Arrasateko Udal Bibliotekak 9:00etan irekiko ditu ateak 2026tik aurrera, gaur egun baino ordubete lehenago

2025/12/16
Card image cap
Erabiltzaileen aspaldiko eskaerari erantzunez hartu da erabakia.

Arrasateko Udal Bibliotekak ordutegi berria estreinatuko du 2026an, erabiltzaileen aspaldiko eskaerari erantzunez. Aurrerantzean, astelehenetik ostiralera goizeko 9:00etan irekiko ditu ateak, orain arte baino ordubete lehenago, zerbitzua erabili nahi duten guztiei aukera gehiago eskainiz. Halaber, arratsaldeko ordutegia ere egokitu da, eta liburutegia 20:00etan itxiko da.

Ordutegi berri hau jasota dago Iratxe Lopez de Munain marrazkilariak diseinatutako 2026ko irakur puntu koloretsuan, eta Arrasateko Udal Bibliotekaren webgunean ere kontsulta daiteke.

Gomendio gida berria

Bestalde, urtero bezala, neguaren atarian, bailarako udal liburutegiek elkarlanean liburu gomendioen gida argitaratu dute. Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Legazpi eta Oñatiko liburutegien arteko lankidetzari esker osatutako gidak, aurten ere, Helena Azkarragaurizar marrazkilariaren diseinua du, eta itxura zaindu eta erraz identifikatzekoa da.

Gidak haur, gazte, zein helduentzako liburu eta filmen proposamenak biltzen ditu, adinaren arabera sailkatuta. Azken nobedadeak ardatz hartuta, guztira 50 aukera aurkezten dira, bailarako liburutegietan eskuragarri daudenak.

Neguko gidaren helburu nagusiak irakurzaletasuna piztu eta sustatzea dira, irakurketa orientatzeko tresna baliagarria eskaintzea, eta irakurleari, agian bere kabuz aurkituko ez lituzkeen, egile, genero edo testu mota berriak (poesia, saiakera, komikia, eleberri historikoa, eta abar) deskubritzen laguntzea.

Gida bailarako liburutegietan bertan eskuratu daiteke, eta baita online ere.