nola ez, landa paisaiaren oinarria eta bertako bioaniztasunaren  gordailua ere bai.