Arrasate kirol herria

2026/03/16
Card image cap
Ikasturteko 6. saio honetan Arrasate kirol herriaren inguruan hausnartzeaz gain, Haurren Kontseiluaren orain arteko balorazioa egin dugu.

Gaurkoan, espazio berri bat ezagutzeko aukera izan dugu. Gaia kirola izanda, Uarkapeko pilotalekuan burutu dugu saioa. Bertan, ongi etorria eman eta goizak izango duen egitura azaldu dugu. Jarraian, Zer moduz nator? erronda egin dugu taldea nola dagoen jasotzeko.

Eguneko lehenengo dinamikan, Harri orri ar jolasa oinarri harturik oztopo zirkuitu bat gainditu behar izan dute.

Jarraian, jarduera fisikoa egin dugula baliatuz, ondorengo bi galderen inguruan hausnartu dugu talde handian:

  • Zer da kirol herria?
  • Zer da jarduera fisikoa egitea?

Galdera hauen bitartez, kiroldegietatik haratago, herriko plaza zein natur eremuak ere jarduera fisikoa egiteko gune aproposak direla nabarmendu dugu.

Atsedenaldia pilotalekuan bertan egin dugu, oztopo zirkuiturako erabilitako materiala baliatuz.

Saioaren bigarren zatian, dantzan jarri ditugu parte hartzaileak. Jarraian Arrasate kirol herria egitasmoaren inguruan aritu gara. Horretarako, bi taldetan banatu gara eta mapak euskarri nagusi bezala erabiliz, zein jarduera mota eta non egiten duten adierazi dute.

Saioarekin bukatzeko, ikasturte erdiko balorazio dinamika burutu dugu termometroa irudikatzen duten euskarrietan gometxak itsatsiz.