Lehenengo bilera: elkar ezagutzen

2017/01/20
Card image cap

Urtarrilaren 16ean bildu da lehen aldiz Arrasateko Haur Kontseilua. Udalerrian lehen aldiz martxan jarritako proiektua dugu hau, eta horregatik agian, galderak eta jakin-mina izan dira nagusi bilkuran. Lehenengo saio honetan elkar ezagutzea izan da helburua: bai partaideak beraien artean, bai lan egiteko duten Gaztetxokoaren espazioa, bai Maria Ubarretxena Alkatea bera… Elkar ezagutu eta harremanak sortzen hastea hain zuzen ere.

Joko artean, partaide bakoitzaren Arrasateko toki kuttuna eta postre gogokoena ezagutu ahal izan dituzte, eta baita beraien izaera ere: Taldean ala nire kontura aritzea gustatzen al zait? Perfekzionista ala txapuzeroa al naiz? Burugogorra naiz ala errez moldatzen al dut nire iritzia? Nola adierazten dut gusturago, idazten ala marrazten? Kontseiluan parte-hartzeko motibazio eta grinak ere konpartitu dituzte. Besteak beste, jende berria ezagutzeko, ideiak emateko eta herriko erabakietan parte hartzeko gogoarekin datoz aurtengo partaideak.

Jarraian, Maria Ubarretxena Arrasateko Alkatea hurbildu da Gaztetxokora, eta elkarrekin eserita, euren burua aurkeztu diote kontseilu-kideek. Mariak Alkate lanaren nondik norakoak azaldu dizkie eta bereziki azpimarratu du talde lanaren garrantzia. Haur Kontseilua sortzeko arrazoiak ere azaldu dizkie, bera eta bere lankideak izan baitira udalerrian proiektu hau martxan jartzeko iniziatiba bultzatu dutenak. Aldi berean, Kontseiluko kideek hainbat galdera egin dizkiote: bere lanaren eta udalaren funtzionamenduaren ingurukoak, alkate izateko arrazoien ingurukoak, Arrasateren eta Santa Barbara parkearen jatorriez etab

101 argazkia

Ondoren, aurtengo ikasturtean jorratuko duten gaiari buruz hizketan ibili dira: Santa Barbara parkearen erabilera sustatzea da alkatetzak proposatu dien erronka. Parkearen izenaren jatorriaz eta jada ezagutzen dituzten problematikez mintzatu dira. Haurrek parkean izandako esperientziak partekatu dituzte eta konturatu gara, gurasoen ikuspegiarekin alderatuta oso ezberdinak direla. Parkearen inguruko beldurrak eta gazteen arteko botere harremanak ere plazaratu dira, eta hauei proiektuaren bitartez aurre egiteko beharra dagoela ikusi dugu. Lehenengo proposamenak ere bistaratu dira, eta ondo gorde ditugu hurrengo saioetan garatu ahal izateko.

Konturatu gabe saioaren bukaerara heldu gara! Alkatea agurtu eta Santa Barbara parkea hobeto ezagutzeko egin dezaketena komentatu dugu denon artean: parkeko langileekin hitz egin dezakete, historia ezagutu nahi dute, eta gainera, kalera irten eta espazioan zehar ibili nahi dute! Otsailean izango dute guzti honetarako aukera!