Hondakin bilketa

KUDEAKETA EREDUA: Mankomunatua

HELBURUA

Herriari ematea hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzu egokia.

EZAUGARRIAK ETA FUNTZIONAMENDUA

Debagoieneko mankomunitateak bere gain hartutako zerbitzua. Hainbat jarduera garatzen du:

Debagoieneko Mankomunitatearen Ingurumen Zerbitzuak hondakinak biltzeko zerbitzu ugari ematen die eskualdeko herritarrei eta enpresei. Labur esanda, zerbitzu hauek ematen ditu:

  • Etxeko hondakinen bilketa
  • Bolumen handiko hondakinen bilketa
  • Etxeko paper eta kartoi bilketa
  • Merkataritza eta industriako kartoi bilketa
  • Ontzi arinen bilketa
  • Beirazko ontzien bilketa
  • Arropa bilketa
  • Pila bilketa
  • Gune berde ibiltaria
  • Garbigunea
  • Inausketa eta lorategiko hondakin bilketa
  • Epeleko hondakin bizigabeen isurtegia.

Mankomunitateak erabiltzen duen irizpidea da zergadunen kopuruarena, eta Arrasateren kasuan dira 12.925, eta horrek esan gura du eskualdeko zergadun guztien %37,40.

Debagoieneko Mankomunitatea

www.debagoiena.com  
Nafarroa etorbidea,  17  20500  Arrasate/Mondragón (Gipuzkoa)
Tel.: 943 79 33 99   Fax: 943 77 08 54   debagoiena@debagoiena.net

 

 

Mankomunitateko web orritik lortu ditugu zerbitzuen azalpenak.

Etxeetako zabor bilketa

Norentzat da?

Eskualdeko etxebizitza guztientzat, baita denda, ostatu, zerbitzu-enpresa eta bulegoentzat ere. Industrietan sortutako hondakinak, hirietakoekin parekagarri direnak, ere hemen sartzen dira (bulego, jangela, etab.en garbiketa).

Zer biltzen da?

Gaur egun gaikako bilketarik ez duten hondakinak bota behar dira zabor-poltsa horietara.

  • Bai: Gai organikoak (jaki solidoak, barazki, fruta, arrain, haragi eta abarren hondarrak, etab.), berriro erabili edo birziklatu ezin diren zatiak (konpresak, pixoihalak, zigarro-mutxikinak, garbiketako hautsa, boligrafo erabiliak, etab.)
  • Ez: EZ: berriro erabili edo birziklatu daitezkeen zatiak (beirazko edo plastikozko ontzikiak, latak, metalezko ontziak, brick-a, papera, kartoia, arropa, oinetakoak, etab.), etxeko hondakin arriskutsuak (pilak, fluoreszenteak, etxetresna elektrikoak, disolbatzaileak, pinturak, olioak, etab.).

Non utzi?

Zabor-poltsak kolore berdeko edukiontzietan utzi behar dira. Edukiontziak ez dauden lekuetan, eginbehar honetarako dauden bilketa lekuetan utzi behar dira (Z/B lekuak).

Noiz?

Bilketa egunetan, 20:00etatik 22:00etara.

Bilketa egunak Arrasaten, Asteartea, osteguna eta igandea. 

Jai egunetan zerbitzua mantentzen da. Abenduak 24 eta 31an, bilketa eguna suertatzen bada, zaborra goizez, 11:00-13:00 tartean atera behar da.

Nola?

Edukiontzia beteta baldin badago, hurbilen dagoen beste edukiontzi batera eraman behar da zabor-poltsa, baina sekula ez utzi kalean. Ez utzi pixu handiko poltsak. Zaila da honelakoak kamioira kargatzea eta azkenean, hautsi egiten dira. Ongi itxitako poltsa egokietan utzi zaborra (ez daitezela hautsi edo ireki)

Zer egiten da hondakin hauekin?

Edukiontzietan utzitakoa astean 3 egunetan biltzen da eskualdeko udalerri guztietan eta Akeiko transferentzi plantara eramaten da. Han edukiera handiko kamioietara aldatzen da eta gero Beasaingo Sasieta zabortegira eramaten da.

