Arrasatek Bizikidetza Plan bat osatu du pertsona migratzaileen harrera eta gizarteratzea bermatzeko

2021/03/10
Card image cap
Helburua da Arrasaten tratu zein aukera berdintasuna bermatu eta bultzatzea, edozein delarik herritarren jatorria.

XXI. mendeak aldaketa demografiko eta sozial garrantzitsuak eragin ditu Arrasaten, eta azken urteotan nabarmen hazi da pertsona etorkin eta atzerritarren kopurua. Joera aldakor horri erreparatuz eta Immigrazioaren, Herritarren eta Kultura arteko Bizikidetzaren Euskal Estrategiaren ildoei jarraikiz, Arrasateko Udalak lehentasunezkotzat jo du, migratzaileekiko berdintasuneko tratua lortze aldera, lan egitea gizarte kohesioaren aurkako erasoekin zein aurreiritzi eta estereotipoek elikatzen dituzten diskriminazio eta xenofobiarekin amaitzeko.

Horretarako, 2020-23 Bizikidetza Plana osatu berri du, Arrasaten immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku hartzeko ardatz nagusiak, ekintza politikorako proposamenak eta lanerako gida jasotzen dituena. Halaber, planaren helburu eta ekintza guztiak egin dira tratu berdintasuna (eta pertsonen arteko diskriminazio eza) eta pertsona guztien aukera berdintasuna oinarrizko baldintza gisa hartuta.

Maitane Muñoz Goikoetxea Gizarte Ongizateko eta Gazteriako zinegotziak nabarmendu du “hain aniztuna izango ez den etorkizun bat pentsatu beharrean, kontziente izan behar dugu are askotarikoagoa izango dela. Eta testuinguru horretan tratu berdintasunaren, eta arraza, etnia edo jatorria dela-eta diskriminaziorik ez egitearen aldeko borrokak garrantzia berezia hartzen du, bizikidetza hobe baterako ardatz nagusi eta gida gisa. Etorkizunean gizarte justuago, kohesionatuago eta desberdintasun sozial gutxiagoko bat irudikatu eta bide horretan aurrera egin gura badugu, mugikortasun bertikala sustatu behar dugu gizarte hori osatzen duten kideen artean, eta testuinguru horretan planteatu dugu Bizikidetza Plana”.

Gauzak horrela, 2020-23 Bizikidetza Plana sortu da tresna moduan pertsona migratzaileen barne hartzea eta gizarteratzea bermatzeko. Ikuspegiren (immigrazioaren Euskal Behatokia) gidaritza pean, plana osatzeko garaian diagnosi estatistikoa zein diagnosi kualitatiboa osatu dira, besteak beste  Arrasateko immigrazioaren egungo egoera eta horien gizarteratze prozesuen inguruko gakoak jakiteko (diagnosi estatistikoa) eta  azken urteetan Arrasaten immigrazio eta elkarbizitzaren alorrean egindako herri ekimenak zein ekintzak jasotzeko eta horri loturiko gabeziak identifikatzeko (diagnosi kualitatiboa). Azken horren kasuan, herrian immigrazioaren inguruko errealitatearen berri dakiten eragileak zein pertsona etorkinak elkarrizketatu ziren, eta eztabaida talde bat osatu zen.

Atzerritarrak Arrasaten, datuetan

EAEko atzerritarren tasa (% 6,9) Espainiakoarekin alderatuta (% 10,1) txikiagoa da. Orokorrean, Euskadiko hiru probintziak daude estatuko tasa horretatik urrun, nahiz eta Arabak ehuneko altuagoa erakusten duen (% 8,6). Arrasatekoa (% 6,8) EAEkoaren parekoa, eta Gipuzkoakoa (% 7,1) baino apur bat txikiagoa da, eta Espainiakotik urrun dago.

