Udalak hauskortasun, mendetasun zein babesgabetasun egoeran dauden adinekoen arreta eta zaintza egingo du Hurkoa fundazioarekin elkarlanean

2021/02/10
Card image cap
Udalak 14.262,30 euroko partida erreserbatu du 2021ean Hurkoa fundazioarekin eskuhartzeak aurrera eramateko, herritar zaurgarrienak babesteko

Arrasateko Udalak Hauskortasun egoera larrian dauden adineko pertsonen eskuhartzea (Hauskor programa) egiten jarraituko du Hurkoa fundazioarekin elkarlanean. Udalak 14.262,30 euro bideratuko du 2021ean eskuhartzeak aurrera eramateko, herritar zaurgarrienak babesteko. Arrasateko Udalak 2018az geroztik dihardu lanean Hurkoa fundazioarekin.

Hurkoa fundazioa Caritasek sortu zuen, eta hauskortasuna, mendetasun zein babesgabetasun egoeran dauden adinekoen eta gaixotasun mentala dutenen arretaz, defentsaz eta tutoretzaz arduratzen da, batez ere Gipuzkoan.

Maitane Muñoz Goikoetxea Gizarte Ongizateko eta Gazteriako zinegotziak nabarmendu du “berezko zahartze prozesuak kalteberatasun egoera sortzen duela, eta narriadura prozesuak eta mendekotasun prozesuak garatzeko arrisku egoera. Hurkoa fundazioarekin elkarlanean udaletik egindako azterlanari esker, sozialki hauskorra den pertsonaren kontzeptua mugatu ahal izan dugu, bai eta beharrak, zailtasunak eta gabezia jakin ere, eta horren araberako baliabideak ezarri, inork jasan ez dezan kalteberatasun egoerarik. Muinean, inor atzean gera ez dadin eta arrasatear guztiok batera egin dezagun aurrera”.

Hurkoa fundazioak eta Arrasateko Udalak, elkarlanean, azterlanaren oinarri izan zen programa pilotua jarri zuten abian 2018an, hauskortasun egoeran dauden adinekoei arreta emateko. Ekimenak adinberri fundazioaren laguntza jaso zuen. Proiektu horren helburua izan zen gizarte baliabideak eta zerbitzuak iristen ez zaizkien pertsona ahulak identifikatzea, haien ongizatean laguntzeko eta narriadura egoerak prebenitzeko.

Azterlanaren emaitzak 2019ko maiatzean eman ziren ezagutzera, zeinak adierazten zuten, beste hainbaten artean: arrasatearren % 24,2k 65 urte edo gehiago du eta % 12k 75 urtetik gora. Inkesta egin zuten 218 lagunetatik 152 bakarrik bizi dira, eta pairatzen dituzte erorikoak, osasun arazoak, kalera irteteko gabeziak, zailtasun ekonomikoak eta irisgarritasun mugak. *Atxikita datu guztiak.

Azterlanaren emaitzek balioko dute Hauskortasunaren Arretarako Plan Integrala definitzeko.

Azterlanaz gain, eskuhartze sozial bizia eskaini zuen zaurgarritasuneko 16 kasutan, Arrasateko oinarrizko gizarte zerbitzuek aukeratuak, Hurkoa fundazioaren kargura.

Udalak jarraipena emango die eskuhartze horiei 2021ean Hurkoa Fundazioarekin elkarlanean. Udalak 14.262,30 euro bideratuko du funts horretara.

Arrasateko adinekoen bizi kalitatea 7 puntukoa da 10eko eskala batean

Udalak Hurkoa fundazioarekin elkarlanean egindako azterlanaren helburua izan da jakitea zer egoera bizi duten  65 urtetik gorako adinekoek hainbat arlotan; zehazki, arlo hauek aztertu dira: osasuna eta eguneroko jardueretan izan ditzaketen mugak, harreman sozialak eta parte hartze sozial eta komunitarioa, ongizate emozionala, etxebizitzaren egoera, errealitate ekonomikoa eta erabilgarri dauden gizarte baliabideen berri izatea. Lortutako emaitzak atera dira 64 urtetik gorako 200 adinekori baino gehiagori egindako inkestetatik; horietatik 152 bakarrik bizi dira eta 66 beste norbaitekin.

Arrasaten, Udalmapen datuen arabera, biztanleriaren % 24,2k 65 urtetik gora du, eta horietatik % 12k 75 urte edo gehiago. Zifra hori Gipuzkoaren batez bestekotik (% 10,6) gora dago.

Osasunari dagokionez, balorazioa 6,8 puntukoa da 10erainoko eskala batean. Bakarrik bizi diren pertsonetatik % 19,5 erori izan da behin edo behin eta zailtasunak izan ditu altxatzeko. % 15,4k sarri izan ditu osasun arazoak eta horrek beren kabuz moldatzea eragotzi izan dio. % 10,6k esan du osasun arazoek kalera irtetea galarazten diotela.

Inkestatuen % 70ek adierazi du gaitasun ona edo oso ona duela eguneroko jarduerak eta lanak egiteko; alabaina, % 9k adierazi du txarra edo oso txarra duela. Bakarrik dauden pertsonen artean, % 31k zailtasunak ditu ekonomia edo lege jarduerak egiteko eta % 30k etxeko lanak egiteko. 

65 urtetik gorako pertsonen harreman egoerari buruz lortutako datuen arabera, arlo horretan egoera positiboa da; izan ere, % 84k egunero ditu harremanak hurbileko familiarekin. % 95ek nahikoa babesa jasotzen du familiatik; alabaina, % 5ek ez du halako laguntzarik. Gainera, % 3,3k esan du ez duela norengana jo laguntza behar izanez gero.

Ongizate emozionalari dagokionez, galdetutakoen % 15ek bakardadea edo tristura sentitzen du.

Egoera ekonomikoarekin edo etxebizitzarekin lotutako alderdietan, bakarrik bizi diren pertsonen % 10ek adierazi du zailtasunak dituela gastu orokorrei erantzuteko, eta % 35ek negatiboki baloratu du eraikinaren atariko irisgarritasuna, eskailerak dituzte-eta, arrapalarik barik.

Inkestak jasotzen duen beste datuetako batek erakusten du, galdetutako pertsonen % 90ek ezagutzen dituela Arrasateko Udaleko gizarte zerbitzuak. 

Lortutako datu guztiak aztertuta, Arrasateko adinekoen bizi kalitatearen batez besteko balorazioa 7 puntukoa da 10eko eskala batean. Badago, aldiz, hauskortasun testuinguru bat, bakardade eta isolamendu egoerekin, herriko biztanleen kopuru murritz bati eragin arren, abordatze osoa behar duena pertsona horien beharrei gertuagoko erantzuna eman ahal izateko.