Hirugarren bilera: ideiak sortzen

2017/03/20
Card image cap

Martxoaren 15ean bildu da hirugarren aldiz Arrasateko Haur Kontseilua. Ideiak sortzeko eguna izan da gaur. Batzuek hilabete honetan zehar lagunekin hitz egin dute Santa Barbara parkearen inguruan eta ideia zerrenda luzearekin datoz jada!

Hasteko, aurreko bileran bildutako materiala aztertu dugu: fitxak, planoak, argazkiak, murala… Argazkiak sorpresa hutsa izan dira, kamera analogikoekin ibili ginenez ez baikenekien nolako itxura zuten! Beroketa ariketa batzuk egin ondoren, ideia zaparrada sortu dute. Une honetan ez dago ideia zororik, ez dago filtrotik, ahalik eta ideia gehien sortu behar zituzten kideek. Hurrengo jarraibideen arabera ibili dira lanean:

1. Ez epaitu besteen ideiak

2. Ahalik eta ideia gehien bota

3. Sortutako ideietatik tiraka berriak asmatu

4. Ideia ausartekin animatu

 302 argazkia

Ideia mordoa sortu dira, batzuk antzekoak beraien artean, besteak guztiz ezberdinak: natura gozatzearekin lotutakoak, kirola eta aisialdiaren ingurukoak... Udako zinema egitea ere proposatu dute gau epeletan parkeaz gozatzeko. Ideia guztiak dira baliagarriak, eta taldeka antolatuz, denak txertatzen saiatuko gara osatzen ari garen proiektu honetan.

303 argazkia

Gelditzeko eta tripa betetzeko unea da: galletak, fruitu lehorrak, platanoak… Laster Alkatea dator eta prest izan behar dute burua eta gorputza. Eta azkenik heldu da Maria Alkatea. Oraingoan ere guztiok batera eseri gara, eta haurrek hasierako ideiak, grinak eta motibazioak kontatu dizkiote Ubarretxena-ri, eta baita aurreikusitako arazoak. Alkateak atentzio osoz entzun eta apunteak hartu ditu, haurrek zituzten dudak eta kezkak erantzunez. Udaletxearen prozedurak azaldu dizkie konteilu-kideei, eta informazioa non eskatu dezaketen baita. Haurrek parkeko kantina zaharraren inguruko informazioa nahi dute, honen inguruan proposamen bat garatu nahi dutelako. Hirigintza sailera jo beharko dutela argitu die Mariak, bertan izango baitute planoen eta jabetzaren berri.

304 argazkia

Oraingoan ere azkar-azkar pasatu dira saioaren 2 orduak! Alkatea agurtu eta azken erabakiak hartu dituzte kideek: Nor joango da hurrengo asteko Udal Jarraipen bilerara? Nork emango du egunerokoan hirugarren bilera honen berri? Baditugu boluntarioak ardura guztiak hartzeko.

Zer gertatuko ote da laugarren bileran?