Udalak gogor salatu ditu azkenaldiko zerbitzuen kalteak, eta jarrera zibikorako deia egin du: “Udal zerbitzuak guztionak dira, eta gehien behar dutenak dira kaltetuenak”
2026/03/11
Azkenaldian hainbat zerbitzu publiko kaltetu dituzte ezezagunek, eta ekintza horiek gogor salatu ditu Arrasateko Udalak. Duela bi aste, esaterako, institutuko gimnasioa erre zuten edota martxoak 1eko goizaldean Altamirara doan igogailua apurtu zuten. Igogailua apurtu zuten pertsonak identifikatzen ari da Udala.
Igogailuaren konponketa azkartzeko lanetan ari da Udala
Martxoaren 1eko goizaldean Ferixalekutik Altamira auzora doan igogailua apurtu zuten ezezagun batzuek. “Sakoneko kalteak eragin zituzten igogailuko ateetan, eta hauek ordezkatzeko zailtasuna azaldu ziguten mantentze eta konponketa ardura duten enpresatik. Izan ere, hasiera batean, ordezko piezak ekainera arteko epea izan zezaketela azaldu ziguten. Sekulako lanak egin behar izan ditugu igogailua lehenbailehen martxan jartzeko, eta, zorionez, konpontzen ari dira dagoeneko” adierazi du Maider Morras alkateak.
Ez da lehen aldia Altamirako igogailuak apurtzen dituztela, eta alkateak igogailuek bizilagunei eskaintzen dien zerbitzu eta laguntza azpimarratu du. “Bizilagunak zuzenki kaltetzen dituen ekintza bat da, herritarrak oro har, baina bereziki behar bereziak dituzten pertsonak: pertsona nagusiak, ume txikiak dituzten familiak, ezgaituak… Sortzen duten eragozpena ikaragarria da, penagarria da eta haserre handia sortzen du herritarrengan. Udaletik konponketa lanak bizkortu ditugu, gure esku dagoen dena eginez. Datozen egunetan erabilgarri egotea espero dugu, baina lanak datorren astera arte luzatu daitezke” azaldu du alkateak.
Institutuko gimnasioaren erreketa: ikasle eta kirol taldeen kaltetan
Bestetik, otsailaren 27 iluntzean, institutuko gimnasioa erre zutela gogoratu du alkateak. “Sua nahita piztutakoa da, suhiltzaileek azaldu duten bezala, eta kalteak handiak dira. Kalte materialez gain, ikastetxeetako ikasleei eta kirol taldeei kalte ikaragarria egin die sute horrek, izan ere, Dragoi Gimnasia Taldeak bertan entrenatzen zuen” baieztatu du alkateak. Institututik eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik adierazi dutenez, ikasturte honetan ezingo da erabili gimnasioa. Ondorioz, alkateak azaldu du udal baliabideak aztertzen ari direla entrenamenduak non burutu zehazteko. “Momentuz Uarkape frontoiaren erabilera egokitu dugu, nahiz eta eragozpen handiak sortzen dituen horrek beste kirol taldeengan”.
Azkenaldian izan direnak ere gogoan
Azken asteburuko zerrenda honetara, beste hainbat ekintza gogora ekarri ditu Udalak, besteak beste: Makatzenako haur parkearen erreketa, edukiontzien erreketak, TAOren makinek Santamasetan jasan zituzten kalteak, edota 2024ko gabon zaharretan Uarkape pilotalekuan Txikilandiako kalte ekintzak.
Jokaera zibikoa ardatz eta zerbitzu publikoen defentsa
Arrasateko Udalak herritar jokaera zibikoa “ezinbesteko oinarria” dela adierazi du, “elkarren arteko bizikidetza eta errespeturako”. Alkateak azpimarra jarri nahi izan du horrelako jokabideek “herritar guztiei kalte egiten digula, eta, bereziki, behar gehien duten herritarrei”. Izan ere, igogailuaren erabilera, herritar guztiek erabiltzeaz gain, bereziki adineko edota behar bereziak dituzten pertsonek erabili ohi dutela azaldu du. Edota erre diren gimnasio eta haur parkeak herriko eragile, ikasle, haur eta gurasoek erabiltzen dituztela.