Kontutan izan zabor edukiontzira botatzen dituzun hondakinak EZ direla inoiz aprobetxatuko. Zabortegian estali eta betiko geratuko dira. Hondakin birziklagarriak botatzeko ERABILI GAIKAKO BILKETA ZERBITZUAK.

Datua:

Debagoieneko eskualdean 17.783 tona banandu gabeko zabor sortu ziren 2004 urtean (biztanle bakoitzak eguneko 0,79 kilo zabor).

Hondakin handien bilketa

Norentzat da?

Eskualdeko etxebizitza guztientzat, baita denda, ostatu eta bulegoentzat ere.

Zer biltzen da?

Etxeko tresna handiak.

  • Bai: Altzariak, lastaira edo koltxoiak, linea zuriko etxetresna elektrikoak (hozkailuak, arropa-garbigailuak, etab.), linea gris-marroiko etxetresna elektrikoak (telebistak, ordenagailuak, etab.).
  • Ez: industria, nekazal eta abeltzaintza aktibitateetan sortutako hondakin handiak, pneumatikoak, palet-ak, papera, kartoia, zabor poltsak.

Non utzi?

Hurbilen dagoen zabor-edukiontziaren ondoan utzi behar dira tresna handi hauek.

Noiz?

Arrasaten asteartero.

Bilketa eguna jaia bada, bilketa hurrengo edo aurreko egunean egingo da, hurrengo egutegiaren arabera. Abuztuan ere zerbitzua ematen da.

Abenduak 24 eta 31an, bilketa eguna suertatzen bada, traste zaharrak goizez, 11:00-13:00 tartean atera behar dira.

 

Nola?

Telefonoz deitu behar da, zerbitzuak ZER aterako den eta NON, aurretik jakin dezan. Tel. 943 71 19 38.

Hondakin handiak ongi metatuta eta bide publikoan ahalik eta enbarazurik txikiena egiteko moduan utzi. Ez utzi trasteak edukiontzian apoiatuta. Utzi gutxienez 30 cm-ko tartea. Lur azpiko puntuetan utzi hondakin handiak buzoia inguratzen duen plataformatik kanpo. tartea.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Hondakin handiak Altzaurtiko plantara eramaten dira, han sailkatu eta zatikatu egiten dira osagaiak banatzeko:

  • Linea gris-marroia. Indumetal Recycling, S.A. enpresara bidaltzen da.
  • Txatarra. Altzairu-galdategietan metala birziklatzen da.
  • Zur edo egur garbia. Aglomeratu bezala birziklatzen da.
  • Zur edo egur zikina. Erregai gisa erabiltzen da.
  • Erreusa. Birziklatu ezin diren zatiak zabortegira doaz.

Ingurumenarentzako onurak

  • Energia eta baliabide naturalak aurrezten ditugu, hondakin handien materialak birziklatu edo energetikoki balorizatzen direlako.
  • Zabortegia gutxiago betetzen da.

Datua

Eskualdean 705 tona jaso ziren 2004-an (urteko eta biztanleko 11,4 kilo traste zahar).

Etxeetako papera eta kartoia

Norentzat da?

Eskualdeko etxebizitza, erakunde, denda, ostatu eta bulego guztientzat.

Zer biltzen da?

  • Bai:
    • Kartoiak: kartoizko ontzikiak, gaileta-kaxak, zereal-kaxak, zapata-kaxak, etab.
    • Papera: egunkariak, aldizkariak, publizitatea, paperezko poltsak, etab.
  • Ez:
    • Erabilitako pixoihalak.
    • Plastifikatutako, zira emandako edo metalizatutako paperak.
    • Brick-ak.
    • Dendetako eta lantegietako kartoia, zerbitzu berezi baten bidez biltzen da.
    • Ezpain-zapi eta sukaldeko paper erabiliak. Zikindutako edo bustitako paperak.
    • Papera/kartoia edukiontzira eramateko erabili ditugun plastikozko poltsak.
    • Papera koadernatzeko grapak edo bestelako sistemak.
    • Beirazko edo plastikozko ontzikiak, latak, metalezko ontzikiak.

Non utzi?

Kolore urdineko edukiontzietan.

