Arrasatek 41 milioiko aurrekontua izango du 2022an 3,3 milioiko gerakina gehitu ostean

2022/05/10
Arrasateko Udalak 5.700.000 euroko gerakina izan zuen 2021an. Horietatik 3.328.000 euro txertatuko ditu 2022ko aurrekontuan: besteak beste, kirol sailetako inbertsioetarako , Garagartzako fibrozementua kentzeko edota Etxezarreta lorategietan inbertitzeko.

Arrasateko Udalak 5.700.000 euroko gerakina izan zuen 2021an. Kopuru hori bereziki Foru Funtsetik jasotako finantzazioa aurreikusitakoa baino handiagoa izan delako eman da. Hainbat proiektutara bideratuko da gerakin hori, hala nola, kirol sailaren inbertsioak egiteko, Etxetxikiak eraberritzea burutu, Jose Luis Iñarra kalearen berrurbanizazio proiektua garatzeko edota kultur ekitaldien sustapenera.

Hori da Udal Gobernuak gaur arratsaldean, maiatzak 10, egingo duen osoko bilkurara eramango duen proposamena.2022ko aurrekontua, gerakinaren txertaketarekin, pasako da 37.737.291,17 €tik 41.064.997,49€ izatera.

2021 urteko ekonomiaren bilakaera aurreikusitakoa baino hobeagoa izan da, eta horren ondorioz foru funtsetik esperotakoa baino 2.500.000€ gehiago jaso zituen Arrasateko Udalak 2021 urtean. Foru Funtsaren jarduera hobeaz gain, murriztu egin da udaleko obren gaineko zergan aurreikusitako eragin negatiboa, eraikuntza sektorearen bilakaera ona izan baita; bestalde, dirulaguntzak jaso dira Kulturolarako edota JAMErako, beste hainbaten artean, Gipuzkoako Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik edota Europar funtsetatik.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du ez dutela gerakin guztia orain txertatuko “testuinguru ekonomikoaren bilakaera argitu artean. Europan gerra bat dugu eta horrek ekonomikoki eragin zuzena du. Bilakaeraren arabera burutuko ditugu beharrezko txertaketak. Dena ondo badoa gordetako diru hau Kirol Azpiegituren Mapa garatzeko erabiliko genuke”.

Horrela, 5.700.000 euroko gerakinetik 3.328.000 euro, Udal Gobernuak, 50 proiektutan eta ekimenetan inbertituko du, horietako hainbat herriarentzat estrategikotzat dituenak: “Covid-19aren pandemiak sortutako ondorioak jasaten ari gara oraindik, eta horri Ukrainiaren inbasioa gehitu behar diogu. Zuzenki eragiten du gurean, eta gu prest gaude eragin horri aurre egiteko: diru zati bat gordeko dugu beharrezkoa balitz azkartasunez erabili ahal izateko, eta gainerakoan, herriaren garapenean inbertitzeko. Egoera finantzario onak eta gastuen kudeaketa zuhurrak bermatu digu herria garatzen jarraitzea, herritarrak laguntzea, eta etorkizun hurbilerako babes neurriak ezartzea”.

Partida gehienak ez dira berriak, 2022ko aurrekontuan sartuta zeuden. “Orain egiten duguna da osatu partida horiek eta hasitako proiektuak edo hastekoak zirenak finantzatzeko erabiliko dugu gerakina”.

Gerakina proiektu hauetara bideratuko da, beste hainbaten artean:

  • Kirol saileko inbertsioetarako 150.000€ gehiago. 220.000€ zeuden eta 150.000€tan handitzen da partida. Hau rugby zelaiko belar artifiziala aldatzeko erabiliko da. 340.000€ inguruko inbertsioa egingo da bertan.
  • Aurrekontu partehartzaileak. 261.000€tan handitzen da partida, 239.000€ zeuden hasieran eta guztira orain 500.000€ egongo dira.
  • Kultur ekintzak: jarduera eta ikuskizun gehiago antolatzeko 40.000€ gehiago jarriko dira, guztira 390.000€.
  • Arrasate Blues. 12.000€ gehiago. Ibai artek antolatzen duen Arrasate Blues ekintza laguntzeko, guztira 24.000€.
  • Jose Luis Iñarra kalea proiektua. 2019 urteko aurrekontu partehartzailetan irten zen J.L Iñarra berritzea. Prozesu partehartzaile bat egin zen 2020 eta 2021 urtetan eta bertatik irtendako beharrak proiektu batean jasoko ditu Udalak. 40.000€ zeuden urte hasieran, eta 50.000 euro gehiago inbertituko ditu.
  • Etxezarretako lorategia, 6.000€ gehiago.
  • Garagartzako fibrocementoa: 140.000€ gehiago. Guztira 490.000€.
  • Elektrizitate prezioaren desbideraketa. 400.000€ gehiago gaur egun jasaten ari garen prezioen igoerari aurre egiteko. Udalak urtean 400.000€ inguru gastatzen du elektrizitatean, baina aurten aurreikusten da beste 400.000€ gehiago beharko direla.
  • Gasa prezioen desbideraketa. 50.000 euro.
  • Jubilatuen omenaldia. Urtero SUDC elkarteak antolatu izan du bazkari hau, 2019an izan zen azken aldia, eta orain pandemia atzean utzi duela berriz antolatuko du, udalak 25.000€ jarri ditu diruz laguntzeko.
  • Kirola Kalera eta kirol sariak. Azken bi urtetan ez dira antolatu, baina aurten pandemia atzean utzita, berriz antolatuko dira, eta horretarako 20.000€ jarri dira.
  • Etxetxikiak berrurbanizazioa. Partida hau 500.000€tan handitzen dugu, berrurbanizazio proiektua aurten bertan has dadin.