Departamentuaren bilakaera

Arrasateko Udalaren Enplegua eta Garapen Ekonomiko Saila 80 hamarkada bukaeran sortu zen.  1992an Enplegu Teknikariaren lanpostua sortu zen Udalaren funtzionarien plantilan.  90 hamarkada osoan Enplegu Zerbitzua Pertsonal Sailaren baitan kokatuta egon zen administratiboki.  Bere eginkizun nagusia zen enplegu sustapeneko programak eta zerbitzuak ematea:  lanerako prestakuntza ikastaroak antolatu, lanari buruzko orientazioa eman, lan poltsa zerbitzua…  1997an Eusko Jaurlaritzako Langaiko plataforma informatikoa erabiltzen hasi ginen lan poltsa zerbitzua emateko, Langaiko Zentro Kolaboratzaile moduan.  

Udaletxea
1999an Enpleguaren  Batzordea eratu zen, eta horrekin batera Enplegua eta Garapen Ekonomikoaren Udal Saila.  Hortik aurrera sailaren eginkizunak zabaldu ziren enplegu sustapenetik haratago, garapen proiektuak eta enpresa berrien sustapena indartuz.  Bi langileen artean banatu ziren eginkizunak, jardun partzialean hasieran, jardun osoan gerora:  bat  enplegu sustapenean, bereziki pertsonaz-pertsonako orientazio eta informazio mailan, bestea garapen ekonomiko gaietan eta Sailaren kudeaketa administratiboan. 


2006an Udal Enplegu Zerbitzuaren Orientazioko zerbitzua BAZeko bulegora eraman zen, publikoa atenditzeko irisgarritasuna hobetze aldera:    BAZeko espazioan bulego itxi bat jarri zen Enplegu Saileko orientazio zerbitzua emateko, eta horren ondoan Enpleguko Informazio Gunea, BAZeko publikoaren eremuan kokatuta.  Hobekuntza honek asko lagundu zuen Enplegu Zerbitzuaren funtzionamenduaren efikazian, ahalbideratu baitzuen denbora berean bezero gehiago atenditzera iristea (itxaron denborak murriztu, autokontsultak…). 
2008 bukaeratik hona, lan merkatuaren krisiaren eraginez, bezeroen kopurua nabarmen handitu da.  Bestalde, Udal Gizarte Zerbitzuekin koordinazioan hobekuntzak egin dira azkenaldian, eta bereziki 2011an aurrera pauso nabarmenak eman dira, bi udal sailen artean interbentzio integralak egiteko helburuarekin:  orientazioko talde saioak, interbentzio pertsonalen jarraipen koordinatuta,…  2013ko urtarriletik zerbitzu hau Debagoieneko Mankomunitatearen bitartez ematen da. 


Garapen ekonomikoari dagokionez, sektore ekonomiko ahulenak suspertzeko proiektuak garatzen gatoz azken 10 urtetan.  Bereziki merkatariekin eta baserritarrekin lana egin dugu, beti ere garapen jasangarriko ereduak bultzatu nahian.  Gizarteratzeko errekurtso berri bat ere garatu da Emaus Fundazioarekin elkarlanean, bazterkeria arriskuan dauden herritarrei lanerako aukerak eskainiz hondakinen berrerabilera arloan, Arrasateko Ekozenterra deritzon ekipamenduan. Enpresa berrien sustapena ere lan lerro garrantzitsua da, eta 2000 urtetik hona indartuz joan da, Udalak  Enpresen Laguntzen Programa sortu zuenetik, herrian sortzen diren ekimen enpresarial berrietan enplegu egonkorra sustatzeko;  laguntza programa hau erreferentea bihurtu da enpresa sustapeneko errekurtso moduan, eta hainbat udaletan eredutzat hartu da antzeko laguntzak artikulatzeko.