Auzoak

Auzoak

Erdi Aroko herri hura harresiz inguraturik zegoen, militarki babeste aldera. Iturriotz, Ferrerias kaleek eta Erdikokalek, eta Zurgin, Kontzeziño eta Olarteko kantoiek ematen zioten itxura ordenatua eta ortogonala. Beraz, ematen du harresi barruko eremuak aurrez pentsatutako antolamendua zuela,  eta bertan ia 200 familia bizitzeko adina leku zegoen.

Mende batzuk geroago, XV. mendetik aurrera, harresitik kanpo etxe multzoak eraikitzen hasi ziren: Gazteluondo, Zarugalde eta Maalako errebalak, hain zuzen ere. Hala eta guztiz ere, herriak izan zuen benetako hirigintza hazkundea industrializazioarekin batera gertatu zen. Lantegi ugari kokatu ziren hiribilduaren inguruan, eta han eta hemen etxebizitzak eraikitzen hasi ziren, okupatu gabe zeuden orubeetan, hau da, industriak okupatu bako baratze eta sailetan.

Industrializazioaren ondorioz, berezko izaera zuten San Andres, Uribarri eta Musakola auzoek herriarekin bat egin zuten, baina Arrasaten bertan oraindik badira hainbat elizate eta auzo, hiribildua baino zaharragoak direnak.

Arrasateko baserri auzoak:

Bedoña auzoa

Garagartza elizatea

Gesalibar elizatea

Meatzerreka auzoa

Udala elizatea