Noiz?

Urte osoan, edozein egunetan, edozein ordutan.

Nola?

Edukiontzia beteta balego, hurbilen dagoen beste edukiontzi urdinera eraman behar dira papera eta kartoia, sekula ez utzi kalean. Edukiontzira sartu aurretik tolestu kartoizko kaxak.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Papera eta kartoia klasifikatu, fardoak egin eta papergintza enpresetara bidaltzen dira, paper edo kartoi birziklatua egiteko.

Ingurumenarentzako onurak:

  • Paper eta kartoi birziklatua egitearen prozesua, egurretik hasita baino askoz prozesu garbiagoa da, eta ingurumenarekiko atseginagoa:
    • Ez da egurra erabili behar ezta zuhaitzik moztu behar.
    • Ura eta energia aurrezten dira.
    • Fabrikazioan sortzen den kutsadura txikiagoa da.
  • Zabortegia gutxiago betetzen da.

Datua:

Tona bat paper berri egiteko, 20 urte inguruko 14 zuhaitz, 5.000 kw/ord. energia eta 100.000 litro ur behar dira.

Denda eta lantegietako kartoia

Norentzat da?

Eskualdeko denda guztientzat. Industria txikietan sortutako kartoia ere sartzen da.

Garrantzitsua:

Zerbitzu hau erabili nahi duten lantegi eta dendek 943 79 33 99 telefono zenbakira deitu behar dute.

Zer biltzen da?

  • Bai: kartoia.
  • Ez: papera, beirazko edo plastikozko ontzikiak, aluminiozko poteak, brick-ak, pilak, hondakin handiak, zabor-poltsak.

Non utzi?

Zaborrak biltzeko edukiontzien edo horretarako puntuen ondoan, baina sekula ez sartu zabor-edukiontzien barruan.

Noiz?

  • Astelehena, asteazkena eta ostiraletan:

    - Arrasateko industrigune eta auzoak.
  • Astelehenetik Ostiralera:

    - Arrasateko herri guneak.

Nola?

Kartoia ongi tolestuta utzi behar da, txukun, behar bezala metatuta, eta hobe, lotuta uzten bada. Kartoiak ez du plastiko, poliespan, metalezko elementu edo beste material arrarorik izan behar. Horrek bilketa baliogabetuko luke.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Kartoia enpresa batera bidaltzen da, eta honek lehengaitzat erabiltzen du kartoi birziklatua egiteko.

Ingurumenarentzako onurak:

  • Papera eta kartoia birziklatuz deforestazioa gutxitzen da eta ura eta energia aurrezten da.
  • Papergintzako enpresen kutsadura murrizten da.
  • Zabortegia gutxiago betetzen da.

Datua:

Debagoieneko Mankomunitateak 663 tona denda eta lantegietako kartoi bildu zituen 2004an.

Ontzi arinak

Norentzat da?

Eskualdeko etxebizitza guztientzat, baita denda, ostatu, zerbitzu-enpresa eta bulegoentzat ere. Industrietan sortutako hondakinak, hirietakoekin parekagarri direnak, ere sartzen dira (bulego, jangela, etab.en garbiketa).

Zer biltzen da?

  • Bai: Plastikozko ontzikiak (elikagai, olio, garbigarri, kosmetiko, etab.enak), plastikozko poltsak, metalezko ontzikiak (aluminiozko poteak, kontserba-poteak, etab.), brick-ak, hustutako aerosolak.
  • Ez: Ontziak ez diren plastikozko edo metalezko gauzak (plastikozko jostailuak, etxetresna elektriko txikiak, toner erabiliak, sukaldeko edo komuneko tresnak, gomazko eskularruak, zartaginak, etab.). Beirazko, paperezko eta kartoizko ontziak.

Non utzi?

Kolore horiko edukiontzietan.

Noiz?

Urteko egun guztietan, edozein egunetan, edozein ordutan.

Nola?

