Euskararen Nazioarteko Egunerako Adierazpena

03/12/2025
Card image cap

Azken hamarkadetan euskalduntze prozesuan urratsak eman badira ere, egun, indarberritze bulkada ahuldua dagoela agerikoa da, eta datuek geldotze-aro batean sartu garela erakusten dute. Euskarak, egun, hizkuntza minorizatu baten adierazpide ezberdinak bizi ditu:

  • Ezagutza-erabilera binomioari dagokionez, hizkuntza-gaitasunen eta motibazio-sistemaren garapenean urratsik eman gabe erabilera-kurbak ez du gorantz egingo, are, beheranzko joerari eustea zaila izango da.
  • Euskararen kontrako oldarraldi politiko-judiziala egiturazkoa da, eta indarrean dagoen araubidea auzitan jartzera iritsi da.
  • Mundua zeharo aldatu da, XX. mendeko hizkuntza-politiketako askok ez digute XXI. mendean balio.

Hau honela, ezagutza eta erabileraren arteko korapiloa berrikusi, aztertu eta hausnartzeko unea iritsi da, orain arte egiten ari garena eginez ez dugulako aurrera egingo, are, atzera egingo dugulako. 

Euskararen alde inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.

Euskararentzat egoera berezian iritsiko da 2025eko Euskararen Nazioarteko Eguna. Izan ere, urte luzeetan administrazioa euskalduntzen egindako lanak oinarri izan duen egitura juridikoa zalantzan jarri duten hainbat epai ditugu.

30 urtean, euskarak ukatu ezineko urratsa egin du administrazio publikoan. Erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen administrazioa euskalduntzeko bide luzea egin dute hainbat erakundek, ia erabat euskaraz funtzionatzera heldu arte. Ez da bide erraza izan, baina konbentzimenduz egin dugu bidea, euskarak irabazi beharreko eremua zela sinesten genuelako eta sinesten dugulako.

Hizkuntza gutxitua da gurea, ordea, eta hizkuntza gutxitu baten biziberritze prozesuan egiten den sustapena eraginkorra izango bada, babesa behar du, babes osoa, baita lege babesa ere.

Gure erakundeek hartu eta herritarren gehiengo zabalak babestu dituen erabakiak defendatzea dagokigu, beraz. Nahikoa dela esatea, eta ausardiaz aurrera egitea. Euskarak aurrera egiteko ezinbestekoak dituen hizkuntza politikak bultzatu eta horiek babesteko legeen oinarriak adostu behar ditugu. Erakunde publikooi dagokigu euskararen biziberritzea benetakoa eta noranahikoa izatea ahalbideratuko duen akordio sozial eta politiko zabala lortzeko bidea egitea.

Abenduaren 3a egun aproposa da bide horren abiapuntua marrazteko. Adostasunez nora goazen argi esan, eta egin beharreko urratsak zehazten hasteko garaia da.

Asko dugu irabazteko: euskaraz bizi ahal izango den herria herri hobea izango baita, justuagoa, berdinzaleagoa, kohesionatuagoa. Indarrak batzeko garaia da, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztekoa.

Izan gogoan, hitzordu garrantzitsu bat dugu euskaltzaleok abenduaren 27an: milaka buru eta bihotz taupa-taupa ariko gara Bilbao Arenan, etorkizun hobe bat irudikatzen, gure txinpartak isiotzen. Euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egin dezagun; izugarrizko ekitaldia izango dugu: hitzartzeak, musikariak, kulturgileak…