Sagarra protagonista hilaren hirugarren zapatuan, bertako produktuen azokan

2023/10/16
Card image cap
Hileroko postuez gain, ekoizle bat egongo da hemengo hainbat sagar barietate saltzen.

Betiko moduan, Arrasateko Udalak bertako produktuen azoka antolatzen du hilaren hirugarren zapatuan, eta azarokoa ikasturteko bigarren azoka izango da, hilaren 21ean egingo dena, beti bezala, Seber Altube plazan.

Hilero egin ohi den moduan, sasoia aprobetxatuz, hemengo produktu bat izaten da protagonista, eta oraingoan sagarrari dagokio. Hori horrela, hileroko postuez gain, oraingo honetan sagar ekoizle bat izango da azokan, hainbat sagar barietate erakutsiko dituena.

Era berean, hileroko postuei beste bi ekoizle ere gehituko zaizkie hilaren 21ean: Errioxako ardoa eta Belaze baserriko produktuak (kontserbak, esnekiak…).

Zuzenean aukera izango dugu sagarra oinarri duten hiru errezeta ikusteko

Tokiko eta garaiko produktuez harago, arrasatearrek aukera izango dute showcooking saio batez gozatzeko (sukaldaritzako erakustaldia). Izan ere, Anne Otegi sukadaria bertan izango da sagarra osagai gisa hartuta, hiru errezeta sukaldatzen. Hilaren 21eko zapatuko azokan, beraz, herriko zein eskualdeko ekoizleen produktuak erosteaz gain, herritarrek zuzeneko sukaldaritza saioaz gozatu ahal izango dute.

Azokari amaiera biribila emateko, gainera, 13:00etan, 10 otar zozketatuko dira, sagar produktuekin osatuta. Zozketa egingo da azokako bezeroen artean.

Azokaren helburu nagusia da babesa eta bultzada ematea herriko eta bailarako produktuei eta ekoizpen sistemei, eta indartzea tokiko produktuen kontsumoa.