Arrasateko jabetza publikoko landa bideen inbentarioa

Udaleko Osoko Bilkurak, 2015eko apirilaren 16an egindako bilkuran, behin betiko onartu du Arrasateko jabetza publikoko landa bideen inbentarioa. Eta horrekin batera Arrasateko Udaleko ondasunen inbentarioan sartuko da.

Gaur egun indarrean dagoen inbentarioa gauzatu dugu herriko kultura ondare diren landa bide publikoak jasotzeko, babesteko eta balioan jartzeko.

Kronologia

Inbentarioaren lanak 2006an hasi ziren, eta horretarako Sendo, SL injinerutza enpresa kontratatu zuen udalak. Inbentariatze eta katalogatze lanak 2006an eta 2007an egin zituen. Tartean, herritarrentzako erakusketa publikoak eta kontsultak egon ziren (2010eko martxoan eta 2011ko apirilean).

Ingurumen sailean hainbat lehentasunek etenaldia ekarri zuten, inbentarioari zegokionez; horregatik, 2014ko azaroan pertsona bat kontratatu zuen, Arrasateko Landa Inguruneko teknikariarekin batera lan horiekin jarraitzeko.

Metodologia

Arrasateko jabetza publikoko landa bideen Inbentarioko azken fase honetan ere Sendo SL enpresak erabili zituen irizpide eta euskarri berberak erabili ditugu, metodologiari, bideen deskripzio fitxei, lan egiturari eta abarri dagokienez: metodo historiko-geografikoa aplikatu da, eta garrantzi berezia eman zaio auzotarren eta interesdunen parte hartzeari.

Inbentarioaren edukia

Proiektu honetan bide mota bi jaso ditugu, zolatutako bideak eta zolatu gabeko bideak:

  • Zolatutako bideak: baserrietara doazen bideak dira, eta hemen sartzen dira udalak urteetan hormigoitu edo asfaltatu dituen bideak.
  • Zolatu gabeko bideak: antzina-antzinako erabilera izan duten gurdibideak, errege bideak eta bidezidorrak izan direnak.

Inbentarioa kontsultatzeko moduak:

  • Beheko mapa interaktiboan aukera dago inbentariatutako bideen sarea eta bakoitzaren nondik norakoa ikusteko. Mapan, hiru koloretako bideak daude ikusgai:
      1. Urdina: zolatutako bide publikoak.
      2. Horiz: zolatu gabeko bide publikoak.
      3. Gorriz: erabakitzeke dauden bideak.
  • Balio administratiboa duen inbentarioaren planoa, pdf formatuan, jaitsi dezakezue hemen (8Mb)
  • Inbentarioko bideen inguruko zehaztasun handiagoa gura izanez gero, dokumentazio guztia ikusgai duzue Arrasateko Udalaren Ingurumen sailean.