  • Ontzikiek hutsik egon behar dute erabat eta ahal bada, garbituta
  • Ontzikiak tolestuta bota, horrela toki gutxiago behar dute.
  • Ez sartu edukiontzian poltsa osoa ontzikiak barnean dituela. Lehendabizi ontzikiak sartu eta gero bota poltsa.
  • Edukiontzia beteta badago, eraman ontzikiak hurbilen dagoen hurrengo edukiontzira.
  • Ez sartu ontzi bat beste batean sartuta.
  • Kendu tapak plastikozko ontziei.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Edukiontzietan bildutakoa ontziak sailkatzeko Legazpiko plantara eramaten da. Han, ontzikiak banatu eta sailkatu egiten dira osagaien arabera: PEAD, PEBD, PET, aluminioa, altzairua, etab. Hauekin, plastikozko edo metalezko produktuak egiten dira.

Ingurumenarentzako onurak:

  • Produktuak plastiko birziklatuaz egitearen prozesua, petroliotik hasita baino askoz prozesu garbiagoa da, eta ingurumenarekiko atseginagoa:
    • Ez da petrolioa erauzi ezta birfindu behar.
    • Ura eta energia aurrezten dira.
    • Fabrikazioan sortzen den kutsadura askoz txikiagoa da.
  • Baliabide naturalak aurrezten dira (petrolioa, metalezko mineralak, etab.).
  • Zabortegia gutxiago betetzen da.

Datua:

Gure eskualdean 504 tona bildu ziren 2004an (8,2 kg ontziki arin biztanle bakoitzeko urtean).


Beirazko ontzikiak

Norentzat da?

Eskualdeko etxebizitza guztientzat, baita denda, ostatu, zerbitzu-enpresa eta bulegoentzat ere.

Industrietan sortutako hondakinak, hirietakoekin parekagarri direnak, ere sartzen dira (bulego, jangela, etab.en garbiketa).

Zer biltzen da?

  • Bai: Beirazko ontzikiak (botilak, poteak, flaskoak, etab.).
  • Ez: ontzien tapoiak, plastikozko ontziak, ontziak ez diren beira edo kristalezko gauzak (ispiluak, bonbilak, fluoreszenteak, leihoetako kristalak, autoen kristalak), baxera, portzelanazko irudiak, metalezko ontziak, brick-ak, papera, kartoia.

Non utzi?

Iglu formako edukiontzi berdeetan.

Noiz?

Urte osoan, edozein egunean. ekidin beira gauez uztea, bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

Nola?

Ontzikiek hutsik egon behar dute erabat eta tapoirik, kortxorik, zirrindolarik, taparik edo antzerakorik gabe. Iglua beteta balego, hurbilen dagoen hurrengo iglu berdera eraman behar dira beira ontziak, inoiz ez utzi lurrean.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Edukiontzietan bildutako beira berriro urtu eta beirazko ontziki berriak egiteko erabiltzen da.

Ingurumenarentzako onurak:

  • Ontziak beira birziklatuaz egitearen prozesua, hareatik hasita baino askoz prozesu garbiagoa da, eta ingurumenarekiko atseginagoa:
    • Baliabide naturalen erabilera murrizten da (ez da harea erauzi behar).
    • Ura eta energia aurrezten dira.
    • Fabrikazioan sortzen den kutsadura txikiagoa da.
  • Zabortegiak gutxiago betetzen dira.

Datua:

Debagoienean 1.804 tona bildu ziren 2004an, (29,1 kg beira biztanle bakoitzeko urtean).


Ehunkien bilketa

Nori zuzendua dago?

Eskualdeko biztanle guztiei.

Zer biltzen da?

  • Bai: jantziak, oinetakoak, zinturoiak, trapuak, oihalak, maindira eta mantak.
  • Ez: olioz edo grasaz bustiriko oihalak, paperak, kartoiak, ontzikiak...

Non?

Ondorengo puntuetan kokaturik dauden edukiontzi zurietan utzi behar dira ehunkiak:

Muxibar plaza.
Maiatzak 1. plaza
Musakola aparkalekua
Obenerreka frontoia.
Biteri etorbidea
Erguin, 11.

Noiz?

Edozein ordutan, urteko egun guztietan.

Nola?

Plastikozko poltsetan sartuta. Poltsa txikiak erabili edukiontziaren sarrera ez ixteko.

