ARRASATEN TRIL aurkeztu dute Udalak eta hainbat eragilek: herriko Agenda Bateratua eta Herri APP berria
2025/12/16
Arrasateko Udalak Arrasaten TRIL proiektua aurkeztu du gaur: herriko eragile guztien jarduerak jasoko dituen Agenda Bateratua eta agenda hori barnebilduko duen Herri APP berria. Tresna berriek herritarren arteko konexioa indartu eta Arrasateren digitalizazioan urrats garrantzitsua ematea dute helburu.
Udalak azpimarratu du Arrasateko altxor nagusietako bat herriko eragileen lana dela: boluntariotzan oinarritutako jarduna, komunitatea ehuntzen duena. “Orain arte, ordea, jarduera horren informazioa sakabanatuta egon da askotan. Horri erantzuteko, eragileekin elkarlanean Agenda Bateratua sortu dugu, topagune eta erakusleiho komun gisa” azaldu du Maider Morras alkateak.
Proiektuak Arrasaten TRIL izena hartu du, Arrasaten urte luzez erabilitako hitza berreskuratuz. TRIL egitea ustekabean aurkitzea edo elkarrekin topo egitea da; ideia horri helduta, agenda berriak herritarren eta eragileen arteko sare sendoagoa sortzea du xede.
Agenda Bateratua: eragileen erakusleihoa
Agenda Bateratua eragileek beraiek elikatuko dute, bakoitzak bere jardueren berri emanez. Udalaren kultur eta bestelako ekitaldiak ere bertan jasoko dira, baina udalaz gaindiko proiektua da, herriko eragileen parte-hartze aktiboan oinarritua.
Hasiera batean kultur eragileekin jarri da martxan, baina aurrerantzean eragileen sarea zabaltzen joango da. Parte hartu nahi duten eragileek gaurtik bertatik egin dezakete eskaera.
Agenda bi plataformatan egongo da eskuragarri:
- Webgunea: arrasatentril.eus helbidean, ekitaldiak modu intuitiboan kontsultatzeko aukerarekin. Dataz, ekitaldi motaz (musika eta arte eszenikoak, erakusketak, kanpo jarduerak, zinea eta ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, formakuntza eta tailerrak, besteak) edo eragilez iragazi ahal izango da.
- Herri APP berria: agenda osoa biltzeaz gain, beste hainbat eduki eta zerbitzu eskainiko ditu.
Arrasate herri APP berria: informazioa eta zerbitzuak eskura
Aplikazioak lau atal nagusi izango ditu:
- Albisteak: Udalaren eta eragileen berriak.
- Agenda Bateratua – Arrasaten TRIL: webgunean agertzen diren ekitaldiak barnebilduko ditu.
- Bideoak: Udalaren eta eragileen edukiak.
- Zerbitzu eta tramiteetarako sarbide zuzenak: Udalarekin harremanetan jartzeko aukerak, tramiteak, gida turistikoa, parte-hartze prozesuak, garraio eta farmazien ordutegiak, Amaia Antzokiko sarrerak edo kiroldegiko webgunea, besteak beste.
Azken orduko arazo tekniko baten ondorioz, aplikazioa momentuz Android sisteman dago eskuragarri; datozen egunetan iOSen ere erabilgarri izatea aurreikusten da.
Deskargatu hemen: https://www.arrasate.eus/eu/besteak/app
Arrasateko Udalaren ustez, ate digital berri hau tresna estrategikoa da herriko bizitza soziala, kulturala eta komunitarioa indartzeko, eta herritarrei zein eragileei informazioa eta zerbitzuak modu erraz eta bateratuan eskaintzeko.
