Arrasateko Udalak ZainSare proiektu pilotuan parte hartuko du, zaintza-lanen baldintzak hobetzeko bidean
2025/07/09
Arrasateko Udalak gaur iragarri du ZainSare proiektu pilotuan parte hartuko duela, zaintzaileen lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin. Gaur goizean egindako aurkezpenean, atxikimendu-akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torrek, Arrasateko alkate Maider Morrasek, Ermuko alkate Beatriz Gámizek eta Amurrioko alkate Txerra Molinuevok.
Zaintza lanak duintzeko lehen urratsa
ZainSare proiektua Eusko Jaurlaritzak bultzatu du Home Care Lab kooperatibaren eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin, eta 2025-2026 epean burutuko da. Helburua da hiru udalerritan –Arrasate, Ermua eta Amurrio– zaintza-lanen profesionalizazioa eta lan-baldintzen duintasuna sustatuko duten erreferentziazko espazioak ezartzea.
Maider Morras alkateak aurkezpenean nabarmendu duenez, “ZainSare ez da soilik zerbitzu berri bat: zaintza-lanen aitortza sozial eta politikoaren aldeko urrats sendo bat da, eta herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko konpromiso kolektibo baten emaitza”. Arrasateko Udalak, gobernu planean jasota zuen moduan, lehen unetik izan du lehentasunen artean zaintza-lanak duintzeko ekimena instituzionalki bultzatzea. “Arrasateko Udalean, hasieratik izan dugu argi zaintza lanak duintzeko ekimena instituzioetatik ere bultzatu beharra dagoela, eta gure gobernu planean jasotako lehentasunetako bat izan da. Eta ez dugu asmo huts batean utzi: behin lanketa martxan jarri genuenean, hainbat ate jo ditugu, hainbat elkarrizketa ireki, eta horri esker iritsi gara gaurko egunera”.
Bulegoa Iturriotz kalean
Dagoeneko arreta zerbitzua martxan da Iturriotz kaleko 21 zenbakian SSI taldeak duen lokalean. Bertan jasoko dituzte teknikariek zaintza lanen inguruko informazioa jaso nahi duten herritar oro, izan hauek zaintzen langileak edota zaintza lanak egiteko kontratatzaileak izan. Bulegoa eguazten eta eguakotxetan zabalduko da, 10:00-14:30 eta 15:00-18:30 ordutegian (abuztua itxita).
ZainSare espazioek hiru norabidetan egingo dute lan:
- Zaintzaileen eta etorkizuneko langileen orientazioa, prestakuntza, enplegu-konektibitatea eta elkarlaguntza sustatzea, lan baldintzak hobetzeko.
- Enplegatzaileei informazioa eta aholkularitza eskaintzea.
- Administrazio publiko eta komunitateko eragileei ezagutza sortzea eta politika publikoak hobeto diseinatzen laguntzea.
Informazio gehiagorako: zainsare@arrasate.eus edo 747 42 58 58 telefonora deituz.
Mugimendu Feministari aitortza
Morras alkateak azpimarratu du ekimen honek ez lukeela zentzurik izango mugimendu feministak egindako lan historikorik gabe: “gaur, hemen, erakunde ezberdinak zaintzaren inguruan hitz egiten eta neurriak hartzen ari bagara, ezin dugu ahaztu hori guztia herrigintzatik mugimendu feministak urte luzez egindako lanari esker posible izan dela. Eta bereziki aipatu nahiko nuke "Bizitzak Erdigunean" ekimenak 2023ko azaroan antolatutako greba feminista orokorra, zaintzaren inguruan benetako gizarte-gogoeta piztu zuena eta instituzio guztiak interpelatu zituena zaintzak erdigunean jartzeko premiaz. Greba hark zaintza lanen ikusgarritasuna eta garrantzia soziala mahai gainean jarri zituen modu indartsuan, eta ZainSare bezalako egitasmoak, neurri batean, horren oihartzun dira” azpimarratu du alkateak.
Etorkizun justuago baterako konpromisoa
ZainSare proiektuaren bidez, Arrasatek konpromisoa hartzen du gizarte justuago baten eraikuntzan parte hartzeko, elkarlanetik eta komunitatearen parte-hartzea erdigunean jarriz.
“ZainSarek ekartzen duen aukera honetan sinesten dugu. Ez bakarrik zaintzaren arloko hobekuntza teknikoan, baizik eta gizarte justuago bat eraikitzeko tresna gisa ere bai. Eta bide horretan, Arrasatek bere ekarpena egingo du, konbikzioz, elkarlanetik eta zaintza langileak zein komunitatearen parte-hartzea erdigunean jarriz” gaineratu du Maider Morras alkateak.