Zer egiten da bildutako arroparekin?

a) Berrerabili: baliobiderik gabeko gure inguruko talde sozialen artean banatu, garapen bidean dauden herrietara bidali edo bidezko merkataritzako dendetara joaten da.

b) Birziklatu: berrerabili ezin daitezkeen arropa, trapu eta oihalak birziklapen-enpresetara bidaliko dira, betegarriak, material isolatzaileak eta antzerako produktuak fabrikatzeko.

Ingurumenarentzako onurak:

  • Energia eta baliabide naturalak aurrezten dira.
  • Ehunkien industriaren kutsadura gutxitzen da.
  • Zabortegiak gutxiago betetzen dira.
  • Baliabiderik gabeko taldeei laguntzen diegu.

Datua:

Debagoieneko Mankomunitateak 137 tona ehunki bildu zituen 2004an (2,21 kilo biztanle bakoitzeko urtean).

Pilak

Norentzat da?

Eskualdeko etxebizitza guztientzat, baita denda, ostatu, zerbitzu-enpresa eta bulegoentzat ere.

Zer biltzen da?

  • Bai: Mota guztietako pilak (alkalinoak, botoi-pilak, telefono mugikorren bateriak, etab.)
  • Ez: Karkasa edo aparatu elektrikoak, telefono mugikorrak, edo hauen kargadoreak, pilak eramateko erabili dugun poltsa.

Non utzi?

Sistemara atxikitako dendetan. Baita udaletxe, ikastetxe eta osasun zentroetan ere.

Noiz?

Lan-eguentan, dendak, udaletxeak, ikastetxeak edo osasun zentroak zabalik dauden orduetan.

Nola?

Pilak bakarrik, inolako karkasa edo aparatu elektrikorik gabe.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Recypilas, S.A. enpresara bidaltzen dira. Pilak osatzen dituzten metalak errekuperatzen dira, orokorrean toxikoak direnak (merkurioa, kadmioa, beruna...).

Ingurumenarentzako onurak:

Pilak osatzen dituzten metalak errekuperatzen dira, orokorrean toxikoak (merkurioa, kadmioa, beruna...). Honela hondakin toxiko hauen kontrolik gabeko isurketak ekiditen dira.

Datua:

Bi gramoko botoi-pila batek 600.000 litro ur kutsatu ditzake (pertsona batek bere bizitzan zehar kontsumitu dezakeen uraren boskoitza.


Puntu Berde Mugikorra

Nori zuzendua dago?

Eskualdeko etxe guztiei.

Zer jasotzen du?

  • Bai: sukaldeko olio erabilia (motore olioarekin nahastu gabe), fluoreszenteak, bateriak, toner kartutxoak, erradiografiak, pilak, telefono mugikorrak, termometroak, etxe tresna elektriko txikiak, motore olioak (ontzi itxietan), pinturak (ontzi itxietan), disolbatzaileak (ontzi itxietan), garbitasun produktuak (lixiba, amoniakoa,...), pestizidak eta antzerakoak (ontzi itxietan), aerosol ontzi beteak edo erdi beteak.
  • Ez: arropak, ehunak, oinetakoak eta antzerakoak, zabor poltsak, aerosol ontzi hutsak eta beste metalezko ontziak, beirazko ontziak, plastikozko ontziak, brick ontziak, kartoia eta papera, etxe-tresna elektriko handiak (ordenadoreak, garbigailuak,...), altzariak eta beste hondakin handiak, egurrezko hondakinak, lorezaintza eta inausketa hondakinak, metalezko hondakinak, gurpil-estalkiak, obra hondakinak.

Garrantzitsua:

  • Ez dira hondakin industrialak edota tailerretakoak hartuko. Etxeko hondakinak bakarrik onartzen dira.
  • Ostalaritzako establezimenduek atez-ateko bilketa zerbitzua dute (deitu ECOGRASera, 943 47 23 35 telefonora).

Noiz eta non aurki dezakegu?

Arrasate: Laubide plaza, ostiraletan, hamabostero, 9:00 -13:00

Nola utzi behar ditugu hondakinak?

