Arrasatearrek haritza aukeratu dute Arbolapetan landatzeko

28/01/2015
Card image cap
Guztira 1.123 herritarrek eman dute bozka eta %55ak haritzaren alde egin du. Otsailean aurreikusten da haritza landatzea Arbolapetan

Astebetez  izan dute Arrasatearrek aukera gogokoen zuten zuhaitz motaren aldeko bozka emateko, bai Udal webgunean, baita BAZen ere. Udalak eskerrak eman nahi dizkie aukeraketan parte hartu duten 1.123 Arrasatearrei,  Arbolapetari  merezi duen neurriko garrantzia eta arreta ematearren.

Haritza aukeratu dute parte hartzaile gehienek; 1.123 bozketatik 624 jaso ditu (%55a); ostean, alde handiarekin, Astigarra izan da bozka gehien jaso duena; 309 pertsonek aukeratu dute (%27a)eta, azkenik, Ezkiak 190 bozka jaso ditu (%16).

BAZUDAL WEB GUNEAGUZTIRA
Euskara Gaztelania
Haritza 115 313 81 509 624  %55,56
Astigarra 14 259 22 295 309  %27.51
Ezkia 46 67 31 144 190  %16,91
1123  %100

 

Herritarren gehiengoak egindako hautua aintzat hartuz, beraz, Haritz kanduduna landatuko da Arbolapetan. Oraindik data zehatzik jartzeko modurik ez dagoen arren, aurreikusten dugu zuhaitz berria otsaila amaieran landatuko dela.

Gaztainondoaren ipurdia kendu

 

Haritza landatu aurretik, baina, gaztainondo zaharraren ipurdia kendu behar da lehendabizi. Lanok pentsa ahal dena baino konplexutasun handiagoa dute: Ezertan hasi baino lehen, lan eremuaren perimetroa itxiko dute eta materialak biltzeko guneak zehaztu. Ostean, oraingo txorkoa zuzenean inguratzen duten harlauzak kenduko dira, eta txorkoa estaltzen duen burdin sarea ere kendu egingo da.

Harlauzak kendu eta gero, zoladuran hutsune zirkular bat izango da, 4,2 metrokoa. Leku zirkular horretan zuhaitz ipurdia kentzeko lanak egingo dira. Seguruenik, zuhaitz ipurdia zatitu egin beharko da handik kentzeko.

Haritza landatzeko lanak

 

Ostean, zuhaitz berria landatu ahal izateko, zanga irekiko da.  Gutxi gorabehera zuloguneak 4,20 x 1,20 metroko dimentsio zilindrikoa izango du eta 17 m3-ko bolumena izango du. Lurzoru berriko materiala botako da bertan, gero zuhaitza landatzeko. Betelana hasiko da zulogunearen sakoneran, betelaneko materialaren geruza batekin (aurretik prestatua), 20 cm-ko lodiera duena. Landarearen sustrai-lurra betelaneko material geruza horren gainean jarriko da. Zulogunearen erdi-erdian jarriko da landarea, zoladurako harlauzak jarri ostean landarea zentroan egon dadin.

Landarea jarri eta gero, zulogunearen bolumen osoa beteko da geruzaz geruza, ondo trinkotuz geruza bakoitza. Ostean, azaleko harlauzak jartzeko, altura bateraino beteko da zulogunea, hormigoi oinarri egokia izan dezan. Eta, azkenik, jatorrizko zoladurako harlauzak eta haritzaren metalezko babesa jarriko dira.