GABA BALTZA ETA ARIMEN BILTZARRA

2019/11/07
Euskal ohiturei eutsita, egitarau borobila Gaba Beltzean!

Duela urte batzuk, “halloween”en alternatiba propio bat sortzearen erronkari ekin genion, izan ere, jakin badakigu egun horretako ospakizun propioak gurean ere izan ditugula.

Hori dela eta, Ttak, Ekin eta Txatxilipurdiko gazte eta haur saila batu eta batera hasi ginen lanean, egun horretako egitarau berezia prestatzeko.

Ludotekari dagokionez, haurrek, nerabeek aukera izan zuten beldur etxera bisita egiteko, ilusio handiz prestatutakoa. Askok beldurrak gainditu eta emozioz beteriko arratsaldea pasatu zuten.

Horrez gain, aste guztian, gaba baltzaren gaia landu genuen ludoteketan, eta nondik datorren azaldu eta kukumarro zein kalabaza tailerrak egin.

Jaialdiaren egunean bertan, denok batera mozorrotu ginen eta, gure kalabazei kandelen argiak ipiniz, plazan bildu ginen. Bertan, Ilargitxorekin batera kalejirari hasiera eman eta Arrasateko kaleak, misterioz eta kandelen argiak ematen duen xarma bereziaz bete genituen. Gaztetxera heltzerakoan, Arimen Biltzarra ospatu genuen. Nerabe batek Kukumarroren inguruko ipuina kontatu zuen, edabe eta hitz magikoak esan eta udazkeneko jakiak dastatu genituen.

Ikaragarrizko lana eta ilusioa dago horren guztiaren atzean, eta eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen lanean aritu zareten guztioi eta baita parte hartu duzuenoi ere.

Horrek guztiak izandako erantzuna ikaragarria izan da benetan!!!