BAZ-en konpromisoak

Kalitate konpromisoak

 

    • Zerbitzu kalitatea

  1. Biztanleentzako Arreta Zerbitzuak, BAZek, konpromisoa hartzen du kalitateko zerbitzu osoa emateko.
    • Instalazioak eta material baliabideak

  2. BAZek instalazio egokiak izango ditu, traba arkitektonikorik gabe, funtzionaltasun, erosotasun, ordena eta garbitasun maila handiena erakutsiz.
  3. Bulegoak itxoiteko sistema bat izango du, herritarrak modu egokian, eraginkorrean eta ordenatuan zuzentzeko.
  4. Bulegoak erabilera publikoko ordenagailu bat izango du gutxienez, inprimagailuaz eta Internet loturaz, herritarrei gestioak egiten laguntzeko.
  5. Telefono ekipamenduak bi terminal-telefonogune izango ditu, gutxienez, ordenagailuz hornituriko lanpostuetan, zerbitzuarekin lotutako informazio eta administrazio kudeaketarako.
  6. Udalaren web orria (www.arrasatemondragon.org) egoitza elektronikoa izango da, jendeari harrera egiteko bide telematikoari euskarria emango diona. Ezintasuna duten erabiltzaileentzat guztiz irisgarria izango da, eta egokia teknikoki Udalean Administrazio digitala garatzeko.
    • Zerbitzuen zorroa

  7. BAZek, hiru kanalen bidez (bulegoan, telefonoz eta online), ahalik eta zerbitzu eta tramite gehien emango die herritarrei, udalerriari eta Udalari buruzko informazio eta tramitazio beharrei erantzuteko.
  8. BAZek etengabe eguneratu eta argitaratu behar du eskaintzen dituen zerbitzuen eta tramiteen datu basea. Sailkatuta egongo da sailez sail edo erabilera maiztasunaren arabera, eduki eskema berarekin: xedea, unitate tramitatzailea, erabaki organoa, eskabidea non egin den, behar diren agiriak, erlazionatutako tramiteak, tramitearen fitxa osoa eta oharrak. Gainera, tramite bakoitzaren fitxan agertu egin behar da zein kanalen bidez egin daitekeen tramitazioa (bulegoan, telefonoz edo online).
  9. BAZen sinplifikazio administratiboaren alde gaude. Behar ez diren teknizismoetatik ihes eginda, aldizka gure inprimakiak eta prozesuak berraztertuko ditugu, tramitazio soila eta ulergarria lortzeko.
    • Pertsonak

  10. BAZek langile kualifikatu eta profesionalak izango ditu. Horretarako, aldizka berariazko prestakuntza jasoko dute, eta urtean jasotako prestakuntzaren batez besteko denbora ez da izango 20 ordu baino gutxiagokoa.
  11. BAZeko langilea izena agerian duela identifikatuko da, bulegoko arreta ematerakoan, eta izena esango du, telefonoz erantzuten duenean.
  12. BAZeko langileak tratu atsegina eta adeitsua erakutsiz emango du zerbitzua.
  13. BAZeko langileak hizkera argiaz, ulergarriaz eta hitz egiteko eta komunikatzeko gaitasun handiaz hartuko ditu herritarrak.
    • Erantzuteko gaitasuna

  14. Irekitzeko ordutegi zabala izango du BAZek. Jendea hartuko du, etenik gabe, astelehenetik egubakoitzera arte, 8:30-19:00, eta zapatuan, 9:00-13:00. Abuztuan ordutegia 8:30-14:00 izango da, astelehenetik egubakoitzera arte.
  15. BAZen ematen den arreta banan-banakoa eta pertsonalizatua izango da, euskaraz eta/edo gaztelaniaz, herritarrak adierazitako borondatearekin bat. Ahaleginak egingo dira, gainera, beste hizkuntza batzuetan ere artatzen, hala nola, ingelesez edo frantsesez, eta beste hizkuntza batzuetan, hots, arabieraz, txineraz eta abar. Horretarako, aldi berean itzultzeko telefoniazko zerbitzu birkontratatua izango da.
  16. BAZen arreta aurreko itxaronaldia laburra izango da. Leihatilako batez besteko itxaronaldia ez da izango 10 minutu baino luzeagoa. Telefonozko arretan, 010ean deiari erantzun baino lehen, batez besteko itxaronaldia ez da izango minutu bat baino luzeagoa. Posta elektronikoz egindako informazio-eskaerak 24 orduko epean erantzungo dira.
  17. BAZen azkar artatu nahi dugu jendea eta azkar kudeatu gaiak, inoren eta norbere denbora baloratzen dugu eta. Horregatik, ahalik eta azkarren jardungo dugu, eta espediente asko eta asko berehala tramitatuko ditugu. Banketxeetara joan beharrik ez izateko, ordainketak kreditu-txartela bidez ere onartuko ditugu.
  18. BAZeko langileak behar duen denbora erabiliko du herritarraren eskabidea kudeatzeko, eta eskariaren konponbide egokia eta zuzena bilatuko du.
    • Fidagarritasuna eta eraginkortasuna

  19. BAZeko zerbitzua eraginkorra izango da, informazio zehatza eta zuzena emanez. Horretarako, etengabe eguneratuko ditugu gure datu baseak eta arretan erabilitako prozedurak, horien homogeneotasuna eta fidagarritasuna bermatzeko. Jakinarazten dizkiguzun informazio akatsak, hala badagokio, 48 orduko epean zuzenduko ditugu.
    • Koherentzia eta segurtasuna

  20. BAZen herritarrak artatuko ditugu erantzun objektiboak, koherenteak, seguruak eta fidagarriak emanez, eta iritzi subjektiborik edo balorazio iritzirik eman gabe.
    • Ingurumenari dagokionez

  21. Udalak bere jardueraren ingurumen eragina gutxitzeko definituta dituen parametroen arabera egingo dugu lan BAZen. Jarduerak: gaikako hondakin bilketa, plastikozko ontzien murrizketa, paperaren arrazoizko erabilera, energia kontsumoko neurriak, eta abar).
    • Administrazio arteko erregistroa

  22. BAZen Eusko Jaurlaritzara eta Gipuzkoako Foru Aldundira doan edozein idatzi erregistratuko dugu, legezko balio osoarekin.
    • Hitzordua aurrez eskatzea

  23. Zure eskaerak udal teknikari batekin hitzordua behar badu, guk kudeatuko dugu hori.
    • Galdutako gauzak

  24. Galdu duzun objektua ekarri badigute, berehala itzuliko dizugu.
  25. Identifikatutako  objekturen  bat emanez gero, berehala jarriko gara harremanetan jabearekin.
  26. Galdutako objektu bat gure esku uzten baduzu eta bi urte igarotakoan (legezko epea) jabeak erreklamatu ez badu, zurekin jarriko gara harremanetan, zuri entregatzeko.
    • Abisuak, kexak eta iradokizunak

  27. Edozein arreta kanalen bidez aurkeztutako abisuak, kexak edo iradokizunak BAZen erregistratu egingo ditugu eta, hartu izana adierazi eta gero, udal organo eskudunari bidaliko dizkiogu.