2018. urtean, Arrasaten, 1.488 pertsona dago atzerritar nazionalitatea duena, eta ohartu gara horien kopuruak bilakaera esanguratsua izan duela. Izan ere, 1998. urtean soilik 101 ziren, 2008rako 720ra igo da horien kopurua, eta 2018ra bitartean bikoiztu egin da. EAErekin eta Gipuzkoarekin alderatuta, Arrasatek hazkunde handiagoa erakutsi du, nabarmenagoa azken hamarkadan: atzerritarrak pasatu dira % 3,3 izatetik % 6,9 izatera, % 51,6ko hazkundea, eta Gipuzkoan % 30,6 eta EAEn % 22,5.

aniztasuna

Jatorrietan arreta jarriz, erdialdeko eta hegoaldeko Amerika da jatorri nagusiena Arrasaten —nagusiki Kolonbia eta Honduraskoak— atzerrian jaiotakoen % 46,6 osatzen dute. Horien atzetik datoz magrebtarrak (% 17,8) eta asiarrak (% 16,3), funtsean lehenean marokoarrez osatuta eta bigarrenean pakistandarrez.

Planean 3 eskuhartze eremu eta 22 ekintza

Aipatu diagnostikoen emaitzetatik abiatuta, Euskoiker Fundazioa arduratu da plana idazteaz, eta bitartekari lanak egin ditu Ikuspegiko ikertzaileen eta Arrasateko Udalaren artean.

Horri jarraikiz, planean jasota datoz Arrasateko immigrazio eta elkarbizitza esparruan ekintza politikoaren etorkizunerako ardatzak, batetik, eta gizarte sarearekin ekintza eta jarduketarako ildoak, bestetik. Horrela, 2020-23 Bizikidetza Plana 22 ekintzez osatu da, eta horiek hiru eskuhartze esparrutan banatu dira,  diskriminazio motaren arabera sailkatuta:

  1. Diskriminazio instituzionala: ekintza hauen helburua da berdintasuneko tratu instituzionala bermatzea.  Planak jasotzen dituen 22 ekintzetatik 5 ekintza dagokio eremu honi.
  2. Egiturazko diskriminazioa: alor honetan ekintza batzuk jaso dira sozializazio prozesu orokorrekin lotuak, eta horien helburua da herriko zein euskal gizarteko gizarte egituretan eragitea, bilatu guran aukera eta tratu berdintasuna Arrasateko bizilagunen artean. Planak jasotzen dituen 22 ekintzetatik 11 ekintza aurreikusi dira eremu honetan.
  3. Pertsona arteko diskriminazioa: hemen hainbat eta hainbat ekintza jaso da, aurreiritzi eta estereotipo negatiboei eta faltsuei aurre egiteko, atzerriko jatorriko pertsonei  eginak. Ekintza horiek bideratuta daude aspektu kognitiboak lantzera, jarrerak, alderdi afektiboak eta portaerak aldatzeko. Planak jasotzen dituen 22 ekintzetatik 6 ekintza aurreikusi dira eremu honetan.

Planaren helburu nagusia bada ere ekintza plan bat definitzea Arrasaten 2020-23 bitartean immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku hartzeko, udalaren asmoa da planaren bitartez gizartearen funtsezko sektoreetan eragitea, hala nola udaleko pertsonal teknikoan zein politikoan, tokiko hedabideetan, hezkuntza komunitatean, gizarte sarean (elkarteak) eta gizartean oro har (herritarrak), horien guztien hausnarketa, sentsibilizazioa eta jarrera positiboa landu eta bultzatzeko.

Planaren garapenean parte hartu dute Arrasateko Udaleko Aniztasun teknikariak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, gizarte langileak, Arizmendi Ikastolako irakasleek eta Lanbide Heziketako zuzendariak, Erguin Herri Eskolako ikasketa buruak, Lanbideko orientatzaileek zein langileek, Gurutze Gorriko gizarte langileak, Caritasko apaizak, Ekin Emakume Taldeak, IMMEk, Asociacion Activos por un mundo Solidario elkarteak eta SOS Arrazakeriak-ek.