Arrasateko Emakumeen Txokoak aurkeztu du urritik abendura bitarteko ikastaroen eta ekintzen egitaraua

2020/09/15
Card image cap
Arrasateko Emakumeen Txokoak hainbat ikastaro eta ekintza aurkeztu ditu udazkenerako: boxeoa, autoestimua eta ahalduntzea, sormena, Chi Kung, eta ikastaroak zure gorputza zaindu eta maitatzeko, eta sare eta teknologia berrietan trebatzeko, besteak beste. Izena eman daiteke irailaren 21etik 25era arte.

Arrasateko Emakume Txokoak urritik abendura bitarteko egitaraua aurkeztu du. Lehen hiruhilekoan bertan behera gelditu ziren hainbat ekimen eta ikastaro, eta asmoa da hiruhileko honetan ikastaro horiek berreskuratzea eta berriak eskaintzea. “Lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dituen jarduera sorta antolatu dugu, aukera emango diguna elkarrekin lan egiteko, giro onean, emakumeon eskubideak erdigunean ipiniz eta geu, emakumeok, protagonista izanik”, adierazi dute prentsaurrekoan.

Ikastaroak eta ekintzak Jabetze Eskolaren bidez bideratuko dira. “Errealitateari erreparatzen diogu ikuspegi feminista batetik, eta ikuspegi horretatik aztertu eta landuko ditugu, hainbat ikastarotan eta gunetan, egungo krisiak gugan eragindako ondoezak eta, aldi berean, zabaltzen zaizkigun aukerak”.

Hainbat ikastaro eta ekintza antolatu dira, aste barrukoak edo trinkoak asteburuetan. Aurreko hiruhileko ikastaro batzuk ere berreskuratu dira, hala nola zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, mindfulness ikastaroa, mekanika ikastaroa, jende aurrean hitz egiteko ikastaroa eta “gorputzak eta disidentziak klabe deskolonial eta transfeministatik” tailerra.  Hala ere, ikastaro berriak antolatu dira, eta helburua da “emakumeok gure eskubideen jabe egitea eta sareak sortzea”.

COVID-19ak sortutako egoera dela-eta Emakume Txokoak neurriak hartuko ditu elkar zaintza eta segurtasuna bermatzeko eta denok gustura sentitzeko.

Ikastaro eskaintza berria

Ikastaro berriak hiru multzotan sailkatzen dira: osasuna eta gorputza, batetik, aisialdia, kultura eta sormena, bestetik, eta feminismoa, azkenik.

Osasunari eta gorputzari dagokienez, boxeoko ikastaroa astelehenetan izango da, urriaren 5etik aurrera, euskaraz, 18:30etik 19:30era. Zortzi saio izango ditu guztira, eta ikastaroaren helburua da emakumeak indartsu sentitzea, abiadura, koordinazioa eta indarra lantzeko hainbat ariketaren bidez.

Autoestimua eta ahalduntzea ikastaroa ere eskainiko da urriaren 6tik aurrera, gaztelaniaz, martitzenetan 18:00etatik 20:00etara. Hamar saio izango ditu guztira. “Tailer honek gune bat izan nahi du Covid-19aren krisi honetan bizi izan duguna partekatzeko, gertatutakoa ulertzeko, kausak aztertzeko eta nahi dugun mundua irudikatzeko”, adierazi dute prentsaurrekoan.

Gure bizi energia hobetzen: Chi Kung ikastaroan gure gorputzarekin berriro konektatzea, bizi energia areagotzea, estresa gutxitzea, gorputz egitura hobetzea eta emozioak orekatzen laguntzea lortu nahi da. Ostegunetan izango da, euskaraz eta gaztelaniaz, 10:00etatik 11:30etara. Urriaren 8an emango zaio hasiera eta hamar saio izango ditu guztira.

