Arrasateko Udala pozik agertu da ‘La Caixa’-ko etxeak publikoak izango direlako aurrerantzean, Udala eta Etxebizitza Sailaren arteko elkarlan positiboa txalotuz
2025/06/24
La Caixako alokairuzko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko direla “oso albiste ona eta positiboa” dela adierazi du Arrasateko Udalak. Izan ere, nabarmendu du, “akordio edo borondate politikorik egon ezean, La Caixak aukera izango luke etxebizitzak funts pribatuen esku uzteko. Erosketa honekin alokairu publiko eta soziala bermatzen jarraituko dugu” azaldu dute Udal Gobernutik.
Prozesuaren hasieratik Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eta Udalaren arteko harremana etengabea izan dela ere jakinarazi dute. Udalak, gainera, bitartekari lanak egiteko aukera izan du La Caixako bizilagunekin.
Udalaz gaindiko operazioa, elkarlan positiboan
La Caixako eraikina 5,7 milioi eurogatik erosi du Eusko Jaurlaritzak eroslehentasun eta atzera-eskuratzeko klausulari esker. Kontratuan jasotako klausula honi esker, erakunde publikoek lehentasuna izan dute etxebizitza hauek erosteko, hain zuzen kontratuak hona hau zioen:
Eusko Jaurlaritzak, lehenik, eta Arrasateko Udalak, bigarrenik, etxebizitza guzti-guztien gaineko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea izango dute.
“Udalak ez du tamaina horretako erosketa egiteko kaudimen ekonomikorik. Horrela adierazi genion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, eta esan beharra dugu Etxebizitza Saila hasieratik agertu dela prest operazioa burutzeko. Prozesuko elkarlana eta komunikazio etengabea oso ona izan da” azaldu dute Udaletik.
Alokairu parkea handitzeko, San Andreseko lur zorua eskaintzan
Udalak operazioa positibotzat jo badu ere, gogoratu du erosketa honek ez duela alokairu parkea handituko. “Erosketa honekin alokairu parkea ez txikitzea lortzen dugu, ezinbesteko neurri bat da, baina ez nahikoa” azaldu dute. Horregatik, Udalak, San Andreseko lurzoru publikoa Eusko Jaurlaritzaren esku doan uzteko proposamena berretsi du, Etxebizitza Sailaren baliabideak bideratzeko Arrasaten alokairuzko etxebizitza gehiago eraikitzeko.