  • Sukaldeko landare olio erabilia beirazko, plastikozko edo brick moduko ontzi batean eramango dugu. Horrela nahi izanez gero, Puntu Berde Mugikorreko arduradunak ontzia garbituko digu. Bestela, bertan geldituko da kudeaketa egoki bat izan dezan.
  • Fluoreszenteak beren kartoizko kaxetan utziko ditugu.
  • Likidoak diren hondakin arriskutsuak (motore olioak, pinturak, disolbatzaileak, garbikariak, pestizidak eta antzerakoak) pote itxietan utziko ditugu.

Zer egiten da sukaldeko landare olio erabili eta etxeko hondakin arriskutsuekin?

  • Landare olio erabilia birziklatu egiten da biodiesela sortuaz. Biodiesela biodegradagarria da eta egungo erregai fosilek baino gutxiago kutsatzen du.
  • Etxeko hondakin arriskutsuak sailkatu eta kudeatzaile baimendu batengana bidaltzen dira.

Ingurumenarentzako onurak:

  • Olio erabilia uraren hodietatik botako ez dugunez, ibaiaren kutsadura eta saneamendu sarean arazoak ekiditen ditugu.
  • Lurrak eta ura kutsatzen dituzten hondakin arriskutsuen kontrolik gabeko isurketak ekiditen ditugu.

Datua:

Puntu Berde Mugikorrak batez beste hilean 1.200 litro landare olio bildu zituen 2004an Debagoienean.

 

Garbiguneak

Norentzat dira?

Garbiguneak hiri hondakinen gaikako bilketa zentroak dira, euren arriskuak ekiditeko eta birziklatuak izan daitezen.

Eskualdeko herritar guztientzat dira, baita etxeko konponketak egiten dituzten gremioentzat (igeltseroak, iturginak, etab.), denda eta bulegoentzat ere. Ez da industrian sortutako hondakinik onartzen.

Zer biltzen da?   

Garbiguneetan honako hondakin hauek onartzen dira:

  • Sukaldeko landare olio erabilia. Pote itxietan.
  • Motoreetako olioa pote itxietan. Ez dira onartzen konponketa tailerreetatik edo antzerakoetatik datozen olioak. Jasotzen den gehieneko kopurua hilabete eta erabiltzaileko 25 litrora mugatzen da.
  • Metagailuak, hustutako bateriak eta metagailuak orokorrean.
  • Aerosol pote bete edo erdi beteak.
  • Imprimagailuen toner kartutxoak.
  • Cdak, disketeak eta antzerakoak.
  • Ke-detektagailuak.
  • Linea zuriko etxetresna elektrikoak. Garbigailuak, hozkailuak, etab.
  • Linea gris-marroiko etxetresna elektrikoak. Telebistak, ordenagailuak, etab.
  • Fluoreszenteak beren kaxan sartuta. Onartzen den kantitatea erabiltzaile eta hileko 100 unitatera mugatzen da.
  • Hondakin inerteak: etxe partikularretako obra txikietako obra- hondakinak , errautsak, kristalak, etab.
  • Zur garbia: bilgarriak, tablak eta pintura, barniza, zerrailak edo osagai arrarorik ez dituzten antzerakoak.
  • Zur zikina: zurezko altzariak eta pinturak, barnizak edo antzerakoak dituzten beste batzuk (armairuak, aulkiak, kaxak, tablak, etab. Altzariak dituzten kristal guztiak kendu behar dira eta eskonbroen edukiontzian sartu).
  • Pneumatikoak: motordunak ez diren ibilgailuen gurpil-azalak (bizikleta, triziklo eta antzerakoak) zati metalikorik gabe. Ez dira motordun ibilgailuen gurpil-azalak onartzen. Ez dira konponketa tailerretako, salmenta edo ordezko puntuetako gurpil-azalak onartzen.
  • Beste hondakin metalikoak: erradiadoreak, bizikletak, aulkiak, etab.
  • Papera eta kartoia: bilgarriak, aldizkariak, karpetak etab.
  • Etxetresna elektriko txikiak: irabiagailua, txigorgailua, etab.
  • Pestizida eta antzerakoak pote itxietan.
  • Mota guztietako pilak.
  • Pintura eta disolbatzaileak pote itxietan.
  • Plastikoak: ontzikiak, botilak, jostailuak, bilgarriak eta hondakinak orokorrean.
  • Garbikariak eta etxeetako beste kimiko batzuk, pote itxietan.
  • Erradiografiak.
  • Telefono mugikorrak.
  • Termometroak.
  • Beira: botilak, tarroak, beirazko flaskoak.