Arrasateko Emakumeen Txokoak eskaintzen duen beste ikastaroetako bat da “zaindu eta maitatu zure gorputza”. Gaztelaniaz izango da egubakoitzetan 10:00etatik 11:30era, urriaren 9an hasita. “Ikastaro honen bidez gune bat eskaintzen dizugu geure burua zaintzeko eta goxatzeko”, adierazi dute. Arnasketa ariketak, meditazioa, luzaketak, ariketak eta abar egingo dira Yoga eta Feldenkrais moduko tekniken bidez.

Aisialdia, kultura eta sormena lan ildotik tailer bi eskainiko dira: sormen tailerra eta sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa.

Sormen tailerra urriaren 6an hasiko da eta 10 saio izango ditu martitzenetan 18:15etik 20:15era. Idazmena, marrazketa, collagea.... erabiliz parte hartzaile guztien adierazpenak batu eta emozio bilduma bat sortzera bideratzen da tailerra.

Sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa, berriz, gaztelaniaz izango da 10:00etatik 13:00ak arte egun bakarrean: urriaren 17an, zapatua. Ikastaroaren helburua da komunikazio digitalean trebatzeko baliabideak ahalik eta egokien erabiltzen ikastea, genero arrakala digitalari aurre egiteko.

Gune iraunkorrak

Feminismoa ardatz duten doako tailerrak dira, sortuak Gune Iraunkor feminista sustatzeko.

Hausnarketa feministen gunea: amatasun bizigarria” tailerrak hiru saio izango ditu zapatu hauetan: urriaren 31n, azaroaren 28an eta abenduaren 12an. Euskaraz izango da 10:00etatik 13:00ak arte. Saio hautan hausnartuko da amatasunaren inguruan, aurreko hiruhilekoan egindako lanari jarraipena emateko.

“Topalekua emakume migratuentzat” ikastaroa domeketan izango da 10:00etatik 13:00ak arte, gaztelaniaz, Luciana Alfaro dinamizatzailearekin. Arrasaten bizi diren emakume migratuak elkartzeko gunea da, eta ikastaro bi eskainiko dira hiruhileko honetan: batetik “ekintzailetasuna eta zaintza lanak” tailerra, urriaren 25ean eta “nire baitan” tailerra azaroaren 8an eta 22an.

Bestalde, Arrasateko Emakumeen Txokoak irakurketa feministen txokoa ahalbidetu du.

Egitarau orokorra

Arrasateko Emakumeen Txokoak ekintzen egitaraua eman du ezagutzera, urrian, azaroan eta abenduan egingo direnena. “Herritar guztiak gonbidatu gura ditugu parte hartzera”, adierazi dute kideek.

Urriaren 15ean “Malen etxea. Zaintzaren esklabo” dokumentalaren emanaldia eta solasaldia eskainiko da Kulturateko Areto Nagusian, 18:30ean. Hilaren 29an, Zinegoak Hedapena film laburraren emanaldia egongo da toki berean 19:00etan.

Emakumeen Txokoak aurreratu du azaroaren 25ean ekintza batzuk izango direla Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, eta abenduan, berriz, ikusgai egongo da Mabel Medina Valenzuelaren “Complicidades” argazki erakusketa Emakume Txokoan, abenduaren 2tik 18ra arte.

Izen ematea

Ekintzetan izena emateko epea zabalik dago irailaren 21etik 25era, eta gero ikastaroetan parte hartuko den jakinarazteko, epea irekiko da irailaren 28tik urriaren 2ra bitartean. Emakume Txokoan eman behar da izena, aurrez aurre, e-mailez edo telefonoz,  izena emateko orria beteta. Orria eskuratu daiteke arrasate.eus atarian, liburuxkan edo Emakume Txokoan bertan.

Plazak mugatuak dira eta gutxienez zortzi lagun beharko dira taldea osatzeko. Lehentasuna izango dute Arrasaten erroldatutakoek, Arrasaten erroldatuta egon eta ikastaro bera aldez aurretik egin ez dutenek (ikastaroaren jarraipena den kasuan izan ezik) eta Arrasaten erroldatuta daudenek eta Jabetze Eskolako eta Emakume Txokoko ikastaroetan aurretik parte hartu ez dutenek.