Etxezarretako parke berritua ezagutzeko aukera izango da maiatzaren 31n, herritar guztientzat antolatutako jaiarekin

2026/05/22
Card image cap
Etxezarreta parkeko lorategia berreskuratzeko lanak amaituta, goiz osoko egitaraua antolatu du Udalak, Txatxilipurdi elkartearekin elkarlanean, maiatzaren 31rako. Balio handiko parke eta lorategi botanikoa berreskuratu da, herritarrek erabiltzeko, aisialdirako naturgune berri bat sortuz.

Etxezarreta parkeko lorategi historikoa berreskuratzeko lanak abiatu zituen Udalak martxoan, eta dagoeneko lanak amaituta, aisialdirako egokitu den naturgune berria aurkezteko goiz osoko egitaraua antolatu dute maiatzaren 31rako. 

Udalaren helburua inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzea izan da, eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarri bat sortzea herritarrentzat.

Etxezarreta parkea, Deba ibaiaren meandro batean kokatuta dago eta XIX. mendeko lorategi baten aztarnak dituen espazioa da. Orain arte, egoera degradatuan egon den arren, izaera berezia eta zuhaitz erraldoi zaharren bilduma baliotsua gordetzen ditu (sekuoiak, zedroak, haginak, etab.), eta horiek berreskuratu eta ikustaraztea izan da proiektuaren ardatz nagusietako bat.

Maiatzak 31, igandea, parke berria ezagutu eta gozatzeko egitaraua

Goiz osoko egitaraua antolatu du Udalak maiatzaren 31rako, Txatxilipurdi elkartearen laguntza eta elkarlanarekin. Izan ere, parkea ezagutzeko aukera izateaz gain, Txatxilipurdik antolatutako Familian Jolasean ekimenarekin bat egingo du hitzorduak. 

Egitaraua:

  • 10:00etan: Etxezarretara ibilaldia familian Arruenatik, Txatxilipurdirekin batera.
  • 11:00etan: Bisita gidatu historikoa eta botanikoa, parke berria ezagutzeko.
  • 11:00etan: Umeentzako jolasak Txatxilipurdirekin.
  • 12:30etan: Arrasate Musikaleko Konboaren kontzertua.

Aisialdirako naturgune berria Etxezarretan

Berreskuratu den Etxezarretaren parke botanikoaren proiektuak herritarren aisialdirako naturgune berria sortzea izan du helburu. Honako esku-hartze hauek burutu dira:

  • Lorategi barneko bide sare natural berria, 416 metroko luzerakoa. Garai bateko bide sarea galduta bazegoen ere, puntu batzuetan berreskuratu eta berriak sortu dira.
  • Landarediaren lehengoratzea: berez sortutako begetazioa garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarri da. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatu dira (koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak, palmondoak, etab.), guztira 80 bat landaketa berri eginez.
  • Altzari berriak: Atsedenerako egurrezko eserleku berriak jarri dira, herritarrek naturaz goza dezaten, eta laister ezarriko dira seinaletika berriak eta informazio panelak.

Ondarea eta etorkizuna

“Etxezarreta parkeak Arrasatek duen altxor ezkutuetako bat izan da urte luzez. Orain, parke hau herritarren erabilerarako berreskuratu da, naturarekiko harremana, ondare botanikoa eta aisialdirako kalitatezko gunea uztartuz”, adierazi dute Udaletik. 

Obraren aurrekontua 114.407,99 eurokoa da (BEZ barne) eta Txukun Lorazantza S.L. enpresak egin ditu lanak.

IMG_5354.jpg