Herritarren proposamenak aztergai Alde Zaharreko Hirigintza Plana aldatzeko

2020/11/11
Herritarren, teknikarien eta eragileen artean proposamenak jaso ondoren, Hirigintza Aholku Kontseilua, herritarrez osaturik dagoena, 24 proposamen aztertzen ari da, txertatu gura direnak hirigintza planean.

Arrasateko Udalak abian jarri du Alde Zaharra arautzen duen Hirigintza Planaren aldaketa,  azkenekoz duela 20 urte aldatu baitzen. Prozesua irekia izaten ari da, eta proposamenak jaso dira herritar zein eragile ugariren artetik. Proposamen horiek aintzat hartuz oinarriak adostu dira 24 aldaketa txertatzeko, eta, orain, Hirigintza Aholku Kontseilua, herritarrez osatua, sakon aztertzen ari da iradokizun horiek. Aurreikusten da Alde Zaharraren Hirigintza Plan berria aurkeztea 2022 urteko bigarren seihilekorako.

24 proposamen hirigintza planerako

Hirigintza plana egokitzeko, 24 proposamen egin dira guztira. Proposamenek gai hauek jorratzen dituzte:

  • Esparruaren antolaketa: proposatzen da alde zaharra bitan banatzea, ondare babestua den almendra, alde batetik, eta beste zatia, bestetik.
  • Aukera izatea sotoak eraikitzeko: arkeologia esparruko araudia betetzeko baldintzapean eta  soto batzuetan garaje erabilera baimentzea.
  • Toldoak: gaur egun, ezin da jarri toldorik, soilik azken solairuko terrazan; hortaz, toldoak jartzeko, baldintzak zehaztea eta dauden aukerak baimentzea.
  • Miradore edo begiratokiak: gaur egun araudiak ez du lagatzen begiratoki berririk egiterik, eta oraingoetatik batzuk bakarrik babesten ditu, ez denak. Proposamen berriak jasotzen du zer irizpide egongo diren begiratokiei dagokienez, izan zaharrak edo berriak.
  • Materialak: proposatzen da, esaterako, arotzerien materialen artean egur imitazioa onartzea.
  • Erakusleihoak: gaur egun araudiak eskatzen du dendetako erakusleihoak lerrokatuta joatea goiko solairuko leihoekin, eta horrek erakusleihoak txikitu egiten ditu.  Proposatzen da, erakusleihoei dagokienez, goiko solairuko leihoen doblea izatea ahalik eta erakusleiho zabalena lortze aldera.
  • Partzelak batzeko aukera, eta baita hutsik dauden espazio libreak finkatzea, espazio publikoa handitzeko helburuarekin.
  • Eraikinetan jarduteko irizpideak berritzea, esaterako, Iturriotz kaleko 13 zenbakia gaur egun ekipamendua dena etxebizitza erabilerara aldatzea, edo Zeharkale estalia 1eko eta Erdiko kalea 11ko partzelak berrantolatzea.
  • Alde Zaharreko monumentu izaera duten eraikuntzetan araudiak zurruntasun maila handia duela ikusita, hobekuntza proposamenak daude. Hortaz, araudia betetzea lehenetsiz, eraikuntzaren babes maila eta interbentzio gradua ere kontuan hartzea eskatzen da mantentze lanetarako. Bestalde, Alde Zaharra ere ardatz izanik, irisgarritasun planean aldaketa batzuk eskatu dira.
  • Birgaitze eta kontserbatze lanetarako laguntzak ordenantza fiskalen bitartez arautzea proposatu dute, urtero gainbegiratzen direlako. Proposatu da ere lehentasuna ematea karkabak liberatzeko prozesuari.
  • Alde Zaharra dinamizatze aldera, iradokitzen da hirigintza araudiaren bete beharra garatu nahi den jardueraren bideragarritasunera baldintzatzea, eta guztira 2 urteko luzapena baimendu. Beste proposamen batean eskatzen da zuntz optikoa ezartzea, baita era, behe solairuak erabiltzeko irizpideak izatea kokapenaren eta inguruko gune publikoen araberakoak.
  • Hirigintza kargen kalkuluari dagokionez, eskatzen da kargak indarrean dagoen hirigintza araudira egokitzea, eta igogailuei dagokienez, hiru proposamen egin dituzte igogailuak teilatutik harago eraiki ahal izateko: altuera neurri jakin bat igotzen baimentzea (50 cm), teilatuaren malda gehitzen uztea (% 1) eta teilatuaren hegala eraldatzea.

Aholku Kontseiluaren eskuetan

24 proposamenok orain Hirigintza Aholku Kontseiluaren eskuetan daude abendu amaierara arte, iradokizunak aztertu eta baloratzeko. Guztira 4 lan bilera egingo dituzte, 2 bilera azaroan eta beste bi abenduan. Gero, udalera bideratuko dute azken diagnosia, azken proposamena garatzeko.

Aholku Kontseiluaren betebeharra da udalak lantzen dituen hirigintza gaietan parte hartzea: udalak lantzen dituen hirigintza proiektuen gaineko iradokizunak egin, hirigintza antolamenduarekin lotutako txostenak egin,  proposamenak, aholkularitza lanak eta halakoak.

Hirigintza Aholku Kontseiluan parte hartze zabala

Hogeitik gora lagunek osatzen dute kontseilua. Kide dira alkatea, udal talde politiko bakoitzeko ordezkari bana, udalean ordezkaritzarik ez duten alderdi politikoen ordezkariak, baserri eta auzoetako alkateak.

Gainera, hainbat elkarte edo taldetako ordezkariak ere bai: erakunde ekologistak, hirugarren adineko elkarteak, industria sareko ordezkaria, gazteen elkarteen ordezkaria, merkataritza eta ostalaritzaren ordezkaria, emakume kontseiluaren ordezkaritza, eskola komunitateko ordezkaritza, ezintasuna dutenen elkarteen ordezkaritza, kirol taldeen ordezkaritza, extea izateko eskubidearen aldeko taldearen ordezkaritza, sindikatuen eta kooperatiben kontseilu sozial nagusiko ordezkaria, kultura ondarearen aldeko elkarteen ordezkaritza, Besaide mendizale elkartearen ordezkaritza, abeltzainen eta nekazarien elkarteetako ordezkaria, eraikuntza enpresetako eta ondasun higiezinen sustatzaileen ordezkaritza.