Ez dira onartzen:

  • Motordun ibilgailuen pneumatikoak.
  • Auto konponketako tailerretako edo antzerakoetako motoreetako olioa.
  • Industri jatorriko edozein hondakin.

Nora eraman?

Arrasate: Ibarreta, Uribarri Etorbidea, 47 – 943 771143

Noiz?

Irailetik uztailera:

  • Astelehenetik ostiralera: 9:00-13:30 eta 15:00-19:00.
  • Larunbatak: 9:00 a 13:30.

Abuztuan:

  • Arrasate (Ibarreta): astelehen eta ostegunak, 9:00-13:30.

Igande eta jai egunetan itxita dago.

Nola?

  • Zerbitzua doakoa da.
  • Hondakinak bakoitzak bere ibilgailuarekin eramango ditu Garbigunera eta han, zaintzaileak esandakoari kasu egin beharko zaio.
  • Baimendutako gehienezko pisua 3.500 Kg.koa baino gutxiagokoa duten ibilgailuek bakarrik deskargatu ahal izango dituzte hondakinak Garbigunean.
  • Erabiltzaile bakoitzak astean gehienez ere 2 m3 edo 750 Kg hondakin utzi ditzakete garbigunean.
  • Hondakinak hustu eta gero, beharrezkoa baldin bada, ingurua garbitu beharko da.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Onartutako hondakin-zati bakoitzari ingurumenaren ikuspegitik egokia den irteera ematen zaio:

  • Birziklatu egiten dira (metala, egur garbia, papera, kartoia, beira, landare olioa, etab.).
  • Hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzaileen bidez gestionatzen dira (pilak, motoreen olioak, fluoreszenteak, etab.).
  • Energetikoki balorizatzen dira (egur zikina).

Ingurumenarentzako onurak:

  • Hondakin arriskutsuek sor dezaketen kutsadura ekiditen da.
  • Kontrolik gabeko isurketak ekiditen dira.
  • Bildutako hondakinei etekina ateratzen zaie.
  • Zabortegia gutxiago betetzen da.
  • Baliabide naturalak eta energia aurreztea.

Datua:

Eskualdeko Garbiguneetan 4.295 tona hondakin kudeatu ziren ingurumenarekiko jasangarria den moduan 2004.urtean.


Inausketa eta lorezaintzako hondakindegia

Norentzat da?

Eskualdeko udalerrietako garbiketa eta lorezaintzako zerbitzuentzat, baita nahi duten partikular edo enpresentzat ere.

Zer biltzen da?

  • Bai: Inausketa eta lorezaintzako hondakinak (adarrak, hostoak, etab.).
  • Ez: Zatitu gabeko enbor lodiak (12 zm diametro baino gehiagokoak), organikoak ez diren garbiketa-hondarrak.

Non utzi?

Akeiko transferentzi plantan horretarako prestaturik dagoen lekuan. Plantara sartu eta eskuinetara.

Noiz?  Astelehenetik ostiralera, 7:30etatik 14:00etara.

Nola?

Erabiltzaileak araua hauek bete beharko ditu:

  • Herritarrek eta enpresek Mankomunitatera deituko dute zerbitzua lehenengo aldiz erabili aurretik (943 79 33 99).
  • Lekuari ahalik eta etekinik handiena atera pilo altuak eginez eta hutsuneak saihestuz.
  • Ez utzi 12 zm baino diametro handiagoa duten enbor eta adarrik.
  • Sarrera guztiak baskulan pisatu behar dira.
  • Pisatze ticketean hondakinen jatorria adieraziko da eta honen kopia hiri hondakinen fosa ondoko gutunontzian botako da.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Enpresa espezializatu batek erretiratzen ditu ongarria (konposta) egiteko lehengaitzat erabiltzeko.

