Juan Leibar Guridiren funts dokumentalak

BIOGRAFIA AIPAMENA

Juan Leibar GuridiGesalibar auzoko Elezgarai baserrian jaio zen. Bost urte zituela, Loratoki etxera joan ziren, Ospitaletik gertuago, aitak bertako ortu eta lorak zaintzen zituelako. Aita auzoko Enauzketa (Erenuzketa) baserrikoa zen, eta ama Uribarri auzoko Goiru baserrikoa. Garagartzako auzo-eskolan ikasi zuen seitik hamabi urtera arte. Gero Eskoriatzako Marianistekin ikastera joan zen, Eskoriatzako Bainuetxean. Marianistekin jarraitu zuen urteetan, ikasketak eta irakaskuntza tartekatuz, hamazazpi urtez. Elorrio, Soria, Madril, Igorre, Iruñea, Suiza, Cadiz eta Marokoko seminario, ikastetxe edota unibertsitateetan ikasi edota irakatsi zuen. Pedagogian Lizentziaduna, 29 urterekin Arrasatera itzuli eta Eskola Profesionalean hasi zen lanean. Jose Maria Arizmendiarrietarekin batera TU-Lankide aldizkaria sortu zuten Eskolan. Arrasateko ikastolaren sorreran parte hartu zuen, eta Jose Lekuonarekin elkarlanean Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako herrien monografikoak idatzi zituen, historia, geografia, pertsonaia ezagunak eta abar aztertuz. Jose Maria Arizmendiarrietaren aurrenengo biografia idatzi zuen, eta Pedro Biteri Arana (filantropo arrasatearra), eta Angiolillo-rena (Canovas del Castilloren hiltzailea) ere idatziak ditu. (Ahotsak.eus)

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

Juan Leibarren familiak bibliotekari 2008an dohaintzan emandako funtsa da. Tokiko Bilduman gordetzen da eta bertan kontsultatu daiteke.

EDUKIAREN AZALPENA

Bilduma honetan Juan Leibar Guridik Arrasateko herriaren historia eta etnografia jasotzen ditu, historiaurretik hasi, eta XXI. mendearen hasiera arte. Bildutako dokumentuak 1794 eta 2002 urteen artekoak dira eta nagusiki ondoko gaiak biltzen dira: historia, industria, kultura, demografia, politika, erlijioa, ekologia, hezkuntza, jaiak, turismoa, kartografia eta mapak, auzoak, Arrasateko Udala, herriko seme-alabak, berriak eta bitxikeriak, estatutuak eta memoriak, argazkiak, bailarako beste herrien gaineko dokumentazioa eta Juan Leibarren idatziak.

AURKIBIDEAK

BERE ARGITALPENAK ARRASATEKO BIBLIOTEKAKO BILDUMAN

Arrasateko Udal Bibliotekan Juan Leibarrek idatzitako liburu hauek aurkitu ditzakezu: