San Andreseko Gaztetxoko eraberrituak ateak zabaldu ditu ikasturte berriarekin batera

2026/09/11
Card image cap
Aurrerantzean Gaztetxokoa bere betiko lekura bueltatuko da, gune seguruagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa eskainiz. Udalak 176.159,68 euroko inbertsioa egin du eta agintaldi honetan erabat berritu den bigarren Gaztetxokoa da. Dagoeneko hasi dute ikasturte berria Arrasateko Ludoteka, Gaztetxoko eta Gaztelekuetan.

Arrasateko Udalak amaitu ditu San Andres auzoko Gaztetxokoa eraberritzeko obrak Kurtzetxiki plazako 2. zenbakiko lokalean, eta zerbitzua bere betiko kokalekura itzuli da ikasturte berriaren hasierarekin batera. Jarduketa honen helburu nagusia espazioa egokitzea eta bertako jarduera legeztatzea izan da, segurtasun, irisgarritasun eta erosotasun baldintzak nabarmen hobetuz.

Eraberritzeak 176.159,68 euroko aurrekontua izan du (BEZa barne) eta Zamakoa SA enpresak gauzatu ditu. Obrak iraun bitartean, zerbitzua ez da eten eta nerabeek Etxaluzen izan dute behin-behineko gunea.

Egungo beharretara egokitutako espazio seguruagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa

Egokitzapen lanen barruan, lokalaren barne-distribuzioa aldatu da eta akaberak zein instalazioak erabat berritu dira. Kanpoko arotzeria ere ordezkatu da isolamendu termikoa eta akustikoa hobetzeko, eta sarrerako zein komunetako koskak kendu dira irisgarritasuna bermatzeko. Horrez gain, perimetro osoan trasdosatua jarri da isolamenduarekin eta sabai akustiko aizuna instalatu da.

“Musakolakoarekin batera agintaldi honetan erabat eraberritu den bigarren Gaztetxokoa da San Andreskoa. Bi esku-hartzeen helburua nerabeen zein hezitzaileen beharretara egokitutako aisialdi eta heziketa zerbitzu hobea eskaintzea izan da” azaldu du Maider Morras alkateak.

Gaztetxokoak, gazteak subjektu aktibo izateko

Gladys Fernandez Urizar Belaunaldiartekotasun zinegotziak azaldu duenez, “aisialdi gune soil bat baino gehiago, Gaztetxokoak nerabeen garapen pertsonal zein kolektiborako hezkuntza ez-formaleko eta sozializaziorako espazioak dira. Udalaren ikuspegi politiko eta sozialetik, gazteak ez dira zerbitzuen hartzaile pasiboak, beren ingurunean eragiteko gaitasuna duten subjektu aktiboak baizik. Espazio seguru, ez-komertzial eta euskaldun hauetan, parte-hartzea, autonomia, elkarbizitza, auzoko sare komunitarioa, sormena eta pentsamendu kritikoa sustatzen dira, betiere berdintasuna eta inklusioa ardatz hartuta. Horrela, Gaztetxokoak auzoko komunitatea eraikitzeko, belaunaldien arteko loturak indartzeko eta gazteen ongizate emozional zein soziala aberasteko tresna gako bilakatzen dira, haien ahalduntzea, euskara eta herritartasun aktiboa erdigunean jarriz”.

Ikasturte berriaren hasiera Ludoteka, Gaztetxoko eta Gaztelekuetan

San Andreseko gune berrituaren irekierarekin batera, Arrasateko haur eta nerabeei zuzendutako kalitatezko aisialdi hezitzaileko eskaintza osoa jarriko da martxan:

  • Ludotekak (3-11 urte): Okendo, Santa Marina eta Usaetxeko ludotekak irailaren 7an irekiko dira, astelehenetik egubakoitzera (17:00-20:00). Matrikula DOAKOA da eta izen-emateak irailaren 1etik aurrera egin daitezke ludoteketan bertan edo online (arrasate.eus).
  • Gaztetxokoak (12-17 urte): Erguin, Musakola eta San Andresko guneak irailaren 8an zabalduko dira, martitzenetik egubakoitzera (17:00-20:00). Nerabe guztiak gonbidatuta daude San Andreseko instalazio berriak ezagutzera.
  • Gaztelekua (asteburuko aisialdia): Irailaren 11n irekiko da Nafarroa etorbideko tren geltoki zaharrean. Ordutegia honakoa izango da: egubakoitzetan 18:00-21:00, eta zapatu zein domeketan 17:00-21:00.

Informazio gehiago jasotzeko edo zalantzak argitzeko, Gazte Bulegora jo daiteke (943 25 20 65 / gaztebulegoa@arrasate.eus).