Takolo-Goiruko obrak otsailaren 23an hasiko dira

Udala plaza eta Gipuzkoako Foruen plazaren arteko bide zatia osorik altxatuko da, eta lanak amaitu ostean plataforma bakar bat geratuko da, hirigintza-oztoporik gabe.

Alkateak azpimarratu du Takolo-Goiru bera dela bizi-kalitatea hobetzeko “Udala bultzatzen ari den  planteamendu osoaren pieza txiki bat” eta aipatu du Arrasaten bizi kalitatean zuzenean eragiten duen esparruetako bat mugikortasunarena dela. Zentzu horretan, esan du, Udalak argi ikusten du Arrasaten ere  eredu iraunkorrago eta seguruago bat bultzatu behar dela,  ibilgailu motordunen erabilera masiboak sortzen dituzten gaixotasun eta gainontzeko kalte guztiak ahalik eta gehien murrizteko. Alkateak gaineratu du Udalak baduela horretarako mugikortasun plan bat eta “plan horren barruan lehentasuna da oinezkoei aukerak zabalduz joatea eta herri barruko bizikleta bide sarea osotzea”.

Bizi-kalitatea hobetzeko gakoa zenbait ohitura aldatzean dagoela eta Udala ohitura aldaketa horiek bultzatzeko eman dituen zenbait pausu ekarri ditu gogora:

  • Ospitale inguruko aparkamenduen arazoa arindu zen, eta hilabete barru aparkaleku gehiago izango dira ospitale atzealdean.
  • Hiri busaren hiru zerbitzu berri ere ezarri ziren iaz.
  • Herrian seinalitika berria jarri da.
  • La Merced-ekin egin zuen Udalak hitzarmena, aparkamendua erabilpen publikorako bihurtuz.
  • Herri arteko bidegorrira loturak egiten ari dira. Horren adibide, iaz konpondu zen Anboto kalearen osteko bide gorri zatia da.
  • TAOren ezarpena, autoen errotazioa eragiteko eta autoen zentzuzko erabilpena bultzatzeko. Hurrengo erronka izango da TAO gehiago zabaltzea erdialdean.


Herri barruko bizikleta sarea

 

Mugikortasunari dagokionez, momentu honetan gaurkotasun handiena duena da herri barruan bizikleta bide sarea indartuz ari dela Udala. Eta, horrekin lotura zuzena du Takolo-Goiru proiektuak.

Herri barruko bizikleta sareari buruz, esan Etxaluze-Musakola proiektua jendaurrean dagoela, eta otsailaren 25era arte aurkeztu daitezkeela alegazioak.   Epe horren ostean eraikitze proiektua egiten hasiko dira eta espero da Sanjuanetarako amaituta izatea. Kasu horretan, Udalak obren exekuziorako adjudikazio prozedura abiatu ahalko luke uda ostean eta, ondo bidean, aurtengo abenduan edo 2016 hasieran hasiko lirateke obrak. Udalak 2015eko aurrekontuetan 80.000 euro dauzka horretarako gordeta.

Etxaluze-Musakola amaitutakoan, Arimazubi eta Maala artean dagoen bide sarearen ardatzan jarraituko litzateke; zehazki Muxibarko biribilgunetik Arbolapeterainoko zatian, non, oinezkoentzat ere hobetze lanak aurreikusten baitira mugikortasunarekin lotuta.

Bidegorri sareak herri barruko oinezkoen guneak ere lotzen ditu: Garibai, Arimazubi, Kiroldegia… Zentzu horretan, garrantzitsua da Arrasate pasealekua oinezko gune bihurtzea zati horretan. Lehen esan bezala, oinezkoei emango zaie lehentasuna eta egun Arrasate Pasealekutik pasatzen den trafikoa bideratzeko zenbait alternatiba badirela ikusi dugu. Obrak burutzen ari diren bitartean ikusiz joango gara zein den aukerarik onena; izan ere, obrak berak erakutsiko du zein den antolaketa egokiena.


Takolo-Goiruko lehen fasea aurten

 

Beraz, Takolo-Goiruko proiektuan, Arrasate Pasealekuko obrei eman zaie lehentasuna 2015erako: proiektua 9 fasetan gauzatuko da eta hau lehen fasea da, “F” izenekoa; Arrasate pasealekuko bi biribilguneen artean jardungo du (Foruen plaza eta Udala plazaren mugan dagoen bidezatian). Bederatzi faseetan konplexuena da.

Obrei otsailaren 23an emango zaie hasiera, eta 6 hilabete inguru iraungo dute. Udala plaza eta Gipuzkoako Foruen plazaren arteko bide zatia osorik altsatuko da, alderik alde, eta lanak amaitu ostean plataforma bakar bat geratuko da, hirigintza-oztoporik gabe.

Udala plazako biribilgunean egokitze lanak egingo dira, baina ardatza aldatu gabe, eta horrek leku horretan trafikoa ia moztu behar ez izatea ekarriko du, puntualki izan ezik. Gipuzkoako Foruen plazan, aldiz, biribilgune berri bat eraikiko da, eta horrek zati hori denbora batean moztu behar izatea ekarriko du, agian. Hala ere, neurri osagarriak hartuko dira gune hori ahalik eta denbora gehien zabalik eta erabilgarri egon dadin.

Arrasate pasealekutik diharduen trafikoa beste bide batzuetatik desbideratu beharko da. Arrasateko saihesbidearen eremura doazen ibilgailuei Olandixopeko tunela erabiltzea gomendatzen zaie, hori izango baita irtenbide azkar eta egokiena. Barne mugimenduak Loramendi eta Uribe kaletik bideratuko dira, horretarako egokipen txiki batzuk egin beharko  direlarik.

Beraz, bai Aretxabaleta, eta bai Elorrio eta Bergaratik datozenei, Arrasateranzko edozein guneetarako egin beharreko mugimenduetarako saihesbidea erabiltzea gomendatzen zaie, eta Gesalibar-Garagartza edota Uribarri-Erguin guneetara badoaz Olandixopeko tuneletik jarraitzea, herri barruko kaleak ahalik eta gutxien erabiliz. Mugimendu guzti horiek gutxituz gero, Uribarri eta San Andresen arteko lotura Loramendi eta Uribe kaletik barna egiteak ez luke inolako arazorik ekarri behar.