Arrasatek LGTBIQ+ Diagnostikoa aurkeztu du: ikusgarritasunaren eta inklusioaren aldeko pausoa

2025/06/16
Card image cap
Ekitaldia Divina Comedia drag arrasatearrak aurkeztu zuen, eta hitza hartu zuten Morborrek, Emakume Txokoak, Eiherak eta Arrasateko Udalak.

Egubakoitz arratsaldean, Arrasateko Kulturaten aurkeztu zen herriko lehen LGTBIQ+ diagnostikoa, Eihera kooperatibak egina eta Arrasateko Udalak sustatua. Ekitaldia diagnostikoan parte hartu duten herritarrak, udal ordezkariak eta hainbat eragile sozial elkartzeko gune bilakatu zen, eta bertan parte-hartzaileen testigantzak eta ondorio nagusiak partekatu ziren.


Ekitaldia Divina Comedia drag arrasatearrak aurkeztu zuen, eta hitza hartu zuten Morborretik Arkaitz Agirrezabal, Emakume Txokotik Amets Beltran de Guevara, Eihera kooperatibatik Kattalin Miner eta Iñi Etxezarretak eta Arrasateko Udaletik Eva Abuin, Feminismoak eta LGTBIQ+ zinegotziak.

Deskargatu diagnostikoaren dokumentua HEMEN

LGBTIQ5.jpg
Diagnostikoa: Arrasateko errealitatearen erradiografia bat


Diagnostikoaren bidez, Arrasateko LGTBIQ+ pertsonen bizipenak, erronkak eta ikusgarritasunaren gabeziak aztertu ziren. Lanak hainbat esparru jorratu ditu: hezkuntza, lan arloa, espazio publikoaren erabilera, jai eta kultura giroak, kirola, eta LGTBIQ+ saretzea eta antolakuntza. Ondorio nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Erreferenterik eza eta ikusgarritasun urria, bereziki gazteen artean.
  • Bizi-eredu normatiboaren presioa eta horrek dakarren "armairuan" bizitzeko joera.
  • Lagun sareek babesa eta sostengua eskaintzen dutela orokorrean.
  • Espazio publiko eta lan-giro seguruak eraikitzeko beharra.

88 pertsonek parte hartu dute

LGTBIQ2.jpg
Eiherak egindako diagnostikoak parte-hartze handia izan du: 88 pertsonak galdetegiak bete dituzte, 14 norbanakorekin elkarrizketak egin dira, eta udaleko arlo tekniko eta politikoekin, baita 14 eragile sozialekin ere lan saioak egin dira.


Ekintza planari ekiteko “itsasargiak”


Azken atalean, dokumentuak hainbat "itsasargi" edo proposamen estrategiko aurkezten ditu: espazio propio baten sorrera, hezkuntza-programazioaren berrikuspena, auzoetako ikusgarritasuna handitzeko ekintzak, eta aholkularitza zerbitzu espezializatu bat martxan jartzea, besteak beste.


Udal ordezkariek adierazi dute diagnostikoa abiapuntua dela, eta hurrengo hilabeteetan ekintza plana definituko dela, ikuspegi anitzetik eraikitako herri inklusiboago baterantz urratsak emateko.


Aurkezpena "Segi dezagun!" batekin amaitu zuten. “Hori da herri honek hartu duen konpromisoa: pausoak ematea, ikasi eta eraikitzea, eta LGTBIQ+ bizitzek Arrasaten tokia izan dezaten, armairurik gabe”.


Deskargatu diagnostikoaren dokumentua HEMEN

LGBTIQ3.jpg

LGBTIQ4.jpg