Hirigintza genero-ikuspegitik aztertzeko prozesuaren emaitzak aurkeztuko ditu Udalak saio ireki batean
2026/03/04
Arrasateko Udalak genero-ikuspegitik eta begirada intersekzionaletik egindako hirigintza-diagnostikoaren prozesua amaitu du, eta orain emaitzak herritarrei aurkezteko unea da. Horretarako, deboluzio eta balioeste saio irekia egingo da, prozesuan parte hartu duten herritar eta eragileei zuzenduta, zein herritar guztiei irekia.
Saioa martxoaren 11n (asteazkena), 18:30ean, izango da, Kulturateko Loramendi gelan.
Bizitza erdigunean jartzen duen hirigintza
Egindako lanaren helburua izan da Arrasatek hiri-mailan dituen arazo, behar eta potentzial nagusiak identifikatzea, betiere genero-ikuspegi eta ikuspegi intersekzionaletik. Diagnostikoa teknikoa eta parte-hartzailea izan da, eta abiapuntua izango da hemendik aurrera, herritarrekin eta udal-taldearekin batera, helburu estrategikoak eta ekintza zehatzak definitzeko.
Hirigintza feministak eguneroko bizitza jartzen du politika publikoen erdigunean. Horrek esan nahi du espazio publikoak planifikatu eta diseinatzerakoan pertsona guztien eguneroko jarduerak —zaintza, lana, aisialdia, harremanak— kontuan hartzen direla, eta bizitzaren esparru guztietan (produktiboa, erreproduktiboa, pertsonala eta komunitarioa) berdintasuna sustatzen dela.
Lau azterketa-eremu eta hainbat erronka nagusi
Diagnostikoak udalerria lau eremutan banatu du, auzoen kokapen eta ezaugarrien arabera, eta eremu bakoitzean eguneroko bizitzan eragina duten alderdiak aztertu dira. Honako hauek dira eremu horiek:
- EREMUA: Alde Zaharra, Ferial, Txaeta, San Andres
- EREMUA: Altamira, Makatzena, Santa Marina, Santa Teresa, Musakola
- EREMUA: Zarugalde, Gorostiza, Uribarri, Uribe, Munar
- EREMUA: Landa-eremuko auzoak: Bedoña, Udala, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar
Lan honetatik abiatuta, hainbat erronka nagusiri erantzuten dieten ekintzak proposatu dira, besteak beste:
- Segurtasun-pertzepzioa bermatzea genero-ikuspegi intersekzionaletik.
- Pertsona guztien autonomia hobetzea espazio publikoan.
- Bizitasuna, erabilera-aniztasuna eta pertsona-aniztasuna handitzea.
- Jolaserako eta jarduera fisikorako ingurune seguru eta atseginak sortzea.
- Berdeguneetara eta natura-guneetara sarbidea erraztea.
- Udalerriko aniztasuna modu erreal eta sinbolikoan ordezkatzea.
- Barne-konektibitatea eta mugikortasun aktiboa sustatzea.
Ekintzak bi mailatan antolatu dira: herri mailako jarduketak (izaera egituratzailea dutenak eta udalerri osoan eragina dutenak) eta auzo mailako ekintza zehatzak, auzo bakoitzeko puntu konkretuetan garatuko direnak. Horrez gain, sentsibilizazio-kanpainak ere aurreikusten dira, indarkeria matxista —bereziki kale-jazarpena— desagerrarazteko eta espazio publikoaren zaintzan herritarren erantzunkidetasuna sustatzeko.
Herritarren ahotsa, funtsezkoa
Saio irekiaren helburua da egindako lana partekatzea, jasotako ekarpenak balioestea eta aurrera begirako urratsak elkarrekin kontrastatzea. Udalaren ustez, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea, herri anitzagoa, zaintzaileagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko.
Horregatik, Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu saioan parte hartzera.
Begirada aldatu, herria eraldatu!