Hondakinen mahaia: “Urtarrilean hasiko da bilketa zerbitzua organikoa bereizita biltzen”

Arrasateko Udalak kanpaina bat egingo du auzoz auzo, gaikako bilketa hasi aurretik herritar guztiek informazio eta baliabide guztiak eskura izan ditzaten.

Arrasaten 9 hilabetetan %70eko bilketa selektibo maila lortzeko gakoa organikoa ondo bereiztea dela gogorarazi zuen Hondakinen mahaiak atzo. Emaitza horietara heltzeko bitarteko guztiak jartzen ari direla ere azpimarratu dute: baliabide teknikoak, informazioa, kontzientziazioa eta formazioa.

Atzoko prentsaurrean iragarri zuten auzoz auzoko kanpainaren helburua, hain zuzen, horixe da. Urtarrila heldu aurretik Arrasatear guztiei beharrezkoak diren baliabide guztiak eskura jartzea. Kanpainari buruzko informazio zehatza hemen lortu dezakezu.

Urtarrilean aldaketa

Alkatea izan zen hitza hartzen lehena aipatu zituen fase urtarrilean hondakin bilketan etorriko diren aldaketarik garrantzitsuenak:  “Organikoa bereizita batzen hasiko da bilketa zerbitzua eta derrigorrezkoa izango da hondakinak bereizita ateratzea, hau da, ezingo da gehiago hondakinik nahastuta entregatu bilketa zerbitzura”. Horretarako, esan zuen, “kaleko edukiontziak berrituko ditugu, orain artean egon ez den organikoaren edukiontzia ere aurrekoei gehituz”.

Horrenbestez, urtarriletik aurrera ondorengo bost frakzio batuko dira: organikoa, ontzi arinak, papera-kartoia, errefusa eta beira.

Alkateak gogorarazi zuen organikoaren eta errefusaren edukiontziek “sarrera kontrola” izango dutela “herritarrek hauekin egiten duten erabilpena egokia den ikuskatzeko eta, ondoren, formazio eta aholkuak emateko helburuarekin”.

Bederatzi hilabetetan %70a

Dagoeneko bada urte bete baino gehiago Hondakinen mahaiko kideak akordiora heldu zirela, eta Juan Karlos Garitanok gogora ekarri zuen zer dioen iazko urriaren 31ean sinatu zuten akordioak “9 hilabetetan Arrasateko herrian  %70-ko bilketa selektibo maila lortu behar dugu edukiontzi bidezko sistema batekin.  Helburu horretara iritsi ezean, atez- ateko sistema batera jo beharko dugu”.

Garitanok gogorarazi zuen oraintxe gaudela arrasatearrok erronka horri eusteko atarian eta denon esku dagoela gauzak ondo eginez helburu horiek lortzea  “gu horretarako bitarteko guztiak ari gara jartzen: baliabide teknikoak, informazioa, kontzientziazioa eta formazioa”.

Informazioa eta bitartekoak auzoz-auzo

Informazio eta formazio lana egitea beharrezkoa dela ikusten dute Hondakinen Mahaian eta Mertxe Trojaolak esan zuen orain horretan arituko direla buru-belarri “Jadanik formazio saio ugari egin ditugu zerbitzuen alorrean, Udal azokan, komertzioetan eta industrian ere. Saio hauetan azaldu diegu hondakin mota bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren, zelan berezitu behar diren eta abar”.

Orain, azaroa eta abenduan zehar, herritarrekin egingo dute lan hau bera. Eta horretarako, auzoz-auzoko kanpaina informatiboa abiatuko dute aste honetan bertan, abenduaren 19ra arte luzatuko dena.

Mertxek azaldu zuenez, “astero auzo batean informazio bulego ibiltaria jarriko dugu bertan hondakinen sailkapenaren edo gaikako edukiontzien erabileraren inguruko zalantzak argitzeko. Horrez gain, bulego honetan organikoa ondo berezitzeko zenbait baliabide banatuko dira etxebizitza  bakoitzerako”.

Hitzaldiak euskaraz eta gazteleraz

Gainera, auzo guztietan bina hitzaldi emango dira, bat euskaraz eta bestea gazteleraz. “Hitzaldiotan, hondakinen mahaiko kideok erdietsitako akordioak azalduko ditugu eta mankomunitateko informatzaileek hondakinak nola sailkatu behar diren eta edukiontzi berrien erabilera azalduko dute”.

Alkateak esan zuen auzo bakoitzeko atari edo portal guztietan, bandoak jarriko dituztela “herritarrek garaiz jakin dezaten noiz izango den beraien auzoko hitzaldia, zer ordutegi izango duen informazio bulegoak eta abar”.

Lehenengo Musakolan

Informazio eta formazio kanpaina hau Musakolan hasiko da. Lehen hitzaldia  azaroaren 13an emango dute,  Musakolako zaharren egoitzako tabernako egongelan. Euskarazkoa 18:00etan eta gaztelerazkoa 19:30etan. Informazio bulegoa Kiroldegian ezarriko dugu, azaroaren 17tik 22ra arte.


Edukiontzi marroia eta grisa

Auzoz-auzoko informazio lan honek iraungo du abenduaren 19ra arte eta alkatearen esanetan “urtarrilean aurreikusten dugu Arrasaten organikoa berezituta jasotzen hastea”. Horretarako, lehendabizi progresiboki jarriko dira edukiontzi marroi eta grisak  alkateak zehaztu duenez, “Lehenengo organikoenak jarriko ditugu eta gero errefusa biltzekoak. Hori herri osoan egiten denean, edukiontzi berde guztiak kenduko dira eta denok batera hasiko gara organikoa berezituta eramaten edukiontzietara”.

Organikoa bereiztea da gakoa

Garitanok gogorarazi zuen organikoa ondo bereiztea dela 9 hilabetetan Arrasateko herrian  %70-ko bilketa selektibo maila lortzeko gakoa “Horren zalantzarik ez dugu, eta urtarrilean horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak izango ditugu eskura”. Modu horretan, azpimarratu zuen arrasatearrok aukera izango dugula hondakinak behar bezala kudeatzeko, ingurumenarekiko begirunea hitzetan soilik ez geratzeko eta arduraz jokatzeko.

“Ondo egingo dugu”

Hondakinen Mahaitik argi eta garbi bota zuten azken mezu bat: “Ez dugu inolako dudarik Arrasatearrok ondo egingo dugula, eta gutxi barru zaila izango zaigula ulertzea zela ibili garen utzikeriagatik, edo erosotasunagatik, hondakinak neurri barik  sortzen eta edozein  modutan uzten… hori eskubide bat zelakoan”.

Kanpainaren aurkezpena