Metatutako energia kostua 255.145,53 eurotan eta kontsumoa 1.447.217 kWh-tan murriztu da Arrasaten 2017-2020 bitartean

2021/04/28
Jaitsiera orokorra izan den arren, gehienbat urteko lehen eta azken hiruhilekoan nabarmendu da; 2017ko abenduan, esaterako, kostua 78.947 eurokoa zen eta kontsumoa 433.659 kWh-koa, eta 2020an izan zen 51.298 eurokoa eta 328.699 kWh-koa.

Trantsizio energetikoaren bidean eta energia eraginkortasunaren aldeko apustuan, Arrasateko Udalak hainbat urrats eman eta hainbat neurri hartu ditu herri ekologikoago eta jasangarriago baten alde.

Gauzak horrela azken urteotan egindako lanak bere fruituak ematen ari da orain, eta horren adierazle dira, esate baterako, azken urteetan metatutako energia kostuan zein kontsumoan lortutako jaitsiera datuak. 2017tik 2020ra, hain zuzen, 255.145,53 euroan eta 1.447.217 kWh-tan murriztu da energia kostua zein kontsumoa.

Urtetik urterako eboluzioari erreparatuz, kasu honetan ere, Covid-19aren eragina nabarmendu da, 2019tik 2020ra egon baita saltorik handiena. Guztira 158.000 euro baino gehiago jaitsi da energia kostua eta 875.629 kWh konsumoa.

Edozein kasutan, urtetik urtera, lehen zein azken hiruhilekoko gastuan eta kontsumoan eman da jaitsierarik handiena, horiek izanik, gainera, eguraldia eta argitasuna direla medio, energia kontsumo handieneko hilabeteak.

Kale argiterian egindako inbertsioen emaitzak ere nabarmenak dira

Energia kostu eta kontsumo orokorrean, aipagarria da ere kale argiterian egindako hobekuntzek zer emaitza izan duten. Azken urteetan 2.110 luminaria ordezkatu dira,  4.550eko kopuru totaletik. Udalak arreta berezia eskaintzen dio kale argiteriaren hobekuntzari, energia eraginkortasun horren aldeko bidean, inbertsioak egin baitira gaur egungo argiteria LED argiteriaz aldatzeko.

Horri jarraikiz, inbertsio horien emaitza da 2017tik 2020ra emandako 197.335 euroko kostua eta 1.569.212 kWh gutxitzea. Kasu honetan, gainera, Covid-19ak ez du inolako zerikusirik, argiteria pizteko ordutegia berdin mantendu baita beti.

“Azken urteotan lortutako datuak positiboak eta bide onetik goazenaren adierazle dira. Arrasate herri jasangarria eta ingurumenarekiko edota ekologiarekiko arduratsua izatea nahi dugu eta bide horretan, energia eraginkortasuna funtsezkoa da. Udaletik jasangarritasunaren bideak jorratzen jarraituko dugu ildo eta ardatz desberdinetan, eta trantsizio energetikoa horietako bat izaten jarraituko du”, adierazi du Victoriano Fuentes Obra, Zerbitzu ta Mantenu Zinegotziak.

Aurten, argiteria hobekuntzak Bedoñaben

Jasangarritasunaren aldeko bideak jorratuz jarraitzeko eta energia eraginkortasunaren alde urratsak egiten jarraitzeko, Udalak urtero egiten dituen inbertsio horien baitan, aurtengoan Bedoñabeko argiteria aldatzera bideratuko ditu 30.000 euro. Inbertsio horren bitartez, 268 luminaria aldatuko ditu eta LED argiengatik ordezkatuko ditu, aurreko urteetan BAZen edota Erguinen egin moduan.

Esate baterako, Erguin Ikastolan egindako inbertsioari esker, bost hilabetetako epean energia kostua 1.748 eurotan murriztu da eta kontsumoa, aldiz, 5.691 kWhtan. Egia da kasu honetan ere Covid-19ak eragina izan duela, eta eraikinen kasuan, kostua eta kontsumoaren murrizketa neurtzea zailagoa dela, aldagai desberdinak baitaude jokoan, baina, hala eta guztiz ere, inbertsioak emaitza positiboak izan ditu.