Ingurumenarentzako onurak:

  • Ongarri kimikoen erabilera murrizten da.
  • Baliabide naturalak aurrezten dira.
  • Zabortegiak gutxiago betetzen dira.

Datua:

2004an eskualdean lorezaintza eta inausketako 759 tona hondakin bildu ziren.

Garrantzitsua

Zerbitzua erabiltzeko aurretik deitu behar da 943793399 telefonora

Epeleko Hondakin geldoen zabortegia


Norentzat da?

Debagoiena eskualdeko enpresentzat.

Zer biltzen da?

Industrian edo eraikuntzan sortutako hondakinak, CER-Hondakinen Europako Katalogoan hondakin arriskutsutzat katalogatu gabeak, eta Mankomunitateak jarritako onarpen-probak gainditzen dituztenak.

EPELEKO HONDAKIN SOLIDO GELDOEN ZABORTEGI-ZERBITZUA EMATEAGATIKO TASAK - 2006
KONTZEPTUA

TASA (€/Tm)

Eraikuntza eta eraisketetako hondakin garbiak.
- Adreiluak, teilak, hormigoia, zeramikazko gaiak, zementua, eskaiola, harri landua, azulejuak eta antzekoak, beste osagaien nahasterik gabekoak.
- Indusketa-soberakinak: lur garbiak, lurzoruak, arrokak, legarrak, balastoa, hondarrak, harria, beste osagaien nahasterik gabekoak.

4,06 €/Tm

Arriskutsuak ez diren industri hondakinak.

Industri prozesu homogeneoetatik datozen hondakinak, inolako nahasterik gabeak, zepa edo eskoriak, galdaketako hondarrak, erregogorrak eta labe garaietako eta burdin-urtzetik sortutako hondakinak, ijezketatiko axalak.

5,41 €/Tm

Arriskutsuak ez diren hondakinen nahasteak.

- Hondakin ez arriskutsuak eraikuntzako eta eraisketetako hondakin garbiekin nahastuta edota beren artean edozein proportziotan nahastuta.
- Arriskutsuak ez diren hondakinak plastikoa, goma, kautxua, metala, beira edo edozein motatako ontziak nahastuta dauzkatenak, edozein proportziotan.

28,71 €/Tm

Hilean gehienez ere bi ekarraldi onartutako dira dohainik etxeetako obra txikietako hondakin edo nahasteenak, gehienez ere 3.500 kiloko GPB/PMA duten garraioetan ekartzen badira eta industri hondakinak ez badira.

Dohainik

Onartuko ez diren hondakinak.

Ez dira onargarriak ez bakarrik, ez beren artean nahastuta, ez beste hondakin batzuekin nahastuta:
- Zura (sabai izuna barne).
- Papera eta kartoia.
- Hondakin arriskutsuak, horrelakoak eduki dituzten ontziak barne.
- Hondakin organikoak.
- Zaborrak, etxeetako hiri-hondakinak.
- Lurzoru kutsatuak.
- Obra-hondakin kutsatuak.
- Erabileratik kanpoko pneumatikoak.
- Altzariak eta tresnak.
- Hirietako bide-garbiketaren hondakinak.
- Industri hondakinen nahasteak.
- Oro har, Debagoieneko Mankomunitateak onartzeko ezarri dituen baldintzak betetzen ez dituzten hondakin guztiak.

EZ ONARGARRIAK

 

 

GAOko 246 zenbakian argitaratua (2005/12/29)

Non?

Epeleko zabortegian (Bergara). GI-632 errepidea, Beasainetik Durangora bidean, Kanpazartik, 31.5 Km.

Noiz?

Urte osoan, astelehenetik ostiralera. Larunbat, igande eta jai egunetan itxirik dago zabortegia.

  • Irailetik uztailera: 8:00-18.:30
  • Abuztuan: 8:00-13:00

Nola?

Onartzeko prozedura ezagutzeko, deitu telefono zenbaki honetara: 943 79 33 99.

Zer egiten da hondakin hauekin?

Epeleko zabortegia hondakin geldoak kontrolpean desegiteko egoki prestatutako instalazioa da. Zabortegiak beharrezkoak diren babeseko azpiegiturak ditu. Horiek zaborrek ingurumena kutsatzea ekiditen dute