Hondakinen Kanpainako lehiaketek badituzte aurtengo irabazleak

2026/06/17
Card image cap
Debagoieneko Mankomunitateak eta Udalako Ingurumen Eskolak urtero antolatzen dituzte lehiaketa hauek.

Hondakinen inguruko sentsibilizazio-kanpainaren barruan kokatzen dira lehiaketak eta Debagoieneko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek eta DBHko 1. mailakoek hartzen dute parte.

Lehen Hezkuntzako ikasleek mural lehiaketan parte hartu dute. "Nolakoa izango da gure herria 50 urte barru hondakinen ikuspegitik?" galderari erantzuna ematea izan dute erronka. Ikasleek etorkizuneko herriaren inguruko irudikapenak egin dituzte, hondakinen kudeaketa eta ingurumenaren zaintza ardatz hartuta.

Lehiaketako lehen saria Arrasateko Arizmendi Ikastolako Santa Teresa Guneko ikasle talde batek eskuratu du. Saridun bakoitzak ingurunea ezagutzeko eta aztertzeko materialez hornitutako motxila ekologiko bana jaso du, eta, gainera, gelarako ingurumen-gaiei buruzko liburu bilduma bat ere eman zaie.

Hondakinen kanpainako irabazlea

Bigarren saria, berriz, Eskoriatzako Ezeiza Herri Eskolako ikasleentzat izan da. Hauek ere motxila ekologikoak jaso dituzte sari gisa.

 

Luis Ezeizako ikasle sarituak  Luis Ezeizakoen lana

Bestalde, DBHko 1. mailako ikasleek lelo lehiaketan hartu dute parte. Kasu honetan, ikasgelaka sortu behar izan dute datorren ikasturteko hondakinen kanpainaren leloa. Aurtengo irabazlea Bergarako Aranzadi Ikastolako gela bat izan da, honako lelo hau proposatuta:

"Hondakinak gutxitu, mundua eta natura garbitu".

Lehiaketek ikasleen sormena eta ingurumenarekiko konpromisoa sustatzea dute helburu, eta aurten ere parte-hartzaileek lan bikaina egin dute hondakinen prebentzioaren eta ingurumenaren zaintzaren inguruko mezuak zabaltzen.