Jose Maria Urangaren artxiboa

Jose Maria Urangaren artxiboa

BIOGRAFIA AIPAMENA

Jose Maria Uranga

Jose Mari sarrailagile fina zen, bere belaunaldiko arrasatear gehienak bezala. 1915. urteko azken egunean jaio zen, eta Francisco Urrutiaren ikasle izan eta gero, hamalau urte besterik ez zituela Unión Cerrajeran lanean hasi zen. Bertan egin zuen lan berrogeita hamar urtez, jubilatu zen arte. Lafitte ingeniariarekin marrazketa ikasi zuen fabrikan, eta bere kabuz ikasi zituen geografia, gramatika eta matematika. Garai hartan Arrasaten ez zegoen lanbide eskolarik, eta Bergarako seminarioan lortu zuen maestria titulua. Hamabost urte zituela “jaimismo” mugimenduko kide izan zen, eta 1936ko gerra garaian hainbat kartzela ezagutu zituen. Frankistak Bilbora sartu zirenean, askatu egin zuten eta jaioterrira itzuli zen. Ez zen frontera joan biriketako gaitz bat zuelako. Erlijio munduan sartuta ibili zen beti, Luistarren Lagunarteko lehendakari izan zelarik. Urte haietan zehar Jose Marik lan egin zuen gerra ondoko giroa hobetzeko, eta bi aldeen artean zubiak eraikitzen saiatu zen. Club Deportivo Mondragoneko lehendakari izan zen, baina 1958. urtean kirolean zituen ardurak utzi eta zinegotzi lanetan aritu zen bederatzi urtez. Irakurzaletasunak ikerketa lanetara bideratu zuen Jose Mari, eta gerra aurreko urteetan artxibo garrantzitsua bildu zuen, batez ere kirolari eta historiari buruzko dokumentuekin osatua. Tamalez, Nafarroa Etorbideko bere etxeak su hartu, eta artxiboa erabat galdu zen. Baina ez zuen amore eman, eta artxibo berria sortu zuen ilusio handiz. Bere bibliotekan era guztietako liburuak zituen. Historia maite zuen bereziki, eta batez ere, Arrasateko historia. 1970. urtean “Mondragón : trayectoria y anecdotario” liburua argitaratu zuen, eta dozenaka artikulu idatzi zituen egunkari eta aldizkarietan (Josemari Velez de Mendizabalen artikulutik itzulita).

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

Jose Maria Urangak bere artxiboa osatu ahala bibliotekari kopia bat ematen zion dohaintzan, egun daukagun funtsa sortu arte. Tokiko Bilduman gordetzen da eta bertan kontsultatu daiteke.

EDUKIAREN AZALPENA

Bilduma honetan Jose Maria Urangak Arrasateko historia eta etnografia jasotzen ditu, Historiaurretik hasi, eta XX. mendearen amaiera arte. Nagusiki, ondoko gaiak biltzen dira: herriaren sorrera, foraltasuna, defentsa militarra, euskara, Erdi Aroko hiribildua, pertsonaia eta familia garrantzitsuenak, leinu gerrak, gizartea eta zerbitzuak, fiskalitatea, jaiak, musika, osasuna, burdinolak, auzoak, elizak eta komentuak.

AURKIBIDEAK

BERE ARGITALPENAK ARRASATEKO BIBLIOTEKAKO BILDUMAN

Arrasateko Udal Bibliotekan Jose Maria Urangak idatzitako liburu hauek aurkitu ditzakezu: