Bakardadearekin lotutako esperientziak ezagutzeko solasaldia otsailaren 23an Kulturaten: Nola abordatu bakardadea Debagoienetik?
2026/02/16
Bakardadea gizarte erronka nagusietako bat bihurtu da azken urteotan, pertsonen bizi-kalitatean, osasunean eta bizi-itxaropenean duen eraginagatik. Testuinguru horretan kokatzen da DEBAGOIENA EHUNTZEN: Bakardadearen korapiloa askatzeko sortutako proiektua, Debagoieneko udalerriek, Mankomunitateak eta Adinberri Fundazioa-k sustatutako Hariak Estrategia-ren I. Ekintza Planaren (2022–2027) baitan.
Proiektuaren xede nagusia da landa-eremu desberdinak dituen eskualde batean bakardadea jorratzeko ekosistema iraunkor bat eraikitzea. Horretarako, inguruneko eragileak dinamizatu eta koordinatuko dira, bakardade egoerak identifikatu, prebentzio-ekintzak sustatu eta dagoeneko martxan dauden baliabide eta zerbitzuak optimizatzeko. Era berean, garatutako eredua beste ingurune batzuetara eskalatzeko bokazioz sortu da, Gipuzkoako ekosistemarekin partekatzeko.
Esperientzia inspiragarriak Arrasaten
Debagoiena Ehuntzen egitasmoaren baitan, eskualde mailako hitzaldi zikloaren ondoren, beste udalerrietan martxan jarritako ekimenak ezagutzeko saioa antolatu da otsailaren 23an Kulturarteko Areto Nagusian.
Saioan, ekainean Arrasaten egindako bakardadearen inguruko solasaldiaren ondorio nagusiak partekatuko dira, eta bi esperientzia inspiragarri ezagutuko dira:
- Zumeak: Farapi Kooperatiba-ren eskutik aurkeztuko da. Donostiako Udalean garatutako proiektu honek argazkilaritza eta ikuspegi kritikoa uztartzen ditu, pertsonen bakardade-esperientziak eta harremanen inguruko bizipenak modu parte-hartzailean lantzeko, osasun positiboaren ikuspegitik.
- Radars: Ajuntament de Barcelona-k sustatutako proiektu komunitarioa. Auzoko sarean oinarrituta —bizilagunak, dendak, farmaziak eta boluntarioak—, adineko pertsonen nahi gabeko bakardadea detektatu eta laguntza-sare aktiboa eskaintzen du, telefono-dei periodikoen eta tokiko baliabideen bitartez.
Ez da izena eman beharko eta itzulpengintza zerbitzua izango da behar duenarentzat. Solasaldiaren ondoren luntxa izango da.
Data: 2026ko otsailaren 23a
Ordua: 18:00–19:30
Lekua: Kulturate (Areto Nagusia)
Helburua: Debagoienan ekintza berriak sustatzea
Otsailaren 23ko saioaren helburua ez da soilik beste herrietako esperientziak ezagutzea; baizik eta Debagoienean, eta zehazki Arrasaten, martxan jar daitezkeen ekimen eta proiektuen inguruko ideiak jasotzea eta partekatzea ere bada.
Eskualde ikuspegitik, indarrak batuz eta eskualde sena berreskuratuz, komunitate kohesionatuago eta konektatuago bat eraikitzea da xedea. Pertsonen arteko loturak sendotzea, harremanak, laguntza eta zaintza sustatzea, eta etorkizuneko erronka kolektiboei elkarlanean aurre egiteko oinarriak jartzea.