“Lurretik mahaira” tailerra Arrasaten: LH 1-3 mailako haurrek ekoizleekin kozinatzeko aukera izango dute

2026/05/11
Card image cap
Tailerra datorren maiatzaren 23an ospatuko da, goizeko 11:00etatik 13:00etara, Okendoko ludotekan. Jarduera doakoa izango da, baina aurretiaz izena eman beharko da maiatzaren 18a baino lehen. Ekimenak tokiko ekoizpen jasangarriaren garrantzia eta kontsumo arduratsuak ingurumenean duen eragina transmititu nahi die belaunaldi berriei.

Arrasateko Elikadura Mahaiak “Lurretik mahaira: Ekoizleekin kozinatzen” tailerra antolatu du herriko txikienentzat. Ekimen honen helburu nagusia lehen hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara arteko haurrak tokiko produktuetara eta sukaldera modu ludikoan gerturatzea da.

Hezkuntza eta kontsumo arduratsua helburu

Tailer hauen bidez, antolatzaileek tokiko ekoizpen jasangarriari buruzko ezagutza eta bertan ekoiztu zein kontsumitzeak dituen onurak helarazi nahi dizkiete haurrei. Sukaldean aritzeaz gain, saioak balioan jarri nahi du ekoizlearen lana eta ongi elikatzeak duen garrantzia, kontsumo arduratsuak ingurumenean duen eragin positiboa azpimarratuz.

Datorren maiatzaren 23ko saioan, Errastiko ogia ekoizlea izango da protagonista. Haurrek aukera izango dute ekoizlea aurrez aurre ezagutzeko eta garaiko produktuekin errezeta bat sukaldean lantzeko, sukaldeko prozesuetan zuzenean parte hartuz.

Izen-ematea eta xehetasunak

Jarduera doakoa da, baina plaza mugatuak dituenez, aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Interesatuek maiatzaren 18a baino lehen eman behar dute izena bide hauetatik:

Elikadura Mahaia: bide bat tokiko sistema indartzeko

Ekimen hau Arrasateko Elikadura Mahaiak antolatu du, Txatxilipurdi, Ereindajan, Errastiko ogia eta Arrasateko Udalaren lankidetzarekin. Elikadura Mahaia 2025ean jarri zen abian, tokiko elikadura sistema jasangarri eta kalitatezkoa sustatzeko asmoz.

Sortu zenetik, hainbat fase igaro ditu: 2025eko otsailean formazio saioak egin ziren; ekainetik abendura bitartean mahaia aktibatzeko talde eragilea eta lantaldeak osatu ziren; eta 2026ko urtarrilean egonkortze faseari ekin zitzaion, estrategiak eta erronkak zehaztuz. Gaur egun, sektore anitzeko eragileek osatzen dute mahaia: Arrasateko Udala, Debagaraia Landa Garapen Elkartea, Ereindajan, Txatxilipurdi, herriko ekoizleak, hezkuntza sektorea, elikadura arloko zerbitzuak eta herritarrak.

Urtebeteko ibilbide emankorraren ondoren, Elikadura Mahaiak bere izaera, misioa eta etorkizuneko erronkak aurkeztuko ditu jendaurrean datorren ekainaren 5ean.