Etxaluze-Musakola bidegorriaren ibilbidea zehaztu du Udalak

Etxaluze eta Musakola artean egin nahi den bidegorriak pauso bat aurrera eman du. Udalak behin betikoz onartu du trazatu proiektua,bidegorriaren ibilbidea zein izango den jasotzen duena.

2015eko apirilaren 20an egindako bilkuran Tokiko Gobernu Batzarrak behin betikoz onartu zuen Etxaluze eta Musakola lotuko dituen bidegorriaren trazatu proiektua.

Honen guztiaren prozesua 2014 urtean hasi zen. Arrasateko Udalak 2014ko ekainaren 2an esleitu zion proiektua idazteko lanak BIDEIN Ingeniaritzari. Enpresa horrek, 2014ko irailean, “aukeren azterketa” izeneko dokumentua aurkeztu zuen, bertan bidegorriaren inguruan posible ziren bidezko aukera guztiak planteatu ziren.

Planteatutako aukerak erakusgai izan ziren Kulturaten, irailaren 22tik 26ra arte, eta baita Udalaren weborrian ere. Horretaz gain, inkesta bat prestatu zen jendeak bete zezan. 50 inkesta orri bete zituzten herritarrek.

“Bizikletaren mahaia” ere osatu zen, Udalerriko eragile desberdinez osatutakoa. Honen eginkizuna izan zen, bi bileratan, aipaturiko inkesten emaitza aztertu eta lehentasunen inguruan zegokion iritzia ematea.

Obren esleipena 2015ean

Udalak erabaki zuen “Etxaluze-Musakola bidegorria egiteko proiektua” idazteko “bizikletaren mahaiak” adostutako proposamenetik ondorioztatzen ziren irizpideen arabera burutzea.

Proiektua idatzi ondoren, jendaurrean jarri zen, herritarrek eta afektatuek dokumentua aztertu eta alegazioak aurkez zitzaten. Emandako epean hiru alegazio aurkeztu dira, hirurak afektatutako ondasunen jabeak dira. Udalaren borondatea da bidegorria egiteko beharrezko diren lursailak eskuratzeko, jabeekin hitzarmena sinatzea.

Orain BIDEIN Ingeniaritzako teknikariek bidegorria egiteko proiektu exekutiboa idatzi beharko dute, asmoa da 2015. urtean proiektua idaztea eta obrak esleitzea. Hortaz, aurreikuspenak dira, bidegorri berria egiten hasiko direla urte honen bukaeran, edo 2016 urte hasieran.