PLASTIKOAK

2019/2020 Ikasturtean lantzen aritu gara plastikoetaz egiten dugun erabilera Arrasaten eta horrek dituen eraginak osasunean eta ingurumenean.

Non eta nola sortzen den plastikoa gure herrian, zein lehengai behar den plastikoa sortzeko, eguneroko bizitzan arrasatearrok erabiltzen ditugun plastiko motak, plastiko horiek berrerabiltzeko eta birziklatzeko dauden aukerak Gipuzkoan edota plastikoak ingurumenean askatzeak giza osasunean eta gainontzeko bizidunengan nola eragiten duen ikusi dugu.

 merkeleku 

Gaiari dagokion herriko diagnostikoa osatzeko, lehenbizi aztertu dugu gure herriko kaleetan lurrean botata ageri den plastikoa eta alderatu dugu hondartzetan ageri ohi diren hondakinekin. Asko izan dira aztertu ditugun Arrasateko txokoak: Herriko plaza, Santa Barbara, Arimazubi plaza, Gorostiza parkea, Itxaropena parkea, Munar plaza, Musakolako eskate parkea eta Deba ibaia. Guztietan mota askotako plastikoak batu ditugu; besteak beste, plastikozko poltsak, botilak, edalontziak, litxarreria bilgarriak, zigarrokinak edota puxika hondakinak.

 ikasleak kale garbitzailearekin

Aurkitu ditugun plastiko gehienak erabilera bakarreko plastiko motak izan dira eta konturatu gara hondartzetan ageri direnekin badutela antzekotasuna, beraz, esan dezakegu itsasoan pilatzen ari diren plastikoetako batzuk, behintzat, Debagoienean izan dezaketela jatorria, errekaren bidez bertaraino heltzea oso erraza dela ikasi dugulako.

 kaleko plastikoak aztertzen

Bestalde, ikertu dugu, baita ere, sortzen dugun plastikozko hondakin guzti horiek nondik datozen eta, horretarako, herriko komertziotara jo dugu. Produktuen materiala, bilduki mota, pisura erosteko aukerak,  plastikozko poltsak ematen dituzten ala ez, etab. 

 Azken finean, pentsatu dugu gure herria nola hobetu dezakegun planeta osoari eragiten dion arazo honen aurrean, batez ere, gure eguneroko bizitzan aldatu ditzakegun jarrerei dagokionez, eta baita ere, Arrasateko Udalak hartu ditzakeen neurriei dagokionez. 

 

kaleko plastikoak aztertzen
kaleko plastikoak aztertzen
ikasleak kale